SASKIBALOIA

Ipar Euskal Herriko saskibaloi jokalari onenak, Euskal Star Game ekimenean

2021/12/31

Ostegun honetan, abenduaren 29an, Ipar Euskal Herriko hamaika taldetako jokalari hoberenak elkarren kontra aritu ziren Hazparnen, bertako saskibaloi taldekoek, AEBko All Star Game norgehiagoka eredutzat hartuta, antolaturiko Euskal Star Game izeneko ekimenean.

Ekimen honen helburua giro euskaldun eta goxo batean Iparraldeko saskibaloiaren familia handia batzea izan da eta bidenabar elkarren arteko harremanak sendotzea.

Badira bi urte, Landesetan, All Star Game txapelketaren gisako ekimen bat antolatzen dutela, baina orain arte formatu hori ez zen Ipar Euskal Herrira ailegatu. Orotara, Iparraldeko hamaika saskibaloi talde gonbidatuak izan dira Euskal Star Game-eko lehen edizio honetara: Hendaia, Donibane Lohizune, Urketa, Azkaine, Angelu, Baiona, Hazparne, Donapaleu, Gotaine, Biarritz eta Samatz.

Antolatzaileek, bi talde osatzea erabaki zuten, barnealdekoak eta kostaldekoak, lehiari desafio moduko baten forma emanda, hamaika taldeetako entrenatzaileek lau jokalari hautatu zituztelarik talde bakoitzetik, bi neska eta bi mutil.

Euskal Star Game gertakarian bi partida lehiatu ziren: lehena nesken artean arratsaldeko 19:00etan hasita eta bigarrena mutilen artean, 21.00etan.

Nesken norgehiagokan, kostaldekoek irabazi zuten, 49-48, eta jokalari hoberena Cyriane Glère angeluarra izan zen. Mutiletan berriz, barnekaldeko taldeak irabazi zuen, 82-81, eta jokalari hoberena Lucas Perez izan zen.

Guztira, 400 pertsona hurbildu ziren ekimenaz gozatzeko eta partidez gain, animazioak ere izan ziren protagonistak, Hazparne eta inguruko herrietako elkarte zein artisten eskutik.

Antolatzaileen asmoa da ekimen honi jarraipena ematea eta txapelketa hau urtero errepikatzea, saskibaloi talde bat duten herriek antolaketaren ardura txandaka bere gain hartzea espero delarik.