EUSKAL PILOTA/EUSKAL SELEKZIOA
Internazionala, Oiartzunen
Argazkiak: Emakume Pilotarien Elkartea
EPEko hiru kidek (Leire Galdos eta Miren Larrarte SuBerri klubetik eta Alaitz Badiola Plazaemakumeak klubetik) Internazionala modalitateko aukeraketa entrenamenduetan parte hartu dutenez, eta Uztailean Oiartzunen Euskal Selekzioa Valentziar Selekzioaren aurka jokatuko duen lehiaren ildotik, Emakume Pilotarien Elkarteak Internazionala modalitatea zer den ulertu ahal izateko azalpenak helarazi ditu berriki.
Izan ere, herrialde bakoitzean izen ezberdin batekin deitzen zaionez, elkar ulertze aldera “Internazionala” izena jarri zioten jokamolde honi. Euskal Herrian, esaterako, aldaera bat zuen: mahai jokoan aritzen ziren, alde bakoitzeko jokalari batek sakea mahaitxo baten gainean eginez abiarazten baitzuen jokua.
Modalitate hau joko zuzenekoa da: pilotariek aurkariaren joko-eremura bidali behar dute pilota, eta aurkariaren joko-eremuaren barruan egin behar du punpa. Lau jokalari dira alde bakoitzean, eta ezker pareta ez bezala (banakakoa edo binakakoa izan ohi dena) taldekako kirola da. Indarrak garrantzia du, noski, baina batez ere oso joku tekniko eta estrategikoa da. Erdian ez dago sarerik, nahiz eta joan-etorriko jokua den. Puntuaketa tenisaren antzekoa da, eta jokoa kintzetan banatzen da.
Pilota zuzenean datorrenez indar handiagoz etortzen da, eta zailagoa da kontrolatzea. Izan ere, ezker paretako modalitatean (gurean ohikoena) errebotez dator pilota eta, beraz, indarra eta abiadura galtzen du.
Esan bezala, Uztailean modalitate honetako topaketa egingo da Oiartzunen. Plaza librean, bote luzean, mahi jokoan eta pasakan arituko dira bi herrialdeetako pilotariak, uztailaren 3an eta 4an, Beheko Plazan eta Kontzejupean. Honakoa da egitaraua:
Larunbata, uztailak 3
- 10:30ean: Gizonen bote luze partida.
- 12:00etan: Emakumeen plaza libreko partida.
- 13:00etan: Gizonen plaza libreko partida.
- 17:00etan: Emakumeen mahi jokoko partida.
- 18:00etan: Gizonen mahi jokoko partida.
Igandea, uztailak 4
- 11:00etan: Emakumeen pasaka eskuz partida.
Valentziari esker ona erakutsi nahi izan dio Euskal Herriko selekzioak, ofizialtasunerako bidean egindako aurrerapausuengatik. Izan ere, CIJB munduko esku pilota elkarterik zaharrena da, eta Euskal Herria bertako partaide da. Espainia bezala jokatzen zutenak valentziarrak ziren, baina Valentziako jokalariek uko egin zioten Espainiaren ordezkari bezala jokatzeari. Horregatik, orain pilotari euskaldunek Euskal Herria ordezkatuz jokatzen dute, 2016az geroztik.
Manix Mandiola: “Euskal entrenatzaile batentzat Euskal Selekzioa entrenatzea ilusio handiena da”
Euskal Selekzioaren ofizialtasuna guztion ametsa dela nabarmendu du Mandiolak
Pala Ligaren bigarren eta hirugarren jardunaldiak jokatuko dira asteburuan
Ostiralean, azaroak 20, Fusto-Urrutia vs Necol-Gordon, eta igandean, azaroak 22, Necol-Gordon vs Garate-Ibai Pérez eta Fusto-Urrutia vs Ibarguren-Ibargaray
Larunbatean hasiko da 50. Binakako Erremonte Txapelketa Nagusia
Urriza-Labaka, Ansa II-Aizpuru III, Juanenea-Larrañaga, Goikoetxea V-Endika eta Segurola-Barrenetxea IV.a dira elkarren aurka arituko diren bikoteak