HERRI KIROLAK/HARRIA

Inhar Urruzuno, zortzigarrenez Bizkaiko Harri Txikien txapelduna

by | 2020/09/16

Argazkiakegursport.com

Inhar Urruzuno ondarrutarra, zortzigarrenez Bizkaiko txapeldun

 

Pasa den igandean, irailak 13, eguerdian Sopelako udaletxeko pareko plazan jokatu zen Bizkaiko Harri Txikien Txapelketa.

Inhar Urruzuno harrijasotzaile ondarrutarrak 70 (32+17+21) jasoaldi eginda, merezimendu osoz jantzi zuen txapela. Haren atzetik sailkatu ziren, hurrenez hurren, Jon Gisasola Zelai V.a 56 jasoaldirekin (23+13+20) eta Julio Jimenez 45 jasoaldirekin (20+11+14).

Aurkariak ondo aritu ziren txapelketan, baina Urruzunok maila bat gorago dagoela erakutsi zuen beste behin ere. Tinko eusten dio garaipenari Bizkaia mailan beraz, azken txapel honekin dagoeneko zortzi txapel jarraian etxeratu baititu. 2013an irabazi zuen aurreneko txapela, eta orduz geroztik, podiumaren gailurrean mantentzeko gai izan da.

Lan dotorea eta txukuna egin zuen, baina ez zen beste urte batzuetan moduko fin ibili plazan. Iazko emaitza eta aurtengoa alderatuz gero, alde handia dago, aurten iaz baino 11 jasoaldi gutxiago egin zituelarik.

Norgehiagokari dagokionez, Jon Gisasola Zelai V.aren eta Julio Jimenezen aurka neurtu behar izan zituen indarrak. 113 kiloko koparekin hasi, 113 kiloko laukizuzenarekin jarraitu eta 100 kiloko bolarekin hiru minutuko saioa egin behar izan zuten hirurek. Ohi modura, zozketak erabaki zuen harri jasotzaileek lanak egin beharreko txanda. Urruzunori azken txandan aritzea egokitu zitzaion, eta modu horretara, aurkarien erreferentziak jakinda ekin zion lanari.

Lehen harriarekin gogor jo zuen. 113 kiloko kopari 32 jasoaldi eman zizkion, eta horri esker aurkariekiko abantaila ederra lortu zuen. Zelai V.ak eta Julio Jimenezek baino 9 eta 12 jasoaldi gehiago lortu zituen, hurrenez hurren. Lehen harritik txapelketa ondo bideratuta utzi bazuen ere, hurrengo bi harrietan ere bere erritmoan kontzentratuta lanean jarraitu zuen.

Txapela etxeratu ostean jakinarazi duenez, aurten Euskal Herriko txapelketan ez parte hartzea erabaki du Urruzunok, momento honetan ez baitu bere burua duen onena emateko gai ikusten.

Urrezko Aizkolarien ekitaldia Abadiñon

Urrezko Aizkolarien ekitaldia Abadiñon

Txikia V. eta Mugerza irabazle binakako aizkoran, Nerea Sorondok bere hirugarren garaipena lortu zuen eta Magunazelaiak Julen Diazi irabazi zion harrijasotzean