HERRI KIROLAK/AIZKORA

Herri kirol jaialdia bihar eguerdian Abadiñon

by | 2020/02/02

Argazkiak: egursport.com

Hurrengo astelehean, herri kirol jaialdia izango da Abadiñoko probalekuan, 12:00tatik aurrera

Urrezko Aizkolarien Txapelketaren baitan, gizonezkoen binakakoa eta emakumezkoen banakakoa jokatzen ari dira urte hasieratik eta oraingoan beste jardunaldi bat lehiatuko da Abadiñon.

Aizkorari dagokionez, gizonezkoen Urrezko binakako txapelketaren bosgarren jardunaldia lehiatuko da astelehen eguerdian eta Iker Vicente- Jesus Maria Mujika arituko dira Ugaitz Mugertza eta Julen Alberdi Txikia IV.aren aurka. Bost modalitatetan egingo dute lana: 45 ontzako enborra erlojuaren aurka mozten, kanaerdikoa zutik mozten, 65 ontzakoa abiadurazko frogan mozten, 45 eta 54 ontzakoak etzanda jarrita moztea eta iraupenezko azken proban lau enbor 60 ontzako eta bi enbor 65 ontzako mozten.

Emakumezkoen aizkorari dagokionez, Banakako Txapelketako laugarren jardunaldia izango dugu ikusgai astelehenean, Nerea Sorondo Maika Ariztegiren aurka neurtuko dituelarik indarrak, 6 enbor-2 izakerako lanean.

Emakumezkoetan lau aizkolari ari dira lehian: Nerea Sorondo beratarra, Itxaso Onsalo aresoarra, Maika Ariztegi iturendarra eta Irati Astondoa bizkaitarra. Guztira hiru jardunaldi jokatu dituzte, eta horietan azkena, Aian lehiatutakoa izan zen, non Nerea Sorondok Irati Astondoari irabazi zion. Orain arte Urrezko Aizkolarien Banakako Txapelketan bi jardunaldi jokatu ditu Nerea Sorondo beratarrak eta bietan nagusitu da.

Gizonezkoetan, bi saio jokatu zituzten pasa den asteburuan eta emakumezkoetan, Urrezko Aizkolarien Banakako Txapelketan, bakarra. Binakako lehian, Aian jokatutako hirugarren jardunaldian, Ugaitz Mugertza II.a eta Julen Alberdi Txikia IV.a Rubel Saralegi leitzarrari eta Eneko Otañori gailendu zitzaizkien, eta Iraetan egindako laugarren jardunaldian, Iker Vicente eta Jesus Mª Mujika nagusitu ziren Mikel Larrañaga eta Jon Rekondo leitzarraren aurka.

Bestalde, Urrezko Harrijasotze Txapelketa ere izango dugu Abadiñon, Urdaz Magunazelaia eta Julen Diaz arituko direlarik nor baino nor. Erabiliko dituzten harriak hurrengoak:175 kiloko laukizuzena, 150 kiloko kubikoa eta 125 kiloko bola.

Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketa:

Urrezko Aizkolarien Binakako Txapelketaren edizio honetan lau bikote izango dira lehian: Vicente-Mujika, Mugertza II.a-Txikia IV.a, R. Saralegi- Otaño eta Rekondo-Larrañaga.

Lehen fasean denek denen aurka jokatuko dute. Ondoren izango dira kanporaketak. Hasierako fasean bost lan dituzte: erlojuaren aurka bi enbor 45 ontzakoak, zutik kana-erdikoa txanda librean. Abiadurakoa, 65 ontzako enbor bat bikote bakoitzak, zutik/etzanda bat 45 ontzakoa eta bestea kana-erdikoa –bikotekideek bana–, eta azken proba 60 ontzako lau enbor eta bi 65ekoak txanda librean.

Hurrengo jardunaldiak:

Hurrengo jardunaldia otsailaren 5ean izango da Beasainen, Rekondo eta Larrañaga, Saralegiren eta Otañoren aurka arituko direlarik, honela lehen faseari amaiera emanez. Ligaxkako hirugarren eta laugarren sailkatuak otsailaren 16an Oñatin lehiatuko dira, eta horko irabazlea, ligaxkako aurreneko bi sailkatuekin finala jokatuko du Azpeitian, martxoaren 9an.

Share This