EUSKAL PILOTA
Indarberrituta eta berrikuntzaz josia dator aurtengo Plazandreak
Argazkiak: emakumemastercup.eus
Iazko arrakastaren bidetik, indarberrituta eta berrikuntza interesgarriekin dator aurtengo Plazandreak, LABORAL KUTXAren emakumezkoen udako pilota txapelketa. Gaur arratsaldean egin da, lehiaketa hartuko duen Zornotzako pilotaleku eraberrituan –kantxako paretak beltzez margotu dituzte eta txapelketa honekin inauguratuko da– saioaren aurkezpena, parte hartuko duten pilotari eta entrenatzaileez gain, LABORAL KUTXAko ordezkari den Ainara Gerrikaetxeberria eta EITB-ko kirol arduraduna den Joseba Urkiola bertan zirela.
Muinean, lehiaketak iazko bideari jarraituko dio, hau da, taldeen arteko lehiaketa bat izango da eta jardunaldi bakoitzean hiru partida jokatuko dira, banaka Lau eta Erdian, binaka eta beste bat banaka kaiolaren barruan. Baina esan bezala, saioak orekatuagoak eta erakargarriagoak izan daitezen, zenbait berrikuntza sartu dituzte antolatzaileek.
Esaterako aurten hiru talde arituko dira, Erlantz Garcia, Mikel Inuntziaga eta Reyes Azkoitiak zuzenduko dituztenak eta hiru aditu hauen lanak garrantzi berezi bat hartuko du, hauen estrategiak erabakigarriak izango direlako. Izan ere, aurten banakako lehen partida jokatzen duen pilotariak ezin izango du bigarren buruz burukoan errepikatu, binakakoan aritzea izango du, eta horrek beste saltsa bat emango die jardunaldiei.
Gainera, finalerako sailkatzeko talde bakoitzak irabazitako partidak hartuko dira kontuan eta hori dela eta partida guztietan euren onena eman beharko dute pilotariek, finalerako txartela puntu bakarraren baita egon ahal da eta.
Lehiaketa ekainaren 21etik abuztuaren 2ra luzatuko da, hau da, sei jardunaldi eta finala izango ditu eta denak Zornotzan jokatuko dira, finala barne. Printzipioz, ligaxka ateak itxita jokatuko da eta osasun egoerak hala utziko balu, finala publikoarekin jokatzea da asmoa.
Parte hartzaileei dagokionez, esperientzia eta gaztetasuna uztartuko dituen txapelketa izango da aurtengoa, hau da, momentuko pilotaririk onenek etorkizunean izar izango diren horiekin osatuko dituzte taldeak. Esaterako, iazko protagonista nagusiak izan ziren Olatz Arrizabalaga –jokatutako buruz buruko partida guztiak irabazi zituen– eta Nora Mendizabal bertan izango dira eta gazteen artean azkenaldian zeresan ugari ematen ari den Andrea Capellan, Miguel Capellan pilotari profesionala izan zenaren alaba.
Eskaintza oparoa da, freskoa eta kalitatezkoa, aurtengo udako astelehen gauetarako. Saio berezia eta emakumeen esku pilotari indarra emango dioena.
Binakako Erremonte Txapelketaren hirugarren jardunaldia jokatu da
Juanenea-Larrañagak erreakzionatu dute eta Ansak eta Aizpuruk galdu gabe jarraitzen dute
Beaskoetxea eta Del Rio, Donostia Gran Slam-eko txapeldunak
Finalean, Hormaetxea eta Manzisidorri 15-9 eta 15-12 irabazita
Donostiako Grand Slam zesta-punta txapelketako finalerdiak jokatu dira
Finalerdien irabazleek, Beaskoetxea-Del Rio eta Hormaetxea-Mancisidor, txapelketako finala jokatuko dute abenduaren 4an, 18:00tatik aurrera