HERRI KIROLAK/HARRIA
Inaxio Perurena eta Joseba Ostolaza 200 kiloko harri errektangularrarekin lehiatuko dira
Argazkia: ataria.eus
Goenatxo I.aren omenaldia gogoan, aparteko txapelketa izango dugu Asteasun abenduaren 22an.
Harri Handien Euskal Herriko Txapelketa pasa ostean, Asteasuko pilotalekuan, 200 kiloko harri errektangularrarekin norgehiagoka jokatuko da, 12:00etan hasita.
Ezin da ukatu txapelketa zeharo berezia izango dela honakoa, batetik duela ia 30 urte jokatu zen txapelketa bat eredu hartzea delako xedea, eta bestetik partehartzaileen izenagatik.
Joxe Anjel Sarasolak herri kirol munduan zalaparta sortuko duen albistea eman du Ataria Irratiko Desafioa herri kirol saioan. Baieztatu duenez, besteak beste Inaxio Perurena eta Joseba Ostolaza Asteasuko txapelketa horretan izango dira.
Ataria Irratiko Desafioa saioko audioa entzungai:
Berreskuratu nahi den txapelketa hura Goenatxo I.aren omenaldia izan zen, duela 29 urte eta erdiko kontua, orduko hartan 200 kiloko errektangularrarekin txapelketa jokatu zelarik. Geroztik eta gaurdaino ez da horrelakorik berriro jokatu. 15 edo 16 harri jasotzaile aritu ziren lanean, tartean 16 urte zituen Joseba Ostolaza eta Inaxio Perurenaren aita.
Txapelketa Goenatxo II.ak irabazi zuen, Saralegirekin berdinduta, hiru minutuko txanda bakoitzean 11 jasoaldi egin ondoren. Iñaki Perurena eta Gibitegi geratu ziren jarraian. Hauek 19 jasoaldi lortu zituzten, 10 eta 9ko txandekin.
Asteasun, abenduaren 22an, orduko arau berdinak jarriko dituzte: hiru minutuko bi txanda izango ditu harri jasotzaile bakoitzak. Jasoaldi gehien lortzen dituena izango da txapelduna.
"Herri kirol munduan zalaparta sortuko duen albistea":https://t.co/uoiasO4ItC
— Tolosaldeko Ataria (@tolosaldeataria) December 4, 2019
Parte hartzaileak honakoak izango dira beraz:
-Joseba Ostolaza, Goenatxo I.aren omenaldi hartan egon zen harri jasotzaile bakarrak esfortzu handia egin nahi izan du eta txapelketan egongo da.
-Inaxio Perurena. Herri kirol munduan zalaparta sortu du Perurenaren partehartzeak. Bere lehen txapelketa izango da.
-Euskal Herriko txapelketako harrijasotzaile onenak egongo dira noski: Aimar Irigoien, Jokin Eizmendi, Julen Diaz, Xabier Aranburu, Aimar Galarraga, Xabier Peñagarikano eta Iñigo Eizagirre.
-Gorka Etxeberria Oriotarra, Imanol Illarramendi, Kortaberri eta Goenatxo III.a eta Martin Mendizabal herri kirolzale amorratua ere Asteasun egongo dira 200 kiloko harriarekin borrokatzeko asmoz.
Juan José Unanue Aranbarri Goenatxo II, Jesús María Unanue Aranbarri Goenatxo eta Aranbarri Zubizarreta Suzuku
Argazkia: ondarebideak.eus
Hastear da Emakumezkoen IV. Eskupilota Bizkaia Txapelketa
Txapelketa martxoaren 18tik apirilaren 22ra bitartean jokatuko da Bizkaiko hiru pilotalekutan
Goikoetxeak eta Aldazabalek finalerako txartela lortu dute
Jean Olharan eta Nicolas Etcheto mendean hartuta (15-10, 8-15 eta 5-2)
Aldai-Capellan eta Arrizabalaga-Gaminde bikoteek jokatuko dute Binakako finala
Promozio mailan, Ainhoa Romero-Irati Zabala zein Nagore eta Leire Galeano ahizpak izango dira aurrez aurre finalean