EUSKAL PILOTA

Aldai-Capellan eta Arrizabalaga-Gaminde bikoteek jokatuko dute Binakako finala

by | 2022/03/14

Faborito nagusiak ziren txapelketa hasi zenetik, eta ez zuten hutsik egin, azkenean Amaia Aldai-Andrea Capella eta Olatz Agirrezabala-Enara Gaminde bikoteek martxoaren 27an jokatuko dutelarik LABORAL KUTXA Masterreko binakako pilota mistoko final handia.

Lezon jokatutako finalaurrekoetan, Aldaik eta Capellanek irabazi egin zioten Berrocal-Erasun bikoteari (22-12) eta Arrizabalagak eta Garmindek mendean hartu zituzten Garai eta Mendiburu (22-10).

Azken emaitzek bestelakorik iradoki dezaketen arren, Maddi Barrokal-Itxaso Erasun eta Leire Garai-Ane Mendiburu aurkari oso duinak izan ziren eta etorkizun oparoa dutela baieztatu zuten, Koldobike Gezala pilotalekua bete zuten zaleen gozamenerako.

Aurtengo finalak aurrekari bat du, otsailaren 6an bi bikote hauek Eibarko Astelenan neurtu baitziren. Orduko hartan, Arrizabalaga-Gamindek 22-16 irabazi zuten, baina garrantzitsuena da sekulako ikuskizuna eskaini zutela eta finalean errepikatzeko prest daudela.

Lehenengo finalaurrean Maddi Barrokal eta Itxaso Erasun 22-12 mendean hartuta, Amaia Aldaik eta Andrea Capellanek 15 egun barru, Logroñoko sanmateoetan elkarrekin lortu ezin izan zuten txapela eskuratzeko aukera izango dute Irunen.

Hori bai, partida lehiatua izan zen, batez ere lehen zatian, bikote gipuzkoarrak gauzak zail jarri baitzizkien. Lehen zati horretan urdinak aurretik joan ziren markagailuan, batez ere atzelariak egindako lan onari esker. Zizurkildarra txapelketako ezusteko pozgarrienetariko bat izan da, eta oso ondo eutsi zien aurkariei.

Lehen fase horretan lau berdinketa egon ziren markagailuan baina hortik aurrera Amaia Aldairen jokoa nabarmen nagusitu zen. Dimoztarra erasoko pilotaria da eta, saketik hasita, – lau tanto egin zituen lehen pilotakadarekin – erritmo handia sartu zion partiduari, aurkariek jarraitu ezin izan zutena. Airez sartuz, eta batez ere txokoan egindako dejadekin, min handia egin zien eta garaipenak ez zien ihes egin.

Bigarren finalaurrekoak alderantzizko garapena izan zuela esan genezake, izan ere, lehen zatian partida hautsi ondoren, Olatz Arrizabalagak eta Enara Gamindek izerdia bota behar izan zuten Leire Garai eta Ane Mendibururi irabazteko. Gernikakoa eta Laukizkoa dira txapela irabazteko hautagai nagusiak, eta berehala 8-0 aurreratu ziren.

Arrizabalagaren trebetasuna aspalditik ezaguna da aurreko koadroetan, baina txapelketa honetan, Enara Gaminde atzelaria du lagun, eta, gaztea izan arren, erreferentzia bihurtu da koadro luzeetan. Pilota bi eskuekin mugitzen du eta tantoa bukatzen ere badakiela erakutsi du. Horrela, Garai eta Mendibururen abiatze hotzari etekina aterata, hasierako alde hori kudeatzen asmatu zuten, hartara finalerako txartela eskuratu zutelarik. Hori bai, gasteiztarrak eta Uhartekoak ez zuten horrelako aukera bat besterik gabe pasatzen utzi izan nahi eta euren dohaiak ere erakutsi zituzten, azken txanpan markagailua txukundu zutelarik.

Arratsaldean, promozio mailako pilota mistoko finalerdiak ere jokatu ziren, eta Ainhoa Romero-Irati Zabala zein Nagore eta Leire Galeano ahizpak izango dira aurrez aurre Gabiriako finalean, Miren Gisasola-Olatz Insausti (18-2) eta Olatz Beitia -Janire Arrizabalaga (18-6) bikoteen aurka irabazi ondoren.

EMAITZAK

Elite mailako pilota mistoko lehen finalerdia:

Amaia Aldai-Andrea Capellan 22
Maddi Barrokal-Itsaso Erasun 12

Elite mailako pilota mistoko bigarren finalerdia:

Leire Garai – Ane Mendiburu 10
Olatz Arrizabalaga – Enara Gaminde 22

Promozio mailako pilota mistoko lehen finalerdia:

Ainhoa Romero-Irati Zabala 18
Miren Gisasola-Olatz Insausti 2

Promozio mailako pilota mistoko bigarren finalerdia:

Nagore Galeano-Leire Galeano 18
Olatz beitia-Janire Arrizabalaga 6

Eskuz binakako Master Laboral Kutxa txapelketa

Laboral Kutxa Masterreko Binakako txapelketaren VI. edizioan 42 bikote arituko dira lehian, 30 pilota goxoarekin eta 12 mistoarekin. Azken urteetan egin den bezala, txapelketa bi maila nagusitan banatuko da erabili beharreko materialaren arabera: pilota goxua eta pilota mistoa. Eta horien barruan beste bi talde: gazte eta senior mailak pilota goxuan eta promozio eta elite mailak mistoan. Ohi bezala, bikote gehienak pilota goxoarekin arituko dira, 30 bikote, eta 12 pilota mistoarekin

Jaialdirik gehienak Gipuzkoan jokatuko dira: Txorierritik abiatuta, Gabiria, Elduain, Ormaiztegi, Segura, Asteasu, Legazpi, Lezo –bertan jokatuko dira finalerdiak- eta Irun bisitatuko ditu aurtengo Master Laboral Kutxako edizioak,  txapelak martxoaren 27an Irungo Uranzu pilotalekuan hirugarren urtez jarraian egingo den final nagusian banatuko direlarik.

Share This