HERRI KIROLAK/AIZKORA
Iker Vicentek irabazi du Nafarroako aizkora txapelketa
Iker Vicentek irabazi du seigarren aldiz segidan Nafarroako aizkora txapelketa
Pasa den igandean, abenduak 6, lehiatu zen Nafarroako Aizkora Txapelketa Doneztebeko Ezkurra pilotalekuan, goizeko 12:00tan hasita eta ikuslerik gabe (zuzenean emititu zen Federazioaren Youtube kanalaren bidez).
Iker Vicente (Otsagabia), Jon Rekondo (Leitza), Eneko Saralegi (Leitza), Oier Kañamares (Aroztegi) eta Julen Kañamares (Ruben Saralegiren lekua hartu zuen, honek azken orduan baja aurkeztu eta gero) aritu ziren nor baino nor gehiago txapela etxeratu nahian. Egin beharreko lanak honakoak: lau kanaerdiko, lau 60 ontzako eta bi oinbiko ahalik eta azkarren moztea.
Oraingoan ere, 23 urte dituen Iker Vicentek erabateko nagusitasuna erakutsi zuen eta seigarren aldiz jarraian irabazi zuen Nafarroako aizkora txapelketa, bere lana 30 minutu eta 44 segundotan amaituta. Jon Rekondo txapeldunordea hiru minutu eta hamasei segundora sailkatu zen eta Oier Kañamaresek osatu zuen podiuma. Atzetik, Eneko Saralegi eta Julen Kañamares sailkatu ziren, laugarren eta bosgarren postuan, hurrenez hurren.
Hasieratik jarri zen buruan Vicente, lehenengo enborra mozterako jadanik 17 segundoko aldea baitzuen eta bigarren kanaerdikoa ebakitzen amaitzerakoan berriz, 55 segundokoa, handik aurrera nagusitasunez joan zelarik aurkariekiko tartea haunditzen.
Aurten lorturiko seigarren txapel honekin, Iker Vicente laugarren postuan jarraitzen du txapelketaren sailkapen historikoan: lehenengo postuan Miel Mindegia dago hamar txapelekin, bigarren Floren Nazabal bederatzirekin eta hirugarren Donato Larretxea zortzirekin.
Nafarroako Lehen Mailako Aizkora Txapelketaren sailkapena
Iker Vicente Saralegi 30′ 44″
Jon Rekondo Salaberri 34′ 01″
Oier Kañamares Ibarra 39′ 04″
Julen Kañamares Mugertza 39′ 14″
Eneko Saralegi Martikorena 45′ 01″
Nafarroako Aizkora Txapelkeraren finalarekin batera, Nafarroako emakumezkoen arpana txapelketa ere jokatu zen Donezteben. Iraizoz ahizpak eta Alaitz Olano eta Olatz Altuna lehiatu ziren.
Denborak:
Ainhoa Irazoiz Cires eta Maria Irazoiz Cires 5′ 30″
Alaitz Olano Sotil eta Olatz Altuna Gaztelumendi 6′ 13″
Beti Gazte talde lesakarraren garaipen boladak ez du etenik
Gizonezkoen 680 eta 640 kilotako kategorietan zein emakumezkoen 540koan jantzi ditu Euskal Herriko txapelak
Abian da Goma gaineko Euskal Herriko Sokatira Txapelketa
Larunbat honetan hasita, Getxon jokatuko dituzte zazpi kategorietako txapelak martxoko asteburu guztietan
Beti Gazte txapeldun Nafarroako sokatira txapelketa mistoan
Lesakako zortzikotea nagusitasunez gailendu zitzaien Txantrea, Antsoain eta Berriozarri