HERRI KIROLAK/AIZKORA
Iker Vicente eta Karmele Gisasola, Sherpa.ai Aizkolari Txapelketako garaile
Pasa den igandean jokatu zen Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiko finala Bilboko Bilbao Arenan, bertan 3.000 lagun bildu zirelarik finala bertatik bertara jarraitzeko.
Iker Vicente eta Karmele Gisasola ziren faborito nagusiak eta biak aise nagusitu zitzaizkien aurkariei, hartara Vicentek iazko garaipena errepikatu duelarik, eta Gisasola berriz emakumeen aurreneko lehiaketan nagusitu delarik.
Gizonezkoen kasuan, txanda bakarrean sei finalistek hamabi enbor moztu behar izan zituzten: 54 ontzako lau, 60 ontzako lau eta 72 ontzako beste lau. Iker Vicente hasieratik nagusitu zen lehen enborretik alde haundiak hartuta, azkenean 39 minutu eta 37 segundu behar izan zituelarik lanak bukatzeko, honenbestez Otsagabiakoak bere hirugarren txapela jantzi duelarik.
Mikel Larrañaga sailkatu zen bigarren (41:57) eta Eneko Otaño hirugarren (43:14), iazko podiuma errepikatuz. Atzetik sailkatu ziren Aitzol Atutxa (44:32), Julen Alberdi Txikia IVa (45:53) eta Jon Irazu (54:15).
Emakumezkoetan berriz, hiru aizkolari aritu ziren lehian finalean: Karmele Gisasola Zelai III.a, Uxue Ansorregi eta Maika Ariztegi. Azkenean, Sherpa.ai txapelketaren historiako lehen txapela Karmele Gisasolarentzat izan zen, mallabitarrak oso final orekatua lehiatuta lortu zuelarik garaipena eskuratzea, 11:48ko denbora eginda. Minutu eta 15 segundutako aldea atera zion bigarren sailkaturiko Uxue Ansorregi (13.03) mendaroarrari eta 3 minutu eta 26 segundutako aldea Maika Ariztegiri (15.24).
Gizonezkoen sailkapena:
1- Iker Vicente: 39.37
2- Mikel Larrañaga: 41.47
3- Eneko Otaño: 43.14
4- Aitzol Atutxa “Atutxa III.a”: 44.32
5- Julen Alberdi “Txikia IV.a”: 45.53
6- Jon Irazu: 54.15
Emakumezkoen sailkapena:
1- Karmele Gisasola “Zelai III.a”: 11.48
2- Uxue Ansorregi: 13.03
3- Maika Ariztegi: 15.24.
Urrezko Aizkolarien Kopako jardunaldia lehiatu da Burgelun
Xabier Zalduak eskuratu zuen hurrengo kanporaketarako txartela, finalean hiru kanaerdikoak mozten azkarrena izan ondoren
Bizkaiko Binakako aizkora eta taldekako harrizulatzaile txapelketak Basaurin
Aitzol Atutxa eta Unai Aldape binakako aizkora txapelketan eta Burdin Gazteak, taldekako harrizulatzaile txapelketan, Bizkaiko txapeldun berriak
Binakako harri-jasotze txapelketako jardunaldiak jokatu dira Araban
Hirugarren eta laugarren jardunaldiak jokatu zituzten asteburuan , larunbat arratsaldean Agurainen eta igande eguerdian Aramaion