HERRI KIROLAK
III. Euskal Pentatloi Sariaren sailkapen fasea lehiatu zen Azpeitian
Baditu finalistak III. Euskal Pentatloi Sariak: Xabier Zaldua, Julen Gabirondo, Xabier Orbegozo Arria V.a, Kepa Peñagarikano, Iñaki Errazkin eta Julen Kañamares. Sei sailkatuek hilaren 26an jokatuko dute final handia, toki berean.
Pasa den larunbatean jokatu zen III. Euskal Pentatloi probaren finalaurrekoa Azpeitiko zezen plazan, 18:00etan hasita. COVID19 gaitzari aurre egiteko beharrezko neurri guztiak hartuta antolatu zuten jaialdia (sarrera gutxiago jarri zituzten salgai, eta elkarren arteko tartea zainduta eseri behar izan zuten ikusleak).
Ehunka ikusleren begiradapean eta animo artean aritu ziren nor baino nor gehiago finalaurrekoa jokatu zuten hamabost kirolariak: Kepa Peñagarikano azpeitiarra, Xabier Orbegozo Arria V.a errezildarra, Joxean Olaskoaga Aizperro oriotarra, Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a aiarra, Jagoba Otaegi aizarnarra, Beñat Amade algortarra, Ousmane Drame barakaldarra, Iñaki Errazkin tolosarra, Aratz Mugertza mutrikuarra, Jon Gisasola Zelai V.a mallabiarra, Daniel España segoviarra, Julen Kañamares arostegiarra, Julen Gabirondo urnietarra, Unai Ardeo getxotarra eta Xabier Zaldua zumarragarra —aurreko bi urteetako irabazlea—. Luis Txapartegi aizarnarra ere parte hartzekoa zen berez, baina lesio bat tarteko, ezin izan du.
Parte hartzaileek egin behar izan zituzten lanak honakoak izan ziren, hurrenez hurren:
- Harria altxa: Hamar jasoaldi 100 Kg.ko harriari.
- Giza proba: Bosnaka, plaza bat 400 kiloko harriarekin.
- Aizkora: Kanaerdiko bat, eta 45 ontzako enborra.
- Txingak: Hiru plaza, 50 kiloko bi txingarekin.
- Lasterka: Hamar plaza.
Bost txandetan jokatu zuten proba. Aurreneko txandan Izeta VI.ak, Zalduak eta Dramek neurtu zituzten indarrak: Zaldua izan zen irabazlea, txandako bigarrenari, Izeta VI.ari, hiru minutuko aldea aterata. Bigarren txanda Peñagarikañok, Aizperrok eta Zelai V.ak jokatu zuten, eta hor ere Peñagarikanok erraz gainditu zituen beste biak. Hirugarren txandan Errazkin, Amade eta Mugertza aritu ziren: Errazkinek ia bi minutuko aldea atera zion bigarrenari (Mugertza). Laugarrengoan, Arria V.a, España eta Kañamares lehiatu ziren, lanak amaitzen aurrenekoa Arriak V.a izan zelarik. Bosgarren eta azken txandan aldiz, Gabirondo, Otaegi eta Ardeo aritu ziren eta urnietarra nagusitu zen, bidenabar finalaurreko bigarren denbora onena lortuta.
Lan guztiak amaituta beraz, Zaldua, Gabirondo, Arria V.a, Peñagarikano, Errazkin eta Kañamares sailkatu ziren Pentatloiaren final handira:
Finalera sailkatutakoen denborak
- Xabier Zaldua 12:50
- Julen Gabirondo 14:04
- Xabier Orbegozo Arria V.a 14:24
- Kepa Peñagarikano 14:24
- Iñaki Errazkin 14:40
- Julen Kañamares 15:40
Irailaren 26ean, larunbatez, jokatuko dute beraz III. Euskal Pentatloi Sariaren finala Azpeitiko zezen plazan. Hitzordu horretan proba gogorragoak egin beharko dituzte kirolariek. Izan ere, 100 kiloko harriari hogei jasoaldi egin, 400 kiloko harriarekin bi plaza osatu, hiru kanaerdiko ebaki, 50 kiloko bi txingarekin sei plaza egin eta korrika hiru kilometro osatu beharko dituzte.Iazko edizioa
Euskal Pentatloi Txapelketaren finalean sei kirolari aritu ziren nor baino nor gehiago: Joseba Otaegi zizurkildarra, Xabier Orbegozo Arria V.a Ibarran bizi den errezildarra, Xabier Zaldua zumarragarra, Luis Txapartegi aizarnarra, Aratz Mugertza mutrikuarra eta Joxean Olaskoaga Aizperro oriotarra. 2018ko txapelduna izan zen ere urte bat geroago lehaitutako probaren irabazlea: Zaldua, hain zuzen ere.
Guztiek lan berak egin behar izan zituzten: 100 kiloko harriari hogeita bost jasoaldi eman, 400 kiloko harriarekin bi plaza egin, hiru kanaerdiko ebaki, 50 kiloko bi txingarekin sei plaza egin eta hiru kilometro korrika aritu–zezen plazari 30 buelta–.
Hona hemen kirolariek lortutako denborak:
1. Xabier Zaldua: 38:30
2. Joseba Otaegi: 39:01 (+0:31)
3. Arria V.a: 39.54: (+1:24)
4. Luis Txapartegi: 41:40 (+3:10)
5. Aratza Mugertza: 43:03 (+4:33)
6. Aizperro: 45:28 (+6:58)
2021eko Getxoko lurreko Sokatira Mundialaren Txapelketa
Irailaren 15etik 19ra izango da, eta kluben lehiaz aparte, herrialdeen arteko txapelketan parte hartuko du Euskal Herriko selekzioak
Inhar Urruzuno, zortzigarrenez Bizkaiko Harri Txikien txapelduna
Urruzunok 70 (32+17+21) jasoaldi egin zituen, Jon Gisasola Zelai V.ak 56 (23+13+20) eta Julio Jimenezek 45 (20+11+14)
Goiherrik irabazi du Euskadiko Sokatirako Txapelketa 560 kilotan
Bost mailetan jokatu da Euskadiko Txapelketa, eta horietariko lau kategorietan lortu du garaipena Goiherrik: 680, 640, 600 eta 560 kilotan