HERRI KIROLAK
III. Euskal Pentatloi Saria Azpeitian jokatuko dute datorren larunbatean
Hamasei kirolarik neurtuko dituzte indarrak irailaren 5ean Azpeitiko Zezen Plazan, guztira bost proba egin beharko dituztelarik
Hitzordu garrantzitsua izango dute hainbat kirolarik datorren irailaren 5ean, zapatua, Azpeitiko Zezen Plazan. Izan ere, bertan jokatuko da III. Euskal Pentatloi Saria, 18:00etan hasita. Guztira, hamasei kirolari arituko dira nor baino nor gehiago lehian, eta bost proba egin beharko dituzte. Alde batetik, 100 kiloko bolari hamar jasoaldi egin beharko dizkiote; giza-proban plaza bat egin beharko dute; aizkoran, 54 eta 45 hontzako egur bana moztu beharko dute; txingekin hiru plaza egin beharko dituzte, eta korrikan, berriz, kilometro bat.
Larunbateko lehia honetan, Euskal Pentatloiaren finalerako sei txartelak jokoan izango dira, finala ere Azpeitian jokatuko delarik, hil honen 26an.
Pentatloia egingo duten kirolariak honakoak dira: Kepa Peñagarikano, Luis Txapartegi, Xabier Zaldua, Beñat Amade, Joxean Olaskoaga Aizperro, Andoni Izeta VI, Xabier Arria V, Ousmane Drame, Iñaki Errazkin, Aratz Mugerza, Jon Zelai V, Daniel España, Julen Kañamares, Julen Gabirondo, Jagoba Otaegi eta Unai Ardeo.
Antolakuntzak bost txandetan banatu ditu parte hartzaileak:
1.TXANDA: Xabier Zaldua, Izeta VI.a eta Oussman Drame
2.TXANDA: Kepa Peñagarikano, Aizperro eta Jon Zelai V.a
3.TXANDA: Beñat Amade, Iñaki Errazkin eta Aratz Mugertza
4.TXANDA: Arria V.a, Daniel España eta Julen Kañamares
5.TXANDA: Julen Gabirondo, Jagoba Otaegi eta Unai Ardeo
Iazko edizioa
Euskal Pentatloi Txapelketaren finalean sei kirolari aritu ziren nor baino nor gehiago: Joseba Otaegi zizurkildarra, Xabier Orbegozo Arria V.a Ibarran bizi den errezildarra, Xabier Zaldua zumarragarra, Luis Txapartegi aizarnarra, Aratz Mugertza mutrikuarra eta Joxean Olaskoaga Aizperro oriotarra. 2018ko txapelduna izan zen ere urte bat geroago lehaitutako probaren irabazlea: Zaldua, hain zuzen ere.
Guztiek lan berak egin behar izan zituzten: 100 kiloko harriari hogeita bost jasoaldi eman, 400 kiloko harriarekin bi plaza egin, hiru kanaerdiko ebaki, 50 kiloko bi txingarekin sei plaza egin eta hiru kilometro korrika aritu–zezen plazari 30 buelta–.
Hona hemen kirolariek lortutako denborak:
1. Xabier Zaldua: 38:30
2. Joseba Otaegi: 39:01 (+0:31)
3. Arria V.a: 39.54: (+1:24)
4. Luis Txapartegi: 41:40 (+3:10)
5. Aratza Mugertza: 43:03 (+4:33)
6. Aizperro: 45:28 (+6:58)
Urrezko Aizkolarien Kopako kanporaketa jokatu zen Donostian
Mikel Larrañaga, Eneko Otaño, Iker Vicente, Aitzol Atutxa eta Jon Rekondo sailkatu dira finalerako
Alaitz Imaz eta Julen Gabirondo garaile bakarkako Sega Ligan
Almitzak antolatzen duen Euskal Herriko XII. Bakarkako Sega Ligako hirugarren eta azken saioa Etxalekun lehiatu zen
Julen Alberdi Txikia IV.a eta Jesus Mari Mujika txapeldun
Aiako probalekuan jokatutako Gipuzkoako Binakako Aizkora Txapelketan nagusituta