MENDI LASTERKETAK
Igartzan hasiko da 2020ko Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuitua, irailaren 12an
Azkenean, Igartzan emango zaio hasiera 2020ko Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituari, datorre larunbatean, irailak 12. Zirkuituaren lehenbiziko etapa Igantzin egitekoa zen pasa den larunbatean, irailak 5, baina koronabirusa dela eta, hitzordua bertan behera uztea erabaki zuten.
Bizi dugun egoera kontutan hartuta, Igartzako duatloia neurri berezipean lehiatuko da, osasun protokoloa zorrotz mantenduko da eta anoa guneak ezabatu egin dira, lasterketa amaitu ostekoa soilik mantenduz.
Igartzako Duatloia
Antolatzaileak: Igarloi Elkartea eta Beasaingo Udala
Data: Irailak 12, Larunbata
Irteera ordua: 16:00
Probaren ezaugarriak:
1. Sektorea: 4,23 km-ko mendi lasterketa
2. Sektorea: 13,72 km mendi bizikletaz
3. Sektorea: 2,93 km-ko mendi lasterketa
Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituko hurrengo probak Urduñan (Araba) eta Arriaranen (Gipuzkoa) lehiatuko dira, irailaren 19 eta 26an, hurrenez hurren.
Behin iraila pasata, urrian beste bost hitzordu daude aurreikusita: Zegama-Aizkorrin hilaren 3an, Ibarran 10ean, Arespalditzan 17an, Amasan 24an eta Zeanurin 31n. Azaroan Adunan lehiatu beharreko probaren data ez dute jakitera eman, egutegia zabalik dagoelako eta beste probaren bat sartuko balitz data aldatu beharko litzatekeelako, zehaztuta baitago Adunakoa zirkuituko azken proba izango dela.
Aurtengo egoera berezia dela eta, Zirkuituko probek ezohiko formatua izango dute eta aurreko urteetako probekin alderatuz funtsezko aldaketa batzuk izango dituzte:
-Kobid-19aren aurkako protokoloa zorrotz jarraitu beharko da eta hau betetzen ez duen parte-hartzailea probatik kaleratzeko boterea izango du lekuko antolakuntzak.
-Izen-emate guztiak on-line egingo dira KIROLPROBAK webgunean. Proba egunean, lekua egongo balitz, izen-ematea gauzatzea aztertzen ari gara, beti ere modu telematikoan.
-Prebentzio neurriei aurre egiteko gastu extra batzuk izango ditugunez, inskripzioak 15€tik 20€ra igotzea erabaki dugu eta bikoteetan 25€tik 30€ra.
-Anoa posturik ez da izango ibilbidean zehar, amaieran bai. Bero handia eginez gero ura jartzea baloratuko da.
-Jende pilaketa saihesteko proba amaierako festarik ez da egingo. Aurten, kirola eta osasuna lehenetsiko ditugu festaren gainetik.
-Zirkuituko behin behineko sailkapen orokorrak egingo baditugu ere, burutuko diren proben arabera, 2020ko EHMDZko txapeldunak izendatu ala ez baloratuko dugu.
-Behin behineko egutegian ditugun proben IZEN-EMATEAK, hauek ospatu baina bi aste lehenago zabalduko ditugu edo BERTAN BEHERA utzi. Ez da guztiok nahiko genukeen egoera baina dugun ziurgabetasuna ikusita, erabaki hori ezin dugu lehenago hartu.
Gasteiz-Iruñea II Buts zirkuitua, 2021era atzeratu dute
Koronabirusaren pandemia dela eta, proba 2021eko maiatzaren 7an egitea erabaki dute antolatzaileek
2020an ez da Ehunmilak probarik lehiatuko
Ehunmilak Ultra-Trail, Goierriko2Haundiak eta Marimurumendi maratoia bertan behera gelditu dira koronabirusaren eraginagatik
Irailaren 12ra atzeratu dute Aloñako Igoera
Data aldaketa honek berrikuntzak ekarriko ditu, normalean igandean lehiatzen den lasterketa larunbatera pasako da eta goizean egin beharrean atsaldeko 16:00etan hasiko da