HERRI KIROLAK
I. Binakako Euskal Pentatloia, ostiralean
Zazpi bikote arituko dira lehen txapelaren bila, uztailaren 31n Tolosako zezen plazan
Herri kirolek beste hitzordu garrantzitsu bat izango dute datorren ostiralean, izan ere, I. Binakako Euskal Pentatloia jokatuko dute Tolosan, 11:00etan hasita, guztira zazpi bikote arituko direlarik lehian.
Bikoteak era parekatu batean egiten saiatu dira, ez elkartzeko bi aizkolari edota bi harri-jasotzaile batera. Hiru txanda egingo dira, eta lehenengoan Luis Txapartegi eta Jagoba Otaegi, Julen Kañamares eta Xabier Urrutia, eta Kepa Peñagarikano eta Joxean Olaskoaga Aizperro bikoteek parte hartuko dute. Bigarrengo txandan, Beñat Amade eta Osman Drame, eta Xabier Zaldua eta Jon Gisasola Zelai V.a bikoteak ariko dira. Hirugarrenean, Xabier Orbegozo Arria V.a eta Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a, eta Iñaki Errazkin eta Aratz Mugertza bikoteen txanda izango da.
*Azken orduko aldaketa, Eizmendik ordezkatuko du Txapartegi. Airzarnako aizkolaria min hartuta dago eta Zarauzko harri-jasotzaileak hartuko du haren lekua, Jagoba Otaegirekin bikotea osatuta lehiatzeko.
Harriarekin, giza-proban, aizkoran, txingekin eta lasterka jokatuko da euskal pentatloia uztailaren 31n Tolosan. Ondorengo lana egin beharko dute kirolariek, bikoteka: 40 aldiz 100 kiloko bola altxatu, lau plaza egin giza proban, lau kanaerdiko moztu, 50 kiloko bi txingekin 8 plaza egin, eta 4 kilometro korrika, hau da, ehun itzuli plazari. Proba bakoitzean bikoteko kide batek gutxienez %40a egin beharko du. Harri-jasotzean, adibidez, gutxienez 16 altxaldi egin beharko ditu kirolari bakoitzak. Gipuzkoako Federazioko epaileak izango dira probaren jarraipena egiten.
Osasun larrialdiak eskatzen dituen segurtasun neurri guztiak hartuko dituztela azaldu dute antolatzaileek, eta herritarrei esan diete lasai joateko pentatloia ikustera. Sarrera bakoitzaren atzean izen-abizenak jartzeko eskatu diote zezen plazara joango diren guztiei (kutsatze bat izaten bada, jarraipena egin ahal izateko) eta sarreran kutxa bat izango da, eta bertan sartu beharko dute sarrera. Eskuak garbitzeko gelak ate guztietan izango dira, eta komunak irekita egongo dira; aldiro garbitu eta desinfektatuko dituzte. Bestalde, eserlekuak markatuta izango dira, eta bertan eseri beharko da. Horrez gain, musukoa jantzita izan beharko du publikoak.
Sarrerak 20 euroan jarri dira salgai Tolosako Kantabriko tabernan, Azpeitiko Mendizabal erretegian eta Aiako Izeta jatetxean. Egunean bertan ere erosi ahal izango dira, zezen plazan.
Binakako aizkolari txapelketako bigarren jardunaldia Beizaman
Iker Vicente eta Jesus Maria Mujika nagusitu dira Ruben Saralegi eta Eneko Otañoren aurka. Emakumeen banakakoan Irati Astondoak Itxaso Onsalori irabazi dio
Euskal Herriko zortzinakako sokatira txapelketa jokoan da
Abiatu da Euskal Herriko Goma Gaineko Euskal Herriko zortzinakako Txapelketa eta iaz bezala Beti Gazte da nagusi
Urrezko binakako aizkolari txapelketako bigarren jardunaldia igandean Beizaman
Iker Vicente eta Jesus Maria Mujika arituko dira nor baino nor Ruben Saralegi eta Eneko Otañoren aurka. Emakumezkoetan Itxaso Onsalok Irati Astondoa izango du aurrez aurre.