HERRI KIROLAK/SOKATIRA
Hiru domina Euskal Herriarentzat nazioen arteko lehen saioan
Nazioen arteko txapelketaren larunbateko lehenengo jardunaldian, Euskal Herriko Selekzioak hiru domina eskuratu zituen
Irlandan lehiatzen ari dira ostegunetik iganderarte, Munduko Goma Gaineko (Indoor) Sokatira Txapeleketa eta larunbateko jardunaldian Euskal Herriak hiru domina eskuratu zituen.
Honakoak izan dira gure selekzioak lorturiko dominak: Emakumezkoen 540 kiloko mailan Taiwan urrezko domina, Basque Country zilarrezkoa eta Holanda brontzezko domina. Gizonezkoetan, 23 urtez azpikoan, Holanda urrezko domina, Basque Country zilarrezko domina eta Errusia brontzezko domina. Eta 580 kiloko mistoan, Holanda urrezko domina, Taiwan zilarrezkoa eta Basque Countryk brontzezkoa.
Ostegunean eta ostiralean kluben arteko lehia izan zen, euskal taldeek orotara zortzi domina eskuratu dituztelarik: ostegun goizean, emakumezkoen 540 kiloko urrea Badaiotzek, zilarra Beti Gaztek eta brontzea Gaztedik. Arratsaldean, 580 kiloko mistoan Beti Gaztek zilarra, eta Ibarrak brontzea gizonezkoen 560 kilotan. Ostiralean berriz, Badaiotzek urrea irabazi zuen emakumezkoen 500 kilokoan, eta Beti Gaztek, berriz, brontzea. Gizonezkoen 600 kilokoan, Beti Gaztek eta Ibarrak elkarren aurka jokatu zuten brontzezko dominarengatik, eta nafarrek irabazi zuten.
Larunbatean eta igandean berriz, nazioen arteko txapelketaren bi jardunaldiak dira jokatzekoak eta larunbateko lehenengo saioan Euskal Herriak hiru domina eskuratu zituen.
Lehen ekitaldian, 23 urtez azpiko selekzio mistoak lehiatu ziren 560 kilotan, eta Euskal Herriak zilarrezko domina lortu zuen. Urrea Holandak irabazi zuen eta brontzea Errusiak. Gizonezkoen 680 kilotan aldiz, Eskoziak urrea, Holandak zilarra eta Irlandak brontzea.
Ondoren, emakumeen 540 kilotan, urrea Txina Taipeik eskuratu zuen, zilarra Basque Countryk eta brontzea Holandak. 580 kiloko mistoan, urrea Holandak, zilarra Txina Taipeik eta brontzea Basque Countryk. Gizonezkoen 560 kilotan, urrea Txina Taipek, zilarra Ipar Irlandak eta brontzea Irlandak.
Igandea azken eguna da eta nazioen arteko txapelketaren bigarren saioa lehiatuko da. Goizean, 640 kilotan gizonezkoak, 23 urtez azpiko gizonezkoak 600 kilotan eta 23 urtez azpiko emakumezkoak 500 kilotan lehiatuko dira. Arratsaldean, aldiz, gizonezkoak 600 kilotan, emakumezkoak 500 kilotan eta jubenilen mistoa 520 kilotan.
Nazioen arteko txapelketa larunbatetik aurrera
Duela bi urte Txinan jokatutako munduko txapelketan, euskal taldeek inoiz baino domina gehiago irabazi zituzten goma gainean. Hamasei eskuratu zituzten denera: bi urrezko, zazpi zilarrezko eta beste zazpi brontzezko. 2014tik, ofizialtasuna lortu zuenetik, berriz, selekzioak ez du urrezko dominarik irabazi goma gainean eta hori da aurtengo erronka nagusiena.
Selekzioa ordezkatuz, Euskal Herriko txapeldun izandako taldeak ariko dira, baina, 680 kilokoan eta 23 urtez azpikoetan, talde guztietako sokatiralaririk hoberenekin osatu dira taldeak.
Basque Countryk hamar pisutan parte hartuko du. Larunbatean, seniorren lau kategoria lehiatuko dituzte. Goizean 680 kilotan ariko dira gizonezkoak eta 540 kilotan emakumezkoak. Arratsaldean, berriz, 560an lehiatuko dira gizonezkoak eta talde mistoa 580an ariko da. Igande goizean, gizonezko seniorren taldea 640an lehiatuko da eta 23 urtez azpikoen gizonezkoena 600 kilotan. Arratsaldean 600 kiloko saioa edukiko du gizonezkoen senior taldeak eta 500ekoa maila bereko emakumezkoenak. Dena den, 560 kiloko 23 urtez azpiko mistoa eta 500 kiloko 23 urtez azpiko emakumeen kategoriak erakustaldi gisa lehiatuko dira azkenean, bakarrik Euskal herriak eta Errusiak aurkeztu dituztelako taldeak.
Mundu mailan, goma gainean sokatiran, gizonetan nahiz emakumeetan, Txinakoak dira tiralari indartsuenak, baina tamalez oraingo txapelketan ez dute parte hartuko txinatarrek, koronabirusa dela eta.
Hortaz, hamabi selekziok lehiatuko dute txapelketa. Euskal Herrikoaz gain, Irlanda, Ipar Irlanda, Alemania, Ingalaterra, Taiwan, Eskozia, Errusia, Herbehereak, Japonia, Italia eta Nigeria ariko dira txapelketan.
Gogoratu behar da Irlandan jokatuko den Mundu Txapelketa goma gainekoa dela (Indoor) eta lur gaineko (Outdoor) aurtengo Mundiala irailaren 14tik 20ra Euskal Herrian lehiatuko dela, Getxon (Faduran) hain zuzen ere.
Gaztedi A taldea, Euskadiko Sokatira txapeldun
680 kiloko kategoriako lehiaketa hiru jardunalditan burutu dute, Azkoitian, Berriatuan eta Deban
Pisu astunetan ere Beti Gazte garaile Nafarroako launakako sokatira txapelketan
Tiralari helduekin batera, 20 urtez azpikoek eta kadete mailakoek ere lehen jardunaldia jokatu zuten Antsoainen
Beti Gazte A taldeak irabazi du Nafarroako launakako sokatira txapelketa mistoa
Beti Gazte B bigarren izan zen eta Amaiur B hirugarren