HERRI KIROLAK/SOKATIRA

Beti Gazte A taldeak irabazi du Nafarroako launakako sokatira txapelketa mistoa

by | 2022/05/03

Argazkiak: Egursport

Nafarroako 4x4ko Sokatira txapelketa iragan larunbatean hasi zen, apirilaren 23an, Lekunberrin, non emakumezkoak 255 kilotan eta gizonezkoak 320 kilotan kategoria horietako lehen jardunaldia jokatu zuten. Maila hauetako bigarren eta azkeneko jardunaldia maiatzaren 7an jokatuko dute Antsoainen eta bertan banatuko dituzte txapelak.

Tartean, larunbat honetan, apirilaren 30ean, arratsaldeko 17:00etan, 280 kiloko kategoriako txapelketa mistoa jokatu zuten jardunaldi bakarrean Lesakako udal pilotalekuan, non Amaiurrek hiru laukote jarri zituen goma gainean, Beti Gaztek eta Berriozarrek bina eta bana Antsoainek eta Araxesek.

Bi multzotan banatutako bederatzi talde aritu ziren lehen fasean. Lehen multzoan Beti Gazte Bk irabazi zituen tiraldi guztiak, bigarren Berriozar A izan zen, hirugarren Amaiur B eta laugarren Araxes. Bigarren multzoan aldiz, Beti Gazte A izan zen lehena, Amaiur A bigarren, Berriozar B hirugarren, Amaiur C laugarren eta Antsoain bosgarren.

Hortaz, Beti Gazteko bi taldeak elkarren kontra aritu ziren finalean. Azkenean, Beñardo Iantzi, Beñat Ordoki, Maialen Lopez eta Maria Iantzik osatutako Beti Gazte A laukoteak jantzi zuen txapela, Unai Gurrutxaga entrenatzaile zutela. Beti Gazte B txapeldunorde izan zen, Karmelo Iantzi, Irantzu Goienetxe, Eneko Saldias eta Ainhoa Ubiria aritu zirelarik tiran, Julen Palenzuela entrenatzaile zutela. Podiumeko hirugarren koskan Amaiur A izan zen, Berriozar Ari irabazita.

TALDEKAKO SAILKAPENA

A Taldea

1- Beti Gazte B 4 puntu
2- Berriozar A 3 puntu
3- Amaiur B  2 puntu
4- Araxes  1 puntu

B Taldea

1- Beti Gazte A 5 puntu
2- Amaiur A 4 puntu
3- Berriozar B  3 puntu
4- Amaiur B  2 puntu
5- Antsoain  1 puntu

SAILKAPEN FINALA

1- Beti Gazte A
2- Beti Gazte B
3- Amaiur A 
4- Berriozar A

Esan bezala, hurrengo jardunaldian pisu astunetako bigarren eta azkeneko jardunaldia jokatuko dute Antsoainen, maiatzaren 7an, bertan banatuko dituztelarik txapelak. 20 urtez azpiko eta kadete mailako lehen jardunaldia ere orduan jokatuko da.

Maiatzaren 14an berriz, Betelun, emakumezkoen eta gizonezkoen pisu arinetako (235 eta 300 kilo) lehen jardunaldia eta 20 urtez azpiko eta kadete mailako txapelketaren bigarren jardunaldia jokatuko dituzte. Emakumezkoen pisu arinean, Araxes A, Araxes B, Amaiur, Berriozar, Beti gazte eta Txantrea arituko dira. Gizonezkoen pisu arinean, aldiz, Amaiur, Berriozar eta Txantreak bina talde aterako dituzte eta Beti Gaztek eta Antsoainek bana.

Azkenik, maiatzaren 21ean jokatuko dute azkeneko jardunaldia Berriozarren. Emakumezkoen 235 kiloko eta gizonezkoen 300 kiloko txapela bertan erabakiko da eta 20 urtez azpikoek eta kadeteek hirugarren jardunaldia, eta jarraian, lehen bi sailkatuen arteko finalak izango dituzte.

Share This