HERRI KIROLAK/AIZKORA/HARRIA
Herri Kirol jardunaldia lehiatu zen Leitzan
Herri kirol denboraldi ez-ohiko honetan, Egur Sportek antolatutako txapelketek bidea ireki dute, izan ere, Urrezko banakako aizkolari txapelketa, Hiru hamarreko harrijasotze txapelketa eta Emakumezkoen harrijasotze txapelketa ekainaren 27an hasi ziren.
Oraingoan, igande honetan, uztailak 19, Leitzako Amazabal pilotalekuan, txapelketa hauen beste jardunaldi bat jokatu zen 12:00etatik aurrera.
Urrezko Banakako Aizkolari Txapelketan, Iker Vicente eta Jon Rekondo aritu ziren nor baino nor gehiago, eta leitzarrak iazko txapelduna izandakoa estu hartu bazuen ere, Otsagabikoa izango da azkenean finalean.
Esan bezala, Iker Vicentek eskuratu zuen garaipena orotara 24 minutu eta 8 segunduko denbora eginda: erloju kontra 1´55´´, abiadurazkoan 2´46´´ eta lanerdira 19´34´´. Bere aurkariak 26 minutu eta 20 segundutan amaitu zituen bere lanak: erloju kontra 1´21´´, abiadurazkoan 2´39´´ eta lanerdira 22´13´´.
Aurretik txapelketako hiru jardunaldi jokatuak ziren, lehenengoan, Jon Rekondok erraz irabazi zion Iñaki Azurmendiri, bigarrengoan Mugertza II.ak Saralegiri eta hirugarrenean Eneko Otañok Jesus Mari Mujikari.
Hiru Hamarreko Harri-jasotzaile Txapelketan, Aimar Galarraga oriotarra Imanol Albizu “Goikoetxe” elgetarraren aurka aritu zen, 125 kiloko hiru harri erabilita (zilindrikoa, kubikoa eta bola) eta bi minutuko txandetan. Goikoetxek guztira 35 jasoaldi egin zituen (zilindrikoari 15, kubikoari 10 eta bolari 10) eta Galarragak 32 altxaldi burutu zituen (zilindrikoari 16, kubikoari 8 eta bolari 8).
Aurreko jardunaldietan, Urdax Magunazelaiak eta Mikel Lopetegik 44na altxaldi egin zituzten, Xabi Peñak 45, Eizmendik 41 eta Imanol Albizuk 37 (Inhar Urruzunok bere lana bertan behera utzi behar izan zuen lesio baten ondorioz).
Azkenik, emakumezkoen harri-jasotze txapelketan, Iruñako Virginia Finol aritu zen berriro ere, 63 kiloko zilindro zaharra, kubika eta bolarekin. Aurreko jardunaldian egindako jasoaldi berdinak burutu zituen honakoan ere, 52 alegia: 21 zilindroari, 14 kubikoari eta 17 bolari.
Lehenengo jardunaldian, Udane Ostolaza gazte oriotarra bikain aritu zen 50 kiloko harriekin, guztira 36 altxaldi eginda. Bigarrengoan, Karmele Gisasola mailabiarrak 48 jasoaldi burutu zituen (19 zilindroari, 11 kubikoari eta 18 bolari) eta hirugarren ekitaldian, Finolek berak orotara 52 jasoaldi egin zituen, orainarteko markarik onena ezarriz.
XXIII. Urrezko Banakako Aizkolari Txapelketa “Eusko Label Saria”:
Honako edizioan, bederatzi aizkolarik hartuko dute parte: Iker Vicente, Mikel Larrañaga, Julen Alberdi ‘Txikia IV.a’, Jon Rekondo, Ugaitz Mugertza II.a, Eneko Otaño, Ruben Saralegi, Iñaki Azurmendi eta Jexux Mª Mujika. Egin beharreko lana, sei enbor ebakitzea hiru modalitate hauetan: erlojuaren aurkakoa, abiadurakoa eta azken proba.
Hiru Hamarreko Harrijasotze Txapelketa:
Sei harri-jasotzailek parte hartuko dute lehenengo edizioan: Xabier Peña, Mikel Lopetegi ‘Urra’, Imanol Albizu ‘Goikoetxe’, Beñat Telleria, Inhar Urruzuno eta Urdax Magunazelaia. Txapelketa hiru harri ezberdinekin jokatuko da bi minutuko denboran, zilindro zaharra, kubikoa eta bola, hain zuzen ere, guztiak 125 kilokoak (berez 10 arroba direnak, hortik baitator “Hiru hamarreko” izendapena).
Emakumezkoen Harrijasotze Txapelketa “Kirolbet Saria”:
Parte hartuko duten harri-jasotzaileak honakoak izango dira: Virginia Finol eta Karmele Gisasola (63 kiloko harri zilindriko, kubiko eta esferikoarekin arituko dira) eta Udane Ostolaza, 50 kiloko harri berdinekin arituko dena.
Binakako Harrijasotze eta Emakumezkoen Ingude txapelketak jokatu dira
Aimar Galarraga eta Jagoba Otaegik 6.742 kilo altxatu zituzten. Ingudean Karmele Gisasolak 128 altxaldi egin zituen eta Garazi Arrutik 118
Urrezko Aizkolarien Kopako jardunaldia lehiatu da Burgelun
Xabier Zalduak eskuratu zuen hurrengo kanporaketarako txartela, finalean hiru kanaerdikoak mozten azkarrena izan ondoren
Bizkaiko Binakako aizkora eta taldekako harrizulatzaile txapelketak Basaurin
Aitzol Atutxa eta Unai Aldape binakako aizkora txapelketan eta Burdin Gazteak, taldekako harrizulatzaile txapelketan, Bizkaiko txapeldun berriak