HERRI KIROLAK/AIZKORA/HARRIA
Herri kirol jaialdia Oñatin
Herri kirol jaialdia jokatu zuten igande eguerdian, Oñatiko Foruen plazan
Gizonezkoen aizkorari dagokionez, lau bikote gazte lehiatu ziren eta horietako hiru pasa dira Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketako finalera. Emakumezko bi aizkolari ere aritu ziren nor baino nor gehiago. Azkenik, bi harri-jasotzailek ere erakustaldia eskaini zuten.
23 urtez azpiko gizonezko zortzi aizkolari izan ziren Oñatiko plazan, eta horiek bi multzotan banatu zituzten: batetik, Basozabal eta Larrea bikotea Ezpeleta eta Zabalaren aurka lehiatu zen; eta bestetik, Zelai IV eta Suharri bikoteak Kañamares anaiak izan zituen aurkari.
Bi probetan aritu ziren elkarren aurka –erlojupekoa eta lau enborren mozketa–, eta azkenean Suharri eta Zelai IV bikotea, eta Basozabal eta Larrea izan ziren irabazleak. Bidenabar, multzo bakoitzaren irabazleak ere Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketako finalerako txartela eskuratu zuen.
Irabazi ez zutenek –Kañamares IV eta Kañamares V, eta Ezpeleta eta Zabala– haien artean neurtu ziren eta Ezpeletak eta Zabalak eskuratu zuten finalerako hirugarren eta azken pasea. Kañamares anaiak aldiz txapelketatik at gelditu ziren.
Emakumezkoen artean Maika Ariztegi eta Itxaso Onsalo lehiatu ziren. Ariztegik eskuratu zuen garaipena bere lana 5 minutu eta 10 segundutan amaituta, Onsalok minutu bat gehiago behar izan zuelarik. Horrela Maika Ariztegi eskuratu du finalerako txartela, dagoeneko sailkatuta zeuden Irati Astondoa eta Nerea Sorondorekin batera.
Harri jasotze lanetan Urdax Magunazelaia izan zen garailea, 4.225 kilo jaso zituen eta bere aurkariak 3.375 kilo.
Igandeko probaren aurretik dagoeneko biak zeuden finalerako sailkatuta (Xabier Peñagarikanorekin batera), halere, Oñatin lehiatutakoak finala jokatzeko ordena zehazten lagundu zuen.
Binakako Harrijasotze eta Emakumezkoen Ingude txapelketak jokatu dira
Aimar Galarraga eta Jagoba Otaegik 6.742 kilo altxatu zituzten. Ingudean Karmele Gisasolak 128 altxaldi egin zituen eta Garazi Arrutik 118
Urrezko Aizkolarien Kopako jardunaldia lehiatu da Burgelun
Xabier Zalduak eskuratu zuen hurrengo kanporaketarako txartela, finalean hiru kanaerdikoak mozten azkarrena izan ondoren
Bizkaiko Binakako aizkora eta taldekako harrizulatzaile txapelketak Basaurin
Aitzol Atutxa eta Unai Aldape binakako aizkora txapelketan eta Burdin Gazteak, taldekako harrizulatzaile txapelketan, Bizkaiko txapeldun berriak