HERRI KIROLAK/AIZKORA/HARRIA
Herri kirol jaialdia Mallabian
Egur Sporten Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketako hirugarren finalerdia eta Urrezko Aizkolarien kanporaketa jokatu ziren pasa den larunbatean Mallabian, Jaialdia pilotalekuan 18:00etatik aurrera, ateak itxita.
Aizkorari dagokionez, hiru bikote aritu ziren nor baino nor gehiago, finalerako txartela jokoan zutelarik: Iban Resano-Joxean Etxeberria (azken honek lesionatutako Juanjo Lopez Azpilikueta ordezkatu zuen), Suharri Rodriguez-Jokin Urretabizkaia “Basozabal” eta Xabier Zaldua-Julen Aranberri “Elorriaga II.a”.
Hiru aizkolariek aurreko bi finalerdietan egindako lan berbera egin zuten: erlojuaren kontra 45 ontzakoa erdibitu; abiadura lana, 65 ontzako enbor handia erdibitu, txanda librean; eta azken lana, 60 ontzako 6 enbor erdibitu, txanda librean.
Azkenean, Suharri Rodriguez eta Jokin Urretabizkaia “Basozabal” izan ziren lanak amaitzen azkarrenak, guztira 20 minutu eta 29 segundu baliatu zituztelarik enborrak mozteko (erloju kontra 1´01´´ eta 54´´, abiaduran 4´09´´ eta azken proban 14´25´´). Xabier Zaldua eta Julen Aranberri “Elorriaga II.a” izan ziren bigarrenak, 20 minutu eta 52 segunduko denbora eginda (erloju kontra 49´´ eta 1´07´´, abiaduran 4´12´´ eta azken proban 14´44´´). Hirugarren postuan amaitu zuten Iban Resano eta Joxean Etxeberria, 23 minutu eta 20 segunduko denborarekin (erloju kontra 58´´ eta 1´13´´, abiaduran 4´52´´ eta azken proban 16´17´´).
Beraz, Suharri eta Basozabalek martxoaren 14an Azpeitiko Izarraitzen jokatuko den final handirako sailkapena lortu zuten, bertan aurreko bi finalerdietan gailendu ziren bi bikoteekin neurtuko direlarik: Ibai Soroa eta Txomin Amundarain, eta Goizeder Beltza eta Hodei Ezpeleta.
Arestian aipatu bezala, Urrezko Harri Jasotze Txapelketako Eusko Label Saria ere jokatu zen larunbat arratsaldean Mallabian. Lau harri-jasotzailek parte hartu zuten norgehiagokan. Alde batetik, gizonezkoen mailan, Gorka Etxeberriak, Mikel Lopetegi Urra-k eta Jon Gisasola Zelai V.-ak zortzi arroako hiru harri mendean hartu behar izan zituzten.
Mikel Lopetegi Urra sailkatu zen finalerako, orotara 85 jasoaldi eginda: kopari 39, kubikoari 23 eta bolari 23. Bigarrena Jon Gisasola “Zelai V.a” izan zen, 77 jasoaldi eginda: kopari 37, kubikoari 17 eta bolari 23. Hirugarrena Gorka Etxeberria, 70 altxaldi burututa: kopari 36, kubikoari 17 eta bolari 17.
Emakumezkoetan, bestalde, Karmele Gisasola Zelai III.ak marka pertsonala egiten saiatu zen ehun kiloko zilindroarekin, azkenean bost minututan 6 jasoaldi eman zizkiolarik 100 kiloko zilindro zaharrari.
Jokin Eizmendik irabazi du Euskal Herriko Harri Handien Txapelketa
Bigarren egin du Iñigo Eizagirre ‘Eiza’k eta hirugarren Jon Unanue ‘Goenatxo III’ak
Iker Vicentek irabazi du 2021eko Nafarroako aizkora txapelketa
Joxan Etxeberria bigarrena izan zen eta Eneko Saralegik osatu zuen podiuma
Urrezko Aizkolarien Kopako finalerdiak jokatu dira
Jokin Urretabizkaia Basozabal, Hodei Ezpeleta eta Xabier Zaldua sailkatu dira Urrezko Aizkolarien Kopako finalera