HERRI KIROLAK
Herri kirol jaialdia Gautegiz-Arteagan
Bizkaiko Herri Kirol Federazioak eta Gautegiz Arteagako Udalak herri kirol jaialdia antolatu zuten pasa den igandean, non Bizkaiko Harrijasotze Promozioa eta Trontza Mistoa txapelketak jokatu ziren.
Trontzari dagokionez hiru bikote lehiatu ziren elkarren aurka eta azkenean Ondarroako Mikel Agirrek eta Mendaroko Uxue Ansorregik irabazi zuten Bizkaiko Txapelketa, 3 minutu eta 54 segundoko denboran lanak amaituta. 5 minutu eta 3 segundo egin zituzten txapeldunorde geratu ziren Iraide Gezuragak eta Salva Erleagak, eta horiek baino 33 segundo gehiago behar izan zituzten lanak burutzeko Ruth San Cristobalek eta Joseba Legarretak.
Agirrek eta Ansorregik bigarren urtez jarraian lortu zuten nagusitzea. Iazko txapeldunak izanda, eurak ziren faboritoak eta ez zuten hutsik egin, nahiz eta txapelketa prestatzeko denbora gutxi izan duten. Txapela eskuratzeko etzanda jarritako 45 ontzako enborrean hamar ebaketa egin behar izan zituzten.
Harrijasotze Promozioa Txapelketan berriz, sei harrijasotzaile aritu ziren nor baino nor gehiago: Unai Ardeo, Eneko Bilbao, Enrike Maeztu, Beñat Amade, Petre Bulgarea eta Jon Ander Malaina. 88 kiloko harri kubikoarekin eta pisu bereko bolarekin aritu ziren lanean.
Enrike Maeztuk guztira 4.048 kilo altxatu zituen, 21 jasoaldi eman zizkion kubikoari (1.848 kilo) eta 25 bolari (2.200 kilo). Bigarrena Eneko Bilbao izan zen 3.520 kilo altxatuta, 19 altxaldi burutu zituen harri kubikoarekin (1.672 kilo) eta 21 bolarekin (1.848 kilo). Hirugarren postua Beñat Amadek eskuratu zuen orotara 3.080 kilo bizkarreratuta, 12 jasoaldi kubikoari (1.056 kilo) eta 23 bolari (2.024 kilo). Laugarrena Petre Bulgarea izan zen 2.640 kilo altxatuta, zeinak 16 jasoaldi eman zizkion kubikoari (1.408 kilo) eta 14 bolari (1.232 kilo). Bosgarren postuan Unai Ardeo geratu zen guztira 2.464 kilo jasota: 10 jasoaldi kubikoari (880 kilo) eta 18 bolari (1.584 kilo). Eta azkenik, seigarrena Jon Ander Malaina izan zen 2.376 kilo altxatuta, 12 jasoaldi eman zizkion kubikoari (1.056 kilo) eta 15 bolari (1.320 kilo).
Beti Gazte talde lesakarraren garaipen boladak ez du etenik
Gizonezkoen 680 eta 640 kilotako kategorietan zein emakumezkoen 540koan jantzi ditu Euskal Herriko txapelak
Abian da Goma gaineko Euskal Herriko Sokatira Txapelketa
Larunbat honetan hasita, Getxon jokatuko dituzte zazpi kategorietako txapelak martxoko asteburu guztietan
Beti Gazte txapeldun Nafarroako sokatira txapelketa mistoan
Lesakako zortzikotea nagusitasunez gailendu zitzaien Txantrea, Antsoain eta Berriozarri