EUSKAL PILOTA

Hasia da Baztan-Errekako 41. Laxoa Txapelketa

2021/05/08

Argazkiak: Laxoa Elkartea ​

COVID19 gaitzak eragindako pandemiaren ondorioz iazko txapelketa formatu berezian jokatu bazen ere, kopa formatuan alegia, aurten maiatzeko lehen asteburuan hasi zen ohiko eran Baztan-Errekako Laxoa txapelketaren berrogeita batgarren edizioa.

Pasa den asteburuan jokatu ziren beraz 2021eko laxoa txapelketako lehen partidak. Giro ederrean jokatu ziren aurreneko norgehiagokak, eta plazara gerturatu ziren ikusleak, partidu polit batzuk ikusteko aukera izan zuten.

A multzoan, Doneztebe Titi sendo hasi zen, bere partidua 9 -4 irabaziz Oizko taldeari. Doneztebe The Moment eta Doneztebe Ameztiaren arteko partida, 7 – 9 bukatu zen Ameztiarentzat.

B multzoan, iazko txapeldunak Iruritako plazan egin zuen aurtengo debuta Irurita Olari talde berriaren aurka. 7 – 9 izan zen azken emaitza, Arraioz Sagardiaren alde. Aurtengoan ere Arraioztarrak sendo daudela erakutsi zuten. Irurita Miguelente eta Doneztebe Apeztegiaren arteko partidua atzeratu behar izan zen.

Emaitza hauekin, sailkapena honela dago momento honetan:

A taldean: Doneztebe Titi 3 puntu, Doneztebe Ameztia 2, Doneztebe The Moment 1 eta Oitz 0.

B multzoan: Arraiotz Sagardia 2 puntu, Irurita Olari 1, Irurita Miguelene 0 eta Doneztebe Apeztegia 0.

2021eko Laxoa Txapelketa

Guztira zortzi talde ariko dira nor baino nor gehiago txapelaren bila: lau Doneztebekoak, bi Iruritakoak eta Arraiozko eta Oizko bana, launa taldeko bi multzotan banatuta arituko direlarik.

A multzoan Oiz (Aimar Saldias, Ioritz Zelaieta, Laurendi Zelaieta eta Iker Bereau), Doneztebe-The Moment (Pascual Bertiz, Julen San Miguel, Javier Bertiz eta Koldo Legarra), Doneztebe-Ameztia (Josu Juanena, Xabier Ibarrola, Unai Sapuppo eta Julen Etxebeste) eta Doneztebe-Titi (Unai San Miguel, David Mitxeo, Erik Garcia eta Joseba Bengotxea) ariko dira.

B multzoan, berriz, Irurita-Olari (Iñigo Dendarieta, Iñaki Azpiroz, Mikel Sagaseta eta Oinatz Jauntsarats),  Arraioz-Sagardia (Mikel Mindegia, Xabier Mihura, Miguel Maritorena eta Jon Gamio), gaur egungo txapelduna den Irurita-Miguelene (Xabi Barberena, Gorka Urtasun, Jagoba Ramos eta Egoitz Prim) eta Doneztebe-Apezteguia (Jon Apeztegia, Ramontxo Etxebeste, Joseba Juanena eta Ibai Santesteban) ariko dira.

Final laurdenetan, bi multzoetako taldeak gurutzatuko dira ekainaren 26an eta uztailaren 3an (lehenbizikoak laugarrenen kontra eta bigarrenak hirugarrenen kontra); irabazleek finalaurrekoak jokatuko dituzte uztailaren 17an eta 24an eta finala Arraiozko plazan jokatuko dute abuztuaren 7an.

Zer da Laxoa?

Laxoa, gaur egun praktikatzen den Pilota modalitate zaharra dugu, eta beste batzuen aitzindari.

Garai batean eskuz jokatzen zen bote-luzea modalitatearen berdina da, larruzko eskularruz eta plaza handixeagoan praktikatzen dena orain.

Garai batean, artzainek mendiko pilotasoro edo soropiletan jolasten zuten. Gero, herrira jaitsi zirenean, joko hau zabaldu eta ikaragarrizko arrakasta izan zuen, Euskal Herriko kirol nagusia izan zelarik XIX. mendeko bigarren erdirarte. Ipar Euskal Herrian, Nafarroan (ospetsuak ziren Iruñeko San Fermin bestetan jokatzen ziren partidak), nahiz Gipuzkoa, Bizkaian eta beste zenbait tokitan ere arrakasta izan zuen Laxoak. XIX. mendearen erdialdean izan zuen bere garairik dizdiratsuena.

Gora behera handiak izan baditu ere, gaur egun osansuntsu dagoela esan dezakegu, azken lau hamarkadetan, urtero hutsik egin gabe, herrien arteko txapelketak, bai helduenak bai gazte eta gaztetxoenak, jokatu dira eta.

Share This