EUSKAL SELEKZIOA/FUTBOLA
Gorka Etxeberria: ‘Euskal Futbol Selekzioko entrenatzaileak ilusioa piztu behar du’
Argazkiak: ehkirola.eus
Gorka Etxeberria Casqueiro (Errenteria, 1985), entrenatzailea eta futbol analista da. Iritzia eskatu diogu Euskal Selekzioaren entrenatzailearen soslaiaz eta eginkizunaz. Seriotasunez erantzun ditu gure galderak. Zehatz eta zorrotz irudikatu du entrenatzaile kargua, gure selekzioan duen garrantzia nabarmenduz. Argi eta garbi dauka. Entrenatzaileaz hitz egin digu, baina azken batean Euskal Selekzioaren proiektoaren inguruan ari da: aurrera egingo badu ilusioa, profesionaltasuna, begirunea, integrazioa, batasuna eta elkarlana bezalako baloreetan oinarritu beharra dago.
Ze profil behar luke Euskal Selekzioko entrenatzaileak?
-Ilusioa pizten duen entrenatzailea behar da, gauzak gaizki edo ondo atera eskuan zuena egin duela transmititzen duena. Aurkariaren arabera pizten zaigu ilusioa eta oker gabiltza, guk sortu behar dugu ilusioa, gure entrenatzaileak, deialdiko jokalariak, Euskal taldeen atxikimendu sendoak…
-Erreferentea behar du izan jokalarientzat, ilusio berezia pizten diena bere esanetara egotea. Partidua jolasteaz gain, euren karreran zerbait gehiago ikasiko dutenaren sentsazioa izatea, alegia.
-Euskalduna. Hizkuntza ezin da traba bat izan jokalarienganako transmisioan.
-Ofizialtasunaren ikur. Ofizialtasunaren bidean gaudela sentiarazten gaituen selekzionatzailea.
-Gaur egungoa. Egun lana egiteko planteamenduak aldaketa dezente izan ditu azken urteekin alderatuta. Orain arte, erretiro aurreko proiektura zetozela zirudien.
-Batasuna bilatzen duena eta probintzialismorik ez duena.
Zeintzuk dira bere eginkizunak? Urte guztiko plangintza?
-Urte osoan jokalari, talde eta federazioarekin elkarlanean ibili behar du. Unean une deialdian egon daitezken jokalarien berri izan eta kontaktuan mantendu, kanpoan dauden jokalariekin eta taldeekin esfortzu berezi bat eginez.
-Arlo komunikatiboa guztiz aldatu behar da. Espainiar selekzioak oso ondo landutako bideoak egiten ditu deialdietarako. XXI. mendean sartu behar gara arlo honetan ere. Kreatiboagoak izan.
-Bi-hiru hilabetean behin edo FIFA leihoetan, medioetan presente egon nahiz selekzioak ez jokatu. Jokalariak nola ikusten dituen, balizko aurkarien eta ematen ari diren pausuen berri eman.
-Euskal jokalariak dauden norgehiagoketan azaldu eta derbietan derrigor. Selekzionatzailea lanean eta presente dagoela erakutsiz.
-Partiduen antolaketan lagundu aurkarien kribak eginez eta aurkariak ondo aztertuz.
-Futbol metodologia landu kategoria guztietan antzekotasunak bilatuz. Eta zuk egin nahi duzun horretan jokalariak txertatu eta ez jokalariak hartu eta nola jokatu pentsatzea ondoren.
–Staffarekin uneoroko harremana izan, hauek federazioaren esku egon edo ez. Proiektu bateratu bat eginez.
Nolako staffa behar luke?
-Selekzionatzailea: esklusiban edo gabe, baina aurretik aipaturiko profil eta eginkizunak hobekien betetzen dituena. Esklusiban ez badago, bere laguntzaileak hartu beharko luke esklusibitatea eta urteko lan hori egin selekzionatzailearekin adostu ostean.
-Selekzionatzailearen laguntzailea: esklusiban. Selekzionatzailea esklusiban badago laguntzaile moduan eta selekzionatzailea esklusiban ez badago bere ardurapean egotea funtzio horiek.
-Prestatzaile fisikoa: esklusibitatean egonez gero, federazioaren talde guztien prestatzailea behar luke. Bestela, deialdietarako bakarrik. Taldeetako prestatzaile fisikoekin kontaktuan egotea jokalarien inguruan eta prestaketan.
-Atezainen prestatzailea: prestatzaile fisikoaren antzera, esklusiban badago federazio osoko prestatzailea izatea, bestela deialdietan. Entrenamendu zein partidetan. Taldeetako atezain prestatzaileekin harremanetan.
-Fisioa: deialdietan bakarrik, entrenamendu zein partidetan. Deialdien aurretik taldeko mediku zerbitzuekin harremanak izango lituzkeena.
-Analista: esklusibitatean. Jokalari propioak aztertu selekzionatzailearen ardurapean. Partiduak iritsi ahala aurkariaren analisiak ere prestatzeko ardura. Azpiko kategorietan jokalariak aztertzeko ardura izango luke.
-Delegatua: esklusibitaterik ez. Jokalari ohi bat jarriko nuke. Maitatua den bat eta batasunaren ikurrra dena.
Ze antolamendu mota behar luke klubekin elkarlanean aritzeko?
Etengabeko elkarlana behar da. Klubek atxikimendu handiagoa behar lukete izan selekzionatzailearekin eta selekzionatzaileak begirune gehiago jokalariak hautatzeko momentuan. Gaur egun, dena limitera eramaten den honetan ikutua dagoen jokalari batekin ez fortzatu eta klubak aldiz laguntza gehiago eskeini arlo guztietan. Giro lasai eta positibo bat ikusten badute selekzioan, taldeek ere begi onez ikusiko lukete kolaborazio hori. Bientzat onuragarri izan liteke eta bi aldeen jarrerak aldatu. Taldeek ikusi behar dute selekzioarekin harreman ona izanez gero askoz errezagoa izango dela minutu banaketa, begirunea, komunikazioa… argi eta garbi egonda ofizialtasuna alde guztiek bilatzen duten bidea baldin bada. Bidea bai, helburua ofizial izanda ondo lehiatzea baita.
Nola gainditu beharko luke lurraldetasunaren aferak sortzen duen egoera?
Lurralde guztien selekzioa dela sentitu eta erakutsi behar da. Lurralde guztietako federazioekin elkarlana egin behar da eta instituzioekin berdin. Lurralde guztietako jokalariak presente eduki jarraipenean, baina ez deialdietan sartu mailarik ez badago. Profesionalizaziotik eta seriotasunetik ofizialtasuna bilatu.
Baina beste era batera hurbildu daiteke selekzioa beste lurraldeetara, partidak lehen mailako zelaietan jokatu behar dira, baina akaso Lapurdiko zelai batean egin daiteke bezperako entrenamendua ate irekiekin, edo partiduaren bezperan Lesakan umeentzat autografoak sinatzeko mahaia jarri…
Azken finean, alde guztientzat positiboa izango den proiektu bateratu bat sustatu.
IRITZIA/ELKARRIZKETA
‘Bada garaia. Martxoaren 23an, denok San Mamesera’
Euskal Herria Kirola elkartearen oharra
[Iritzia] Ofizialtasunaren bidean?
Joxe Mari Artola, Mikel Azkune eta Beñat Larrañaga, EFF zuzendaritzako kideen iritzi artikuloa
10.000 metrotako Euskal Herriko errekorra duen Trihas Gebrerekin elkarrizketa
Martxoaren 26an, kirolerrekorrak.eus webgunearen aurkezpenean egongo da, beste kirolari batzuekin batera