FUTBOLA/OFIZIALTASUNA ORAIN
Gonzalo Boye: “Ezinbestekoak dira jendearen lan nekaezina eta agintarien konpromisoa”
Argazkiak: Palestinako Futbol Federazioa
Oso abokatu ezaguna da Gonzalo Boye (Viña del Mar, Txile, 1965). Madrilen bizi da. Oihartzun handiko prozesuetan ikusi dugu: 2004ko martxoaren 11ko Madrileko bonbak, Edward Snowden, Luis Barcenas, Carles Puigdemont, Josu Urrutikoetxea… Espainiako hainbat hedabideren jo-puntuan dago. Baina ez dirudi kikiltzen denik horregatik. Polifazetikoa da gainera. Nazioarteko Zuzenbideko irakasle eta aholkulari, enpresa gizona, idazlea, tertulianoa, Mongolia aldizkari satirikoaren editore izandakoa, eldiario.es egunkari digitalaren sortzailetakoa…
Inork gutxi daki baina, Gonzalo Boye Palestinako Futbol Federazioko ordezkaria dela, FIFAn Palestina ordezkatzen duen gizona, alegia. Hori jakin, eta berarekin mintzatzeko aukera izan dugu, telefonoz, ezinbestean.
Euskal Herrian ezagunagoa zara penaleko abokatu moduan. Jakin-mina piztu zaigu. Nola futbol munduan eta Palestinako Futbol Federazioko ordezkari?
Egia esan, ni ez naiz futboleko gizona eta ezer gutxi dakit futbolaz kirol ikuspegitik. Gehiago gustatu izan zait betidanik errugbia. Baina Palestinako futbolaren kasuan osagai ezberdin oso inportanteak daude, giza eskubideen ikuspegitik, nazio ikuspegitik eta nazioarteko zuzenbide ikuspegitik. Jasaten duten okupazioa egoera horretan gauza bitxiak ematen dira. Adibidez, Israeleko asentamenduetan ligak jokatzen ari dira modu ilegalean, FIFA-ko estatutuek diotenaren kontra. Nik futboleko arauak sakonki ezagutzen ditut, nazioartekoak ere bai. Baina futbol partida bat ikusten, ez dut tutik ulertzen.
Zuzendu okertzen banaiz: Palestina Estatua 1988an deklaratu zen eta ONUk ez zuen kide gonbidatu gisa onartu 2012a arte. Baina Palestinako Futbol Selekzioa, gaur ulertzen dugun moduan, 1952an sortu zen eta FIFAk ez zuen onartu ofizialki 1998a arte. Alegia, Estatu Palestinarra sortu eta 10 urtetara eta ONUk estatu gisa aitortu baino 14 urte lehenago. Nola izan da prozesu hori?
Ni garai horretan ez nenbilen kontu horretan, ez nintzen abokatua ere. Baina jende askok borroka latza egin zuen Palestinako futbolak zegokion lekua izan zedin. Egunen batean aitortu beharko zaio jende horri egindakoa. Azpimarratu behar da berezki Jibrik Rajoub-ek egindako lan nekaezina. Gartzelan 15 urte igaro ondoren, Yaser Arafaten garaian Cisjordaniako seguritate nazionalaren arduradun nagusia izan zen. Oso garrantzi handia izan zuen bere lanak, Jibrik Rajoubek eragin handia zuelako Palestina estatuan. Osloko negoziaketetan parte hartua zen. Horrekin esan nahi dut agintarien borondate, babes eta konpromisoa ezinbestekoak direla ofizialtasuna lortzeko.
Kirol ikuspegitik, nahiz eta horretan aditua ez bazara ere, zein da Palestinako Selekzioaren ibilbidea? Asiako Kopan dabil eta Munduko Koparako sailkapenean parte hartzen du, oraindik sailkatzerik lortu ez duen arren…
Palestinako futbolaren arrakastarik handiena, egunero futbolean aritu ahal izatea da. Kontuan izan Palestinak hiru liga dituela: Gazakoa, Zisjordaniakoa, eta Diasporakoa. Estatu bat eta hiru liga. Sarritan elkarren arteko finala jokatzeko traba ugari gainditu behar ditu. Izan ere, adibidez, Gazako jokalariak Zisjordaniara joateko Israelen baimena behar dute, eta sarritan oztopo piloa jartzen dizkiete.
Nik izugarrizko garrantzia duen kontu bat aipatu nahi dizut. Palestinan emakumezkoen futbolak duen garrantzia eta nire ustez etorkizun oparoa. Futbolak Palestinako emakume gazteen artean harrera izugarria du, eta kirola egitera, lehian aritzera bultzatzen ditu. Harrigarria da, Ramalan dagoen futbol eskolara joan eta ikustea zenbat emakume gazte dauden bertan. Honetan izugarrizko eragina izan du Susan Shalabik. Emakume hau, palestinar eta espainol baten alaba, Palestinako Federazioko presidenteordea da, eta Asiako Futbol Konfederazioko Kontseiluko kidea. Egun nazioarteko futboleko erakundeetan munduko kargurik altuena duen emakumea da. Eta, egia esan, ez litzateke hain urruti iritsiko, berez duen balioaz gain, ez balu izan Palestinako Federazioko Presidentearen, Mauricio Abu Goshen erabateko babesa eta laguntza.
Aurreiritziz beteta gauden mendebalde honetatik, harritu ere egiten gaitu, emakumeaz aipatzen ari zarena: ez al da Palestina herri musulmana?
Palestina Estatu laikoa da. Palestinarrek bi erlijio nagusi dituzte: musulmana eta kristaua. Eta laikoak dira palestinar asko. Mendeetan zehar elkarbizitza normalizatua eta baketsua izan dute bi erlijio komunitateek.
Aurrez hainbat gauza aipatu badituzu ere, Palestinako Futbolaren egoeraz ze xehetasun komentatu nahi zenituzke?
Joseph Blater presidentea zela, FIFAk interes handia jarri zuen Palestinan. Horri esker gaur egunean futbol zelaiak daude hiri guztietan. Gehienak belar artifizialekoak dira. Bat bakarrik da FIFAk homologatua: Faysal Al-Husseini zelaia, Al-Ram-enekoa.
Gogoratu ere Golango gainak Israelen menpe daudela eta Palestinarrek ur eskasia ere jasaten dutela.
Bestalde arazo ugari dituzte kirol materiala eskuratzeko. Guztia Israelen eskutik pasatu behar delako. Adibide bat, kirol materiala erosteko 15.000 euroko laguntza bat eskuratu zuten eta Israelek 18.000 euroko zergak ipini zizkion material horri.
Blaterri hainbat kontutan kritika egin al izango zaio baina jarrera zuzena izan zuen Palestinarekin. Bere garaian lan talde bat osatu zen kirol materiala trabarik gabe eskuratu ahal izateko eta jokalariak batetik bestera mugitu ahal izateko. Baina hori dena, erabat moteldu da gerora, Blaterren hurrengoek ez dutelako jarrera berdina izan.
Selekzioaren gaira itzulita, nondik ateratzen dira selekzioko jokalariak? Non entrenatzen dute? Ze arazo burokratiko gainditu behar dituzte? Euskal Herrian Palestinako Selekzioko jokalaria den Yaser Hamad euskaldun palestinarraren inguruan zerbait badakigu, baina…
Yaser Hamed-ek hainbat gauza kontatuak izango dizkizue dagoeneko baina kontu asko izaten dira. Nik neuk ezagutu izan dut, Palestinako Federazioan egon eta bat-batean eta tartean ezer gertatu gabe, Israeleko ejertzitoa sartzea eta dena miatzen hastea. Gu geu banan banan goitik behera erregistratzea ere.
Palestinako selekzioa palestinar jatorria dutenek osatzen dute, edonon bizi direlarik ere; Euskal Herrian, Yaser Hameden kasu, zein Txilen -komunitate handia dago han- zein edonon. Selekzioko deialdiak Palestinan izaten dira. Baina jokalariek arazo eta traba ugari izaten dituzte hara iristeko. Hasteko ezin dute zuzenean Ramalara hegazkinez joan, Jordaniara joan behar dira lehenik, handik muga pasatzera, eta behin eta berriz aipatzen ari garen traba eta oztopoak ezartzen dizkiete.
Aurrerantzean zeintzuk dira Palestinako Selekzioak kirol eta administrazio ikuspegitik dituen erronka nagusiak?
Alde ekonomikoa erronka garrantzitsua da. Palestinako futbolak ez du oraindik beste lekutan futbolak sortzen duen errentagarritasun ekonomikoa eta.
Liga bakar bat egotea ere, erronka da. Zergatik estatu bakarrekoa izanda liga batek Gazan jokatzen du eta besteak Zisjordanian? Ez du zentzurik.
Horrekin lotuta kirolarien mugitzeko askatasuna ere beharrezkoa da.
Eta Palestinako selekzioa bera ezagutzera ematea ere, erronka bat da. Ezagutzera eman behar da eta dirudun futbolarekin konplizitateak josi. Adibidez, egokia litzateke futbol egitura horrek haintzat hartzea Palestinan futbolean ari direnak, aurredenboraldietan gonbidatzea, futbol eskolak sustatzea… Ondo leudeke horrelako gauzak.
Dauden ezberdintasunak daudela ere, eta gure antzera kataluniarren egoera ezagutuko duzun heinean, nola ikusten duzu Euskal Selekzioaren, eta oro har estaturik gabeko selekzioen nazioarteko ofizialtasuna? Nondik joko zenuke zuk?
Nik berdintasunaren printzipiotik joko nuke. Hasieran FIFAko estatutuek ontzat ematen zuten estaturik gabeko herrien ordezkaritza. Horrela daude Gales, Eskozia, Ipar Irlanda eta abar. Eta begira, Mexikoko kongresuan, ni izan nintzen bertan, eta han Espainiak Gibraltarren onarpenaren alde bozkatu zuen.
Eta zu nolatan zinen han?
Normalean Federazioko presidentea eta presidenteordea joan ohi dira FIFAko kongresuetara, baina Palestinaren kasuan abokatu bat eramatea ere beharrezkoa ikusi zen. Eta Palestinako ordezkaritzako aholkulari juridiko gisa joan nintzen ni.
Garai honetan, etxeetan konfinatuak gauden honetan, patxadaz hainbat hausnarketa egiteko une egokia izan liteke. Zer aipatuko zenuke zuk?
Futbolak inon bakearen alde ekarpen bat egiteko gaitasuna badu Palestinan da. Futbolean aritzen diren palestinarrek, talde lana jorratzen dute, diziplinaren balorea lantzen dute eta futbolean ari direla, eurentzako amaigabeko konfinamendua den egoera horretatik ihes egiten dute. Ohartu adibidez, Gazan futbolean ari den neska-mutikoa seguruenik bere bizitza osoan Gazatik atera gabe dagoela.
Funtsean kontua ez da bakearen aldeko partidak antolatzea, nazioen eskubideetan oinarritutako kirol jarduera garatzea baizik. Hori da kiroletik, eta ez bakarrik futboletik, bakeari egin al zaion ekarpen izugarria.
Hemen, eta arrazoi osoarekin, osasun materialak ez direla iristen kexatzen ari gara. Baina sarritan ondo dago gure egoera beste batzuen egoerarekin alderatzea. Palestinara, osasun materialak iritsiko dira ala ez, baina beti Israelek baimentzen badu iritsiko dira bakarrik.
Eskerrak oraingo honetan ohartu dela Israel, Palestinan birusa hedatzen bada, Israelen ere hedatuko dela, eta elkar lanean ari dira.
San Ignacio 0-1 Eibar
IX.Euskal Herria Koparen final-laurdenetan Eibar nagusitu da Udal Kiroldegia (San Ignacio) zelaian jokatutako kanporaketan. Finalerdietan Athleticen aurka jokatuko du, Galdakaon
Mulier FCN 0-1 Alaves
IX.Euskal Herria Koparen final-laurdenetan Alaves nagusitu da Osabidea (Gares) zelaian jokatutako kanporaketan. Finalerdietan Realaren aurka jokatuko du, Arrasaten.
.
San Ignacio – Eibar, maiatzaren 12an
IX.Euskal Herria Koparen final-laurdenak jokatuko dituzte San Ingacio – Eibar teldeek, San Ignacioko Udal Kiroldegian, maiatzaren 12an, eguerdiko 12:00etan. Sarrerak doan izango dira