HERRI KIROLAK/SOKATIRA
Goiherrik irabazi du Euskadiko Sokatirako Txapelketa 560 kilotan
Pasa den larunbatean, Fadurako atletismo pistako landan lehiatu zen Euskadiko Lur Gaineko Sokatira Txapelketa 560 kiloko kategorian. Lau taldek parte hartu zuten txapelketa honetan eta azkenean Goiherrik eraman zuen txapela etxera.
Garaipena azkeneko tiraldian erabaki zen, non Erandioko Goiherri eta Laukizko Gaztedi aritu ziren nor baino nor gehiago. Aurretik biek irabaziak zituzten Getxo eta Akelarre taldeen aurkako tiraldiak eta beraz haien arteko norgehiagokan erabakiko zen txapela nork jantziko zuen.
Azkeneko lehia honetan Goiherri taldeko tiralariak nagusitu ziren eta ondorioz 560 kiloko kategorian aurtengo Euskadiko txapeldunak dira, guztira 9 puntu lortuta. Bigarren postua Gaztedirentzat izan zen, 6 punturekin. Hirugarren Getxo sailkatu zen 3 puntu erdietsita, eta laugarrena Akelarre izan zen, punturik pilatu gabe.
Bost mailetan jokatu da Euskadiko Txapelketa, eta horietariko lautan lortu du garaipena Goiherrik: 680, 640, 600 eta 560 kilotan. Salbuespena 580 kilotako kategoria mistoan eman zen, non Gaztedi izan zen irabazlea, Goiherriren aurretik.
Txapelketako jardunaldiak:
-Lehenengo jardunaldian, abuztuaren 8an jokatu zena, 680 kiloetako kategorian, Getxo, Goiherri, Akelarre, Mutriku eta Gaztedi taldeak aritu ziren nor baino gehiago. Txapelduna Erandioko Goiherri izan zen. Bigarren Mutriku, ondoren Akelarre Erandiokoa, eta laugarren Getxo. Gaztedik parte hartzerik ez zuen izan, taldekide batek koronabirusaren proban positiboa eman zuelako.
-Bigarren jardunaldian, abuztuaren 15koa, 640 kiloetako kategorian, Getxo A-B, Akelarre, Mutriku eta Gaztedi taldeek neurtu zituzten indarrak. Azkenean, Goiherri izan zen irabazlea, bigarren postua Gaztedik eskuratu zuelarik. Mutriku izan zen hirugarrena, Akelarre laugarrena eta Getxo bosgarrena.
-Hirugarren jardunaldian, abuztuak 22koa, 580 kiloko mistoan, Goiherri, Akelarre eta Gaztedi izan dira aurkariak. Arestian esan bezala, Gaztedi izan da txapelduna, Goiherri bigarren, eta Akelarre hirugarren izan direlarik.
-Laugarren jardunaldian, abuztuak 29an, 600 kilokoan, Getxo, Goiherri «A», Goiherri «B», Akelarre, Mutriku eta Gaztedi taldeen txanda izan da. Goiherri A taldeak eskuratu du garaipena, atzetik Gaztedi, Akelarre, Mutriku, Getxo eta Goiherri B.
-Bosgarren eta azken jardunaldian, irailaren 5ean jokatu zena, 560 kiloetako kategorian, Getxo, Goiherri, Akelarre eta Gaztedi taldeak aritu ziren. Goiherri izan zen txapelduna, bigarren Gaztedi, hirugarren Getxo eta laugarren Akelarre sailkatu zen.
Gaztedi A taldea, Euskadiko Sokatira txapeldun
680 kiloko kategoriako lehiaketa hiru jardunalditan burutu dute, Azkoitian, Berriatuan eta Deban
Pisu astunetan ere Beti Gazte garaile Nafarroako launakako sokatira txapelketan
Tiralari helduekin batera, 20 urtez azpikoek eta kadete mailakoek ere lehen jardunaldia jokatu zuten Antsoainen
Beti Gazte A taldeak irabazi du Nafarroako launakako sokatira txapelketa mistoa
Beti Gazte B bigarren izan zen eta Amaiur B hirugarren