ARGITALPENAK/HERRI KIROLAK
Geure Sport aldizkari digitalaren 8. alea
Geure Sport herri kirol aldizkariaren edizio digitalaren zortzigarren alea irakurgai dago
Atera berri den ale honetan, Emakumeen Banakako Aizkolari Txapelketan bigarren geratu zen Nerea Sorondorekin solasaldia irakurtzeko aukera eskeini digute.
Emakumeen Urrezko Banakako Aizkolari Txapelketan lau aizkolari aritu ziren lehian: Nerea Sorondo beratarra, Itxaso Onsalo aresoarra, Maika Ariztegi iturendarra eta Irati Astondoa bizkaitarra.
Ligaxkako jardunaldiak jokatu eta gero hoietatik hiruk eskuratu zuten finalerako txartela: Nerea Sorondo, Irati Astondoa eta Maika Ariztegi, hain zuzen.
Finalaren egunean, lehia estuaren ondoren, Irati Astondoa zeanuritarrak jantzi zuen txapela, 6 minutu eta 32 segunduko denboran bere lanak amaituta. Nerea Sorondok, aldiz, 6:38ko denbora egin zuen. Hirugarren postuan Maika Aristegi, 8 minutu zehatz izanik bere denbora.
Aurreko urteetako emaitzei erreparatuta, Nerea Sorondo zen aurtengo Emakumeen Urrezko Aizkolarien Txapelketa irabazteko faboritoa, baina nafarra bigarren postuan geratu zen Azpeitiko Izarraitzen jokatutako finalean, nahiz eta oso gertu izan zuen txapela jantzi zuen Irati Astondoa.
Elkarrizketan, txapeldunordeak aitortzen du irabazteko itxaropen osoarekin joan zela finalera, baina lehiakideen artean diferentzia gutxi egonda edozeinek jantzi zezakeela txapela. Finalean zeuden hiruak daude txapela lortuta, eta hori ez da kasualitatea.
Finala hasi eta konturatzerako, Irati Astondoa ihes eginda zeukan, eta geroago apur bat errekuperatu bazen ere, dagoeneko beranduegi zen eta ezin izan zuen garaipena eskuratu. Hasierako motelaldi honen arrazoia urduritasuna izan zitekeela aipatzen du, eta horri egozten dio garaipena lortu ez izanaren errua, haien artean tarteak hain txikiak direnean akats bat nahikoa baita aukerarik gabe gelditzeko.
Emakumeen aizkora aztertzeko parada ere izan du beratarrak, eta egungo egoerari buruz ikuspegi baikorra dauka, kalitateari dagokionez maila onean daudela uste du, arazoa kopuruan dagoela azpimarratuz, oso justu baitaude eta norbaitek huts egiten baldin badu, ez dago txapelketarik.
Etorkizunari begira, hurrengo erronka uztaileko Euskal Herriko Txapelketa zen baina atzeratuko dela uste du, egutegia berrosatu arte egoera ez delako argituko. Santo Tomas egunean Donostian jokatzen den Urrezko Kopa ere garrantzitsua da beretzat, ordurako gauzak normalduta egotea espero duelarik.
Azkenik, pandemiak astindutako egun hauetan nahiko ondo moldatzen dela komentatzen du, goizetan lan egin eta gainerantzean etxean ariketa fisikoak egiteko nola edo hala moldatzen delarik.
Geuresport aldizkariaren edizio digitalaren 8.alea irakurtzeko sakatu HEMEN
Lehenengo alean, Mikel Larrañaga eta Jon Rekondori, pasa den martxoaren 7an Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketaren irabazleei egindako elkarriketatxoa ekarri zuten gurera argitalpenaren egileek.
Bigarren alean, egun berean jokatutako 2020ko Urrezko Harrijasotze Txapelketaren irabazle suertatu zen Xabier Peñarekin elkarrizketa burutu zuten.
Hirugarren alean, Emakumeen Banakako Aizkolari Txapelketaren irabazlea den Irati Astondoarekin solasaldia irakurtzeko aukera eskeini ziguten.
Laugarren alean, Urdax Magunazelaia harrijasotzailearekin elkarrizketa dakarkigute, azkeneko Urrezko Harrijasotze txapelketan txapeldunorde izandakoa.
Bosgarren alean, Ioritz Gisasola Zelai IV.a eta Suharri Rodriguez, Urrezko Binakako 23 urtez azpiko txapeldunei elkarrizketa irakurgai.
Seigarren alean, Axel Larrañaga eta Markel Zapiain, Urrezko Binakako 19 urtez azpiko txapeldunei egin diete elkarrizketatxoa aldizkariaren egileek.
Zazpigarren alean, Virginia Finol, Euskal Herriko ingude-jasotze txapelketako irabazlearekin solasaldia.
Binakako Aizkolari Txapelketako hirugarren jardunaldia lehiatu zen Iraetan
Hodei Ezpeleta eta Jokin Urretabizkaia nagusitu ziren, Zaldua eta Txapartegiren aurka
640 kiloko Euskal Herriko sokatira txapela jantzi dute Beti Gazteko mutilek
Emakumezkoen 540 kiloko bigarren jardunaldia ere jokatu zen larunbatean Berangon
Binakako Aizkolari Txapelketako bigarren jardunaldia lehiatu zen Burgelun
Julen Alberdi ‘Txikia VI’ eta Suharri Rodriguez nagusitu ziren, Mugertza eta Gabirondoren aurka