TXIRRINDULARITZA
Getxoko zirkuitua, “zero ikusleko” ekitaldia
Datorren igandean, abuztuaren 2an, jokatuko da Getxoko 75. Zirkuitoa eta pairatzen ari garen osasun egoera dela eta, aurtengo edizioa publikorik gabeko ekitaldia izateko beharrezko prebentzio-neurriak iragarri dituzte.
Osasun eta kirol agintariekin koordinatuta, Getxoko txirrindularitza-lasterketak plan bat diseinatu du kutsatzeko arriskua ahal den neurrian gutxiagotzeko, azken aste hauetan izandako berragertzeen aurrean neurri guztiak hartzea beharrezkoa den unean.
Punta Galea Txirrindularitza Elkarteak, Getxoko Udalarekin elkarlanean, beharrezko neurriak hartuko ditu irteeran nahiz helmugan publikorik ez izateko. Bi gune hauek, Bizkaia zubia eta Getxoko epaitegiak, hesituak egongo dira eta bertara soilik sartu ahalko dira txirrindulariak, taldeak, antolakuntzako kidegoa eta prentsako langileak, den-denak segurtasun distantzia mantenduz eta musukoa jantzita.
Osasun protokolo hauek txirrindulariak hartuko dituzten hoteletan ere ezarriko dira, talde bakoitzak solairu ezberdin batean lo egingo duelarik eta bazkalorduak ere gela ezberdinetan egingo direlarik.
Era berean, Eusko Jaurlaritzako Osasun Departamentuak kirol-ekitaldiak antolatzeko gomendatutako segurtasun- eta higiene-neurri guztiak kontuan hartzeaz gain, sarien banaketa ateak itxita egingo da Getxoko udaletxeko osoko bilkuren aretoan.
Antolatzaileek, bestalde, jendeak lasterketa telebistaz jarrai dezala eskatu dute, zaleen eta txirrindularien osasuna bermatzeko, ekitaldia ETB1 eta eitb.eus bidez jarraitzeko aukera izango baita, 11:30etik aurrera.
Trafiko-neurriak
Lasterketa dela eta, datorren igandean, abuztuaren 2an, 11:00-17:30 tartean hurrengo neurriak egongo dira indarrean:
Debekatuta egongo da lasterketaren noranzkoan zirkulatzea.
Artatzako biribilgunean, Ereagako noranzkoko zirkulazioa 9:30etik aurrera etengo da, eta Ereagako hondartzarako, Kirol-porturako eta Portu Zaharrerako sarbidea 7:30etik aurrera.
Euskal Herria kalea: Trafikoa moztuta autobiarako noranzkoan.
Sarrikobaso kalea: Zirkulazioa debekatuta Algortako Etorbiderako noranzkoan (Algortarako sarbidea Bidezabaletik).
Erredentore kalea: Zirkulazioa debekatuta Sarrikobasorako noranzkoan.
Los Chopos etorbidea: Norabide bakarreko helbidea Plentzia-Bilbo.
Zugatzarte etorbidea: Zirkulazioa debekatuta Bilborako noranzkoan.
Getxoko Zirkuitua
Getxoko Zirkuitua-Otxoa Anaiak Memoriala nazioarteko mailako lasterketaren 75. edizioa lehiatuko da datorren abuztuaren 2an, Bahrain McLaren taldeko Mikel Landa eta Pello Bilbao, aurtengo munduko txapelduna den Mads Pedersen daniarra (Trek Segafredo), Mark Cavendish britainiarra (Bahrain), Fernando Gaviria kolonbiarra (UAE Emirates), Noruegako Alexander Kristoff Kristoff (UAE Emirates) eta birritan lasterketa irabazi duen Carlos Barbero (NTT) espainiarra ere egongo direlarik Getxon.
Lasterketaren aurtengo edizioak 177 kilometro izango ditu, horietariko 144, 24 kilometro dituen zirkuituari sei buelta emanda osatuko dituztelarik, tartean Akarlandako igoera (%5,3a) eta Arkotxako hesia (%6,7a).
Aurtengo nobedadea, amaierako 33 kilometroak izango dira, helmugarako 17 faltako direnean Pike Bidera igoera egongo delarik, 2,2 kilometroko ibilbidea Sondika eta Bilbo artean %9,4ko pendizarekin eta %14ko aldapa batekin.
Guztira, 19 talde lehiatuko dira Getxoko Zirkuituan, tartean World Tour kategoriako bost, Movistar, Bahrain, NTT, Trek eta UAE Emirates. Gainontzeko taldeak honakoak:Euskaltel-Euskadi, Nafarroako Caja Rural eta Kern Pharma taldeak, Burgos BH, Kometa eta GIOS espainiarrak, Dinatek eta Androni Giocattoli italiarrak, Efapel eta Feirense portugaldarrak, Nippo frantziarra, Bingoal belgikarra, Novo Nordisk estatubatuarra eta Massi paraguaiarra.
Roberto Laiseka Euskaltel taldeko txirrindulari ohia (Frantziako Tourrean eta Espainiako Itzulian etapa garaipenak lorturikoa) izango da lasterketaren ohorezko zuzendaria.
Iazko edizioa
2019ko edizioan, Jon Aberasturik (Caja Rural) irabazi zuen Getxoko Zirkuitua. Alex Aranburu bere taldekide eta aurreko urteko irabazlea izan zen bigarren, gasteiztarrarengandik bost segundora, eta Lorenzo Manzin (Vital Concept) hirugarren, zortzira. Ibilbide berriaren lehen urtea zen, eta zaleak gustura gelditu ziren ikuskizunarekin.
2019ko Getxoko Zirkuitoko sailkapena ikusteko sakatu HEMEN
TXIRRINDULARITZA
Bilbotik abiatuko da aurtengo Getxoko Txirrindulari Zirkuitua
Abuztuaren 1ean egingo den nazioarteko probak Bilbotik atera ondoren berreskuratuko du ohiko hiri-zirkuitua
Igor Arrietak irabazi du Loinatz proba
Abiatzen Txapelketa bukatzeko proba bakarra falta dela, Unai Iribar (Laboral Kutxa) dugu lidergoan
Anna Van Der Breggen nagusi Durango-Durango Klasikan
Munduko txapeldunak esprintean irabazi zion Van Vleuteni