EUSKAL PILOTA
Gaztañaga eta Gurutzeta garaile, Sagardoaren Txapelketako bigarren jardunaldian
Segurola eta Larrañagak 26-30 garaitu zituzten Etxarri eta Barrenetxea V.a eta Goikoetxea V.a eta Aizpuru III.ak 24-30 irabazi zuten Juanenea eta Zubiriren aurka Sagardoaren Txapelketaren bigarren jardunaldian, Erremontari saioaren barruan. Beraz Gaztañagak eta Gurutzetak lau puntu batu zituzten beraien lehendabiziko partiduan eta Oialume Zar eta Larre Gainek garaipena ezagutu gabe jarraitzen dute bigarren partidua jokatu eta gero.
Orain sailkapenean Urriza-Zaldua (Bereziartua), Ansa II-Labaka (Setien), Segurola-Larrañaga (Gaztañaga) eta Goikoetxea V-Aizpuruk (Gurutzeta) lau puntu dituzte partidu bakarra jokatu eta gero. Etxarri eta Barrenetxeak (Oialume Zar) hiru puntu dituzte atzo puntu bakarra gehitu eta gero eta Juanenea-Zubirik (Larre Gain) ixten dute sailkapena bi punturekin, puntu bana lortuta beraien bi partiduetan.
Erremontari saioaren lehenengo partiduan Segurola eta Larrañagak garaipena lortu zuten Etxarri eta Barrenetxearen aurka. Alternatiba asko izan zituen partiduak eta berdinketa ugari egon ziren. Partidua azken unean erabaki zen eta hor protagonista Larrañaga izan zen. 26nako berdinketa eta gero sakearekin bi tanto egin zituen eta partidua bikain amaitu zuen pilotakada batekin.
Etxarri eta Barrenetxeari, aurreneko partiduan gertatu zitzaien bezala, amaieran egin zien ihes partidak. Galtzen hasi ziren, baina Barrenetxea sakearekin asmatzen hasi zen. Bost tantogatik galtzen egon eta gero aurretik jarri ziren baina azkenean galdu egin zuen Oialume Zarrek eta Segurola eta Larrañagak garaipen garrantzitsua lortu zuten.
Bigarren partiduan oso berdindua izan zen, baina partiduaren erdialdean Juaneneak tanto batzuk erreskadan egin eta lau tantoren aldea lortu zuten, 21-17. Sakea lagun, urdinak pixkanaka aldea murrizten joan ziren eta 22na berdindu zuten. Momentu erabakigarrian Goikoetxeak gehiago gozatu zuen eta besoa astintzeko aukera gehiago izan zituen. Aizpuruk ongi atera zuen eta 2-8ko partizalarekin lau puntuak eta garaipena eskuratu zuten eta gorriek bigarren porrota batu zuten.
Sagardoaren Txapelketako bigarren jardunaldiko emaitzak:
Etxarri-Barrenetxea IV.a (Oialume Zar) 26 Segurola-Larrañaga (Gaztañaga) 30
Juanenea-Zubiri (Larre Gain) 24 Goikoetxea V.a-Aizpuru III (Gurutzeta) 30
Hurrengo jardunaldia apirilaren 26an lehiatuko da, honako norgehiagokak izango direlarik: Urriza-Zaldua vs. Ansa II.a-Labaka eta Etxarri-Barrenetxea IV.a vs. Goikoetxea V.a-Aizpuru III.a
Pilotaren ofizialtasuna Nazioarteko Federazioaren mahai gainean
Ezohiko Batzar Orokorra deitu du Euskal Herriko Pilota Federazioak egindako eskaera ebazteko
Emaitza bikainak lortu ditu Pilotako Euskal Selekzioak Munduko Txapelketan
Altziran jokatu da C.I.J.B Erakundearen Munduko txapelketa
Euskal Pilotan Euskal Selekzio ofiziala!
Euskal Pilota Selekzioa kolektiboak aldarrikapen ekitaldia egin du Durangon Euskal Selekzioa aldarrikatzeko