EUSKAL PILOTA
Gasteiz, pilotaz blai asteburuan, GRABNI txapelketako finalekin
GRABNI Txapelketa Eskal Herriko federazio ezberdinetako selekzioen arteko lehiaketa ospetsua da, Errioxakoak ere parte hartzen duelarik (Gipuzkoa, Araba, Bizkaia, Nafarroa, Iparralde eta Errioxako federazioen selekzioak, alegia).
Aurten, GRABNI normaltasunera itzuli da bi urteko ziurgabetasunaren ostean eta txapelketaren oinarriak berreskuratu ditu, pandemiak azken bi urteetan aldatu ostean. Hitzordua bertan behera geratu zen 2020an, eta 2021ean, berriz, hainbat modalitaterik gabe eta lehiaketa-sistema murritzagoarekin egin zen.
2022ko lehiaketan, lehenik, ligaxka jokatu dute guztiek, martxoaren 13ko asteburuan hasi eta apirilaren 10ekora bitartean. Behin ligaxka amaituta, iragan asteburuan jokatu zituzten finalerdiak, Nafarroa eta Errioxan. Nafarroan 8 jaialdi eta Errioxan 4 jaialdi jokatu ziren, asteburu osoan zehar.
Bertako irabazleek apirilaren 29 eta 30 eta maiatzaren 1ean Gasteizen jokatuko diren finaletarako txartela irabazi zuten. Asteburu honetan beraz, Mendizorrozako pilotalekuetan zein trinketean, Astronomos trinketean eta Lakuako frontoian jokatuko dira GRABNI txapelketako final denak, bihar hasi eta igandera bitartean.
Guztira 55 final jokatuko dira ostiral, larunbat eta igande bitartean. Ezker Horman 38 eta Trinketean 17. Ostiralean bi final bakarrik jokatuko dira Astronomoseko Trinketean, 44 larunbatean (goiz eta arratsaldez) Mendizorrotzan, Lakuan eta Astronomosen eta 9 final igande goizean Mendizorrotzan.
Federazioka, horrela geratu da finalen zenbaketa:
Ezker Horma:
- Bizkaia: 23.
- Nafarroa: 22.
- Gipuzkoa: 19.
- Araba: 5.
- Iparralde: 5.
- Errioxa: 2.
Trinketea:
- Nafarroa: 15.
- Iparralde: 8.
- Bizkaia: 6.
- Gipuzkoa: 5.
- Araba: 1.
- Errioxa: 1.
Ezker Horman, titulu orokorra oso lehiatuta egongo da, Bizkaiko, Nafarroako eta Gipuzkoako federazioak oso berdinduta baitaude final kopuruari dagokionez eta final gehien irabazten dituenak azken titulu globala lortuko baitu. Trinketean, Nafarroako federazioa etxeko lanak eginda iristen da, eta gainerako federazioei ia final kopuru bikoitza ateratzen die. Hala ere, gutxienez finalen erdia irabazi beharko dute garaipen orokorra ziurtatzeko.
Ostiraleko Astronomos Trinketeko finalak eta Lakuako arratsaldeko lehen bi finalak ETBn izango dira ikusgai. Bestalde, larunbatean Ogetan jokatuko diren gizonezkoen Eskuzko finalak zuzenean emango dira Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzaren YouTubeko orrialde ofizialean.
Plazandreak Udako Torneoaren hirugarren jardunaldia jokatu da
Ainhoa Ruiz de Infantek, Maite Ruiz de Larramendik eta Leire Garaik osatzen duten Naroa Elizalderen agindupeko taldeak eskuratu zuen garaipena
Euskal Herriko Pala Txapelketako finalerdiak, hurrengo asteburuan
Euskal herriko Pala Txapelketaren XXXVIII. edizioa azken fasean sartu da, astebukaeran sei finalerdiak jokatuko direlarik
Urriza eta Zubiri nagusitu dira Galarretako 50. urteurreneko txapelketan
Juanenea eta Endikaren aurka erraz nagusitu ziren pasa den larunbatean jokatutako finalean