EUSKAL PILOTA/ERREMONTEA
Galarreta pilotalekuak 50 urte bete ditu
Duela 50 urte jokatu zen lehen erremonte partida Galarreta Jai alai pilotalekuan eta datorren astean hasiko da urteurrenaren omenez sortu den punta puntako txapelketa
1970. urteko ekainaren 13an inauguratu zen Hernaniko Galarreta frontoia, Oriamendi 2010 enpresaren jabetzakoa egun, eta ordutik erremontearen jardueraren oinarria izan da, izan ere, ireki zutenetik ia etenik gabe lehiatu dira partidak bertan.
Galarretako eraikuntza, Orioko hiru empresa gizonen ekimena izan zen, Eugenio Azkue buru zela, eta inaugurazioaren egunean bi mila pilotazale baino gehiago bildu ziren festa giroan. Ordutik hona, gorabehera haundiko ibilbidea izan du Galarretak, 43 egunez jarraian partidak izaten ziren garai gogoangarrietatik, harmailak erdi hutsik geratu zirenera.
Lehenago, Donostiko Urumea pilotalekuan jokatzen zen (1968an itxi zuten arte), eta Galarreta eraikitzen zen bitartean bi urtez Beran eta Iruñeako Euskal Jain izaten ziren partidak. Euskal Jai zaharra 1978. urtean itxi eta Euskal Jai berria ireki zuten Huarten, 1993rarte nahiko ongi funtzionatu zuelarik.
Egun, ohikoa dena da ostegun zein larunbatetan jaialdiak antolatzea, baina 1982an adibidez, uztailaren 25etik irailaren lehenengo asterarte egun guztietan jokatu ziren partiduak.
Galarretatik ehunka pilotari pasatu dira eta zaila da jakitea onenak zeintzuk izan diren, garai bakoitzean materiala ezberdina zelako. Lekumberri, Raul, Aierbe, Erro, Mujika I, Intxauspe, Elizalde, Matxin, Prat, Agerre, Eizagirre, Koteto Ezkurra, Zeberio II, Altuna, Lizaso, Urrutia, Barrenetxea IV. …historian zehar izandako pilotari trebeen zerrenda luzea da inondik inora.
Covid19 gaitzak sorturiko egoeraren ondorioz, ezinekoa suertatu da Galarretak bere urrezko ezteiak ospatzea. Oriamendi 2010 enpresak bazkari bat antolatua zuen, pilotalekua zabaldu zenetik gaurdaino bertan aritutako berrehun pilotari baino gehiagorekin, sari banaketa tarteko. Tamalez, hurrengo urterarte itxoin beharko da, Galarretaren urteurrena merezi bezala ospatu ahal izateko.
Etorkizunari begira dauden erronkak argi dituzte erremontearen munduan murgilduta daudenak: oinarria gehiago landu pilotari berriak atera daitezen, beste modalitateetako jendea erakartzeko gaitasuna izatea, erremonte-eskola berriak sortu (Galarretan bertan dagoenaz aparte), pilota munduko klubek erremonte sail bat izatea, erakundeen aldetik babes gehiago eskuratzea…
Mahai gainean dauden ametsen artean, Txapelketa Nazional bat antolatzea dago, hau da, Iruñean, Gasteizen, Donostian, Miarritzen, e.a. jokatuko litzatekeen lehiaketa bat martxan jartzea. Azken batean, helburua da, Galarretaz haratago, erremontearentzat etorkizun sendoago bat marraztea Euskal Herri luze-zabalean.
e-Remonte Beti Euskal Jai enpresa berria aurkeztu dute Iruñean
Bidenabar, 2020ko Iruñeko Alde Zaharreko VI. Erremonte Txapelketaren berri eman dute
Abian da Galarretaren 50. urteurreneko Erremonte Txapelketa
Juanenea-Endikak eta Ansa II-Larrañagak nahiko erraz gainditu zituzten Urriza-Zubiri eta Goikoetxea V-Barrenetxea IV
Iera Agirre-Maite Ruiz de Larramendi eta Galeano ahizpak, finalera
Pilota goxoko zein mistoko finalak datorren igandean, ekainak 28, lehiatuko dira Irungo Urantzu pilotalekuan