KIROLA ETA EUSKARA/FUTBOLA/ELKARRIZKETAK
“Futbolaren inguruko hizkuntz kultura berri bat sortu behar dugu”
Beñat Larrañaga (Lasarte, 1985), Gipuzkoako Futbol Federazioko presidenteordea da, bertako euskara batzordeko arduraduna eta Euskadiko Federazioko juntakidea ere. Lanbidez irakaslea den arren, egun Usurbileko Udalean ari da zinegotzi lanetan. Kirolari moduan, Eibarren debutatzera iritsi bazen ere, profesionaltasunaren atarian geratu zen. Gipuzkoako Federazioak antolatutako “Futbol entrenatzaile ikastaroak euskaraz” jardunaldiaren karira elkarrizketatu dugu.
Egun on, nola bururatu zitzaizuen jardunaldi hau antolatzea?
Jardunaldi hau, azken hilabeteetan Eusko Jaurlaritzarekin elkar lanean lortu dugun akordio baten agerpen publikoa izan da.
Gu, Gipuzkoako Futbol Federazioan sartu ginenean, gure hautagaitzaren ikur inportanteenetakoa zenez, euskararen gaia zehar lerro moduan jorratzen hasi ginen. Eta kontu honetan gainera neuk banuen bizipen pertsonal bat. Entrenatzaile titulua ateratzea erabaki nuenean ezinbestean erderaz egin behar izan nituen ikastaroak. Ez nik eta ez beste inork ez zuen beste aukerarik garaian. Bukaeran proiektu bat aurkeztu behar zenez, euskaraz egiten saiatu nintzen eta ez zidaten onartu ere egin.
Bingen Zupiriak, Eusko Jaurlaritzako Kultur sailburuak eta Federazioko presidenteak egin zuten sarrera.
Bai, esan dudan moduan, elkarlanean aritu gara. Guk gure asmoen berri eman genienean, esan ziguten modu orokorrago eta zabalago baten lanketan zebiltzatela eta gure asmoak bat egiten zuela eurak jorratzen ari ziren bidearekin. Eta oraindik eurena osorik martxan jarri gabe bazuten ere, bat egin genuen eta lanketari ekin genion.
Zein da zehatz publiko egin duzuen akordioa?
Zehazki akordioak UEFAko entrenatzaile tituluak euskaraz egiteko aukera ematen du. Lehen aldia da, UEFAk hizkuntz gutxitu batean aritzeko aukera zabaltzen duena. Eta modu zabalagoan, bide hori gero eta gehiago lantzeko helburuarekin egina dago.
Akordioa aurkezterakoan lanketatxoa egin duzue ere. Eta adibidez, Aztikerreko ordezkari bat Gipuzkoako Klubetako euskararen egoeraz aritu da.
Bai, Aztikerrek azterketa oso serioa egina zuen 2016an klubetako euskara egoera aztertuz. Entrenatzaileen gaiak izugarrizko garrantzia du honetan, taldean eragin izugarria duelako entrenatzailearen jardunak. Nolabait taldeko liderrak dira. Ez nuke hanka sartu nahi (eurak azalduko lizuekete, egokiago), baina uste dut esaten zutela entrenatzaile aritzen ziren gehienak ez zirela tituludunak. Euskararen ezagutza aldetik %90ak bazuela maila, baina erabilera askoz murritzagoa zela. Eta horretan eragin behar zela. Esan zuen ere, bost umetatik batek futbola egiten duela eskola kirolean
Josu Zubia, entrenatzaile eskolako zuzendaria ere aritu zen UEFA-ko ikastaroak euskaraz ematearen arrazoiak azaltzen.
Aipatu zuen, datorren astean bertan zabalduko diren izen emateetan, ikastaroak, zehazki UEFA C (16tik beherako gazteekin aritzeko ahalbideratzen duena ) eta UEFA B (Gipuzkoan erregional mailan aritzekoa), euskaraz eman ahal izango direla. Eta eskubide bat baliatzeaz gain, batez ere gazteekin aritzeko balekoa den UEFA C ikastaroak euskaraz izatearen garrantzia azpimarratu zuen.
Eta azkenik mahai-inguru bat izan zenuten non Miren Dobaran (kultura sailburuordea), Aritz Olagoi (KEES metodologia), eta zu zeu aritu zineten kirolean euskara nola txertatu aztertzen.
Eusko Jaurlaritzatik azkenean Estibalitz Alkorta, hizkuntz-politikako zuzendaria etorri zen. Funtsean eurak duten plan orokor horretaz aritu zen. Eta talde kirolek duten garrantziaz, bereziki futbolak, aritzen den jende kopuruagatik.
Aritz Olagoik, garatzen duten metodologia azaldu zuen, funtsean eragin puntuak ondo identifikatzeko (eta honetan entrenatzaileak duen garrantzia) eta ondoren jarraipen pertsonalizatua eta zehatza egiteko.
Eta ni, imajinario kolektibo bat sortzearen beharraz aritu nintzen. Izan ere, gutako askok futbola erderaz bizi behar izan dugu, eta gaur egun ere, hala izaten da kasu askotan. Gehien kontsumitzen den futbola, elitekoa, erderaz kontsumitzera behartuta gaude gehienetan.
Futbolean euskaraz aritzea arrotza egiten zaigu batzuetan, ez dugu ohiturarik. Pelikula bat euskaraz ikustea batzuetan arrotz egiten zaigun moduan, futbolarekin berdina gertatzen zaigu eta errealitate hori aldatzen saiatu behar dugu. Futbolaren inguruko hizkuntz kultura berri bat sortu behar dugu, euskarazko entrenamenduetako materiala sortzen, futbolaren inguruko euskarazko liburuak sortuz, erreferenteak euskaraz aritzea lortzen… esan dudan moduan, imajinario kolektibo bat eratzea izan behar du erronka.
Ze balorazio egiten duzu?
Oso pozik geratu gara. Jende asko etorri zen eta giroa oso ona izan zen. Baina hau hasiera besterik ez da.
Mikel Aranburu: «Gure erreferentziak, gure ikurrak behar ditugu»
Mikel Aranburu, Errealeko jokalari ohiarekin elkarrizketa, Euskal Selekzioa ardatz hartuta
Gorka Etxeberria: «Euskal Herriko lurraldeetako futbol eskolek kohesioa behar dute, zubi lana behar da»
Gorka Etxeberria, entrenatzailea eta futbol analistarekin solasaldia
Eneko Pou: «Neurri batean Euskal Herriaren enbaxadoreak gara munduan zehar»
Eneko Pouri elkarrizketa. Mendi-gidaria eta eski-irakaslea; alpinismoan, eskalada librean, muturreko eskian eta izotzeko eskaladan aritzen da