EUSKAL PILOTA

Finalean izango dira Zubiri eta Urriza

2020/07/12

Argazkiak:oriamendi2010

Finalerako txartela lortu dute Urrizak eta Zubirik Galarretan jokatutako finalaurre zirraragarrian eta Juanenea eta Endikaren aurkariak izango dira datorren larunbatean.

Urriza eta Zubirik 28-35 garaitu zituzten Ansa II.a eta Larrañaga Galarretaren 50.Urteurreneko Txapelketaren finalerdian. Partida ederra izan zen, lau pilotariak ongi aritu ziren, eta Urrizak bere maila bikaina erakutsi zuen hasieratik.

Peloteatuak izan dira tantoak, eta orohar oso gogorra izan zen lehia. Bi-hiru tanto egin eta tartea zabaltzea lortzen zuten urdinek, baina berriro gerturatzen ziren aurkariak.

Aurreneko tantuetatik urdinek markagailuan agintzen jarri ziren, nahiz eta gorriek hurbiltzea lortu zuten, izan ere, 2-8 aurreratu ziren Urriza eta Zubiri, baina Ansa eta Larrañagak markagailuari buelta ematea lortu zuten, 12-11 jartzeraino.

Urdinak berriz ere ireki zuten zirrikitua markagailuan (14-20) (18-25), baina gorriek ez zuten etsi eta tanto batera hurbildu ziren, 28-29. Orduan, ordea, sakea huts egin zuen Larrañagak, eta hortik aurrera, tanto guztiak urdinen aldera erori ziren.

Urrizak 23 tanto eta bi akats egin zituen finalerdiko pilotaririk onena bihurtuz, txapelketako partidu osoena ere jokatu zuelarik. Ansak ere pilota bakarra huts egin zuen, baina 14 tantotan geratu zen. Atzean Zubirik sei tanto piloteoan eta hiru sakearekin egin zituen. Larrañagak zazpi tanto piloteoan eta hiru sakearekin egin zituen.

Finala uztailaren 18an jokatuko da, Urriza-Zubiri eta Juanenea-Endika bikoteen artean.

Galarretaren 50. Urteurrenaren Txapelketa

Bost astez luzatuko den lehiaketa honetan, lau bikote arituko dira: Urriza-Zubiri; Ansa II.a-Larrañaga; Juanenea-Urrutia II.a; eta Goikoetxea-Barrenetxea IV.a. Aurreneko ligaxkan, bikote guztiek elkarren aurka jokatu dute 35 tantora lehiatutako partidetan, beti ere larunbat arratsaldetan, 16:00tik aurrera.

Ligaxkako lehen postuan geratu zirenak finalerako sailkatu dira zuzenean eta bigarren eta hirugarren postuan sailkatutako bikoteek jokatu dute finalaurrea uztailaren 11an, handik astebetera izango den finalerako bigarren txartela eskuratzeko.

Datu berritzaile gisa, aipatu daiteke partiduko bi deskantsu egingo direla; lehenengoa, bikoteetako bat 20. tantora iristean eta bestea 30. tantoan.

Azpimarratzekoa da ere, txapelketako ligaxkan erabili den puntuaketa sistema, izan ere, banatu diren puntuak, partidan egindako tantoen araberakoak izan dira. Partidua irabazten zuenak, lau puntu eskuratzen zituen eta galtzaileak ordea, egindako tantoen arabera: 32-34 eginez gero, bi puntu; 29-31 eginda, puntu bakarra; eta 19 tanto edo gutxiago eginda, puntu bat kentzen zitzaion.