EUSKAL PILOTA/ERREMONTEA

Ezkurra II-Zubirik 40-39 irabazi diete Goikoetxea V.a eta Aizpuru III.ari

by | 2020/03/17

Argazkiak: oriamendi10.com

COVID-19a dela eta asteburuko kirol ekitaldi gehienak bertan behera gelditu dira. Halere, larunbatean, erremonte jaialdia jokatu zen Hernaniko Galarretan

 

Sagardoaren Txapelketari zegokion partidan, Josetxo Ezkurra II.a doneztebarrak eta Aritz Zubiri goizuetarrak (Larre-Gain) 40-39 irabazi zieten Goikoetxea V.a eta Aizpuru III.ari (Gurutzeta). Jaialdi honen ondotik, Galarreta pilotalekua itxi dute eta Sagardoaren Txapelketa ere bertan behera geldituko da, berriz abisatu arte.

Larunbateko jaialdian lau partidu lehiatu ziren, Sagardoaren Txapelketako A multzoko partidu bat barne. Ezkurra II.ak eta Zubirik, gorriz, Goikoetxea V.aren eta Aizpuru III.aren (Aizpuruk Endika ordezkatzen zuen) aurka jokatu zuten eta tanto bakarraren aldearekin bada ere aurrenekoak nagusitu ziren 40-39ko emaitzarekin.

Gorriek Larre-Gain ordezkatzen zuten, eta urdinek, Gurutzeta eta esan daiteke Sagardoaren txapelketaren barruan orainarte jokatutako partidarik borrokatuena izan zela larunbatekoa. Partida aurretik faboritoak ziren gorriak baina urdinek partida ederra egin zuten eta irabazteko  zorian egon ziren.

Partida parekatua hasi zen 14nako berdinketa arte, hortik aurrera gorriek tanto batzuk jarraian egin eta 23-15 aurreratu ziren. Agintzen jarraitu zuten, baina 24-20tik 27na berdindu zuten urdinek, eta markagailuan aurrea hartu ere. 30-37 irabazten jarri ziren urdinak, baina ez zuten asmatu partida ixten.

Gorriek ordea ez zuten amore eman, eta 8-0ko partzialarekin aurrea berreskuratu zuten. Hortik aurrera, 38 eta 39ko berdinketak eta azken tanto eder batek lau puntuak eman zizkien Larre-Gainekoei.

Lau pilotariek zenbaki antzekoak izan zituzten, norgehiagokan egon zen orekaren islada. Aurrelari gorriak 18 tanto eta 5 huts egin zituen eta 14 eta 4 aurrelari urdinak. Atzean, Zubirik 8 tanto egin zituen sakez, sei piloteoan, sake falta bat eta huts bat piloteoan. Aizpuruk zazpi tanto egin zituen sakearekin, hamar piloteoan, sakean falta bat egin zuen, eta hiru piloteoan.

A taldeko partida izan zen honakoa, multzo honetako aurreneko partidan, Gaztañagak, Segurola eta Ionek lau puntu batu zituzten, eta Bereziartuak, Urriza eta Arruartek puntua lortu zuten.  Taldeko sailkapen orokorra honela geratu da bada: Segurola-Ion 4 puntu, Ezkurra II.a-Zubiri 4, Goikoetxea V.a-Endika 2 eta Urriza-Arruarte 1.

Larunbateko jardunaldiaren emaitzak:

1.- Urrutia II-Arruarte, 35; Beñat-Garces,18

2.- Ezkurra II-Zubiri, 40; Goikoetxea V-Aizpuru III, 39

3.- Zeberio II-Barrenetxea IV, 40; Urriza-Larrañaga, 27

4.- Matxin III-Ion, 23; Ansa II-Juanenea, 30


Galarreta itxita eta Sagardoaren Txapelketa bertan behera

Larunbateko jaialdiaren ondotik Hernaniko pilotalekua itxi egin dute, eta berriz abisatu arte Galarretan ez da partidarik jokatuko beraz. Hartara, Sagardoaren Txapelketa  ere bertan behera geratu zen larunbateko partida jokatu ostean.

Share This