MENDIA
Everest etxekoentzat ireki egingo dute
Salbuespen gisa, Txinako agintariek bertako espedizio bat baimendu dute eta Nepalek ere berdina egiteko asmoa du
Duela hilabete baino gehiago, Nepalgo zein Txinako agintariek erabaki egin zuten hastera zihoan montzoi aurreko denboraldia etetea eta iragarritako espedizio guztiak bertan behera uztea.
Everesteko udaberriko denboraldiak koronabirusari aurre egiteko hartzen ari diren neurrien eragina jaso zuen zuzen-zuzenean. Nepalgo gobernuak behin-behineko erabaki batean bidez haien herrialdera bidaiatzeko bisado guztiak ezeztatzea erabaki zuen, eta agintari txinatarrek Everestera igotzeko baimen guztiak ezeztatu zituzten, Himalaiako mendi garaienak (txikienak ere bai) hustu egin zirelarik.
Orain, Txinak mendilerroko ateak ireki ditu eta bertako espedizio bati baimena eman dio, eta Nepal ere bide beretik abiatu daiteke, laster baimenen bat luzatu dezakeelarik, salbuespen gisa bada ere.
Esan bezala, martxoaren erdialdera, koronabirusaren pandemiaren eraginaren ondorioz Everestera (8.848 metro) igotzeko baimen guztiak bertan behera geratu ziren, Txina eta Nepaleko gobernuek hala erabakita.
Egoera ikusita, ematen zuen 2020an inork ez zuela Everesteko gailurra zapalduko, batetik neguan gailurra jotzeko helburua ez zelako gauzatu eta bestetik ez zelako aurreikusten aurten espedizio gehiagok saiakera egiteko baimena jasoko zutenik.
1974. urtetik hona, azkeneko urtea hori gertatu zela 2015a izan zen, zeinean aldagai ezberdinek horretan eragina izan zuten: Nepal gogor astindu zuen lurrikara gertatu zen, Txinak Tibeterako sarbidea itxi zuen, eta gainera, klima aldetik oso baldintza txarrak eman ziren.
Iaz ordea, kontrakoa gertatu zen eta Everestaren muturrera ailegatu zirenen kopurua errekorra izan zen, orotara 885 izan zirelarik, horietariko bi bakarrik oxigeno artifizialik gabe.
Orain ordea, Txinako agintariek bertako nazionalitatea duten 26 pertsonek osaturiko espedizioari baimena ematea erabaki berri dute, Covid19 gaitzak kutsatutakoen kopurua jeitsi egin dela argudiatuta.
Mendizale talde honek, Everestera aurrenekoz igo zen txinatar espedizioaren 60. urteurrena omentzeko asmoa du eta Tibeteko ibilbidetik egingo du gailurra zapaltzeko ahalegina.
Halaber, Txinaren ereduari jarraiki, Nepalek ere espedizioren bat baimentzeko aukera zabaldu du, erabaki honen atzean arrazoi ekonomikoak daudelarik batez ere, baina osasun egoera ere aintzat hartu da, orain arte Nepalen koronabirusak kutsatutakoen kopurua oso urria delako.
Hori bai, Txinako kasuan bezalaxe, baimena jasotzekotan bertako mendizaleek osaturiko taldea izan beharko du abian jarriko dena, kanpotarrentzat mugak itxita baitaude apirilaren 27rarte behintzat.
Andikona Albizurik eta David Garciak irabazi dute Tabirako mendi lasterketa
Durangoko Tabira auzoko jaien barruan antolatutako ekimenean, 120 korrikalarik parte hartu zuten
Mendi Tourra Azpeitian
Seigarren edizioa egingo da Soreasu antzokian, uztailak 6 eta 8, asteartea eta osteguna
Maite Maiora txapeldun Saint Lary Patoun
Mendaroarrak Frantziako Saint Lary-Soulan herri inguruan jokatzen den Saint Lary Patou Trail mendi maratoia irabazi zuen