MENDIA
Euskal Selekzioaren aldeko Mendi Martxa
Argazkiak: mendimartxa.eus
“Aurten ezinezkoa bada ekimena burutzea, datorren urterako utzi beharko dugu”
Ezaguna dugu aspalditik euskalgintza zein naziogintzan gaurko solaskidea. 30 urtetik gora da, Argian aritu ondoren, 1990an Euskaldunon Egunkariaren sorreran aritu zela buru-belarri sosak lortzeko herri batzordeen arduradun gisa. Bertan aritu zen, 2003an Egunkaria itxi zuten arte. Berriaren banaketa ardura izan ondoren irakaskuntzarako bidea hartu zuen. Maixu lana du egungo ogibidea. Eta mendia zaletasun. Urteak daramatza Euskal Selekzioaren aldeko mendi martxaren antolaketan. Eta horretaz mintzatu gara Txumai Iturriarekin.
Ezinbestean, bizi dugun konfinamendu egoera hau nola daramazun galdetzen hasi beharra dago.
Egia esan egunerokotasuna ondo daramat. Etxeko denak ondo daude eta ni ere ondo, baina ziurgabetasunak, gauzak bere onera noiz eta nola etorriko diren ez jakiteak egonezin apur bat sortzen dit. Irrikaz nago kalera ateratzeko, mendira joateko eta…
Hasi zaitez mesedez, zer den mendi martxa azaltzen.
Abuztuan, opor garaian, astebetez edo 8 egunez burutzen dugun mendi martxa aldarrikatzaile bat da. Zehazki Euskal Selekzioaren ofizialtasunaren aldeko mendi martxa bat. 100 lagunen muga du. Antolaketa eta azpiegitura handia eskatzen duena eta herrietan lortzen dugun babes eta laguntzari esker aurrera ateratzen dena. ESAITek antolatzen zuen eta horretarako talde sendo xamarra dugu, bolondresez osatu dago eta lan handia egiten da aurrera ateratzeko.
Azpimarratu behar da, Euskal Selekzioaren ofizialtasuna aldarri nagusia izanda ere, mendiz iristen garen tokiko egoera eta arazoak ezagutzeko era erabiltzen dugula. Hala, Zuberoan, bertako nekazarien egoera ezagutzeko aukera izan dugu, ezkerraldean desindustrializazioaren gaia jorratu genuen eta Nafarroako erdialdean oroimen historikoaren harira bizipen oso hunkigarriak ere izan ditugu. Guretzako beraz, euskal selekzioaren aldeko ofizialtasuna aldarrikatzeko ekimen bat izatetik haratago, eskola aberasgarri bat ere bada.
Nola sortu zen ideia?
Esan behar dut, ni ez nintzela hasierako taldean. Geroxeago sartu nintzen antolaketa lanetan. Inoiz eskertu egin beharko zaie zama itzela hartu zuten kide haiei. Oker ez banago, 2000an 8 egunetako mendi martxa egin zen, Bai Euskal Herriari herri ekimenak antolatuta… Hurrengo urtean ESAITi tokatu zitzaion antolatzea. Eta hasierako asmoa urte batean egitekoa bazen ere, 19 urtean etenik gabe egin da. Lehena Trebiñon hasi eta Uztaritzen bukatu zen, eta 19garrena, azkena, Ainhoan hasi eta Usurbilen amaitu zen.
Nola funtzionatzen duzue? Nola zaudete antolatuak?
Lan talde sendo xamarra dugu, urtean zehar prestaketa lanak egiteko. Baina denok ere aurrera goaz urteetan eta errelebo eskean gabiltza. Aurtengorako, momentu honetan egitea oso zail ikusten dugun arren, lan handienak aurrez eginak daude. Gure asmoetan, antolatzen genuen azken saioa izango zen, eta festa giroan bukatu nahi genuen.
Antolaketa aldetik, hainbeste urte pasa ondoren normala den moduan, aldaketa ugari izan ditu. Azkenekoetan baliabide gehiagorekin egin izan dugu eta parte hartzaileen kopurua 100 lagunera mugatu dugu. Eta horrela lo egiteko lekua topatzeko, gosariak, afariak eta abar antolatzeko errazago egin zaigu, eta kalitate handiago eskaini izan dugu.
Mendi martxan bertan, partaideek badakite zertara etortzen diren, eta euren laguntza eskatzen dugu. Lan taldeak egiten ditugu eta denei eskatzen diegu zerbait, garbiketetan, gosari garaian…
Ze laguntza izan duzue? Eta zer bitxikeri gertatu zaizkizue urteetan zehar?
Bertakoen laguntza izugarria eta hunkigarria izan dugu leku denetan. Kolore ezberdinetako udal askoren atea jo behar izan dugu, bai Iparraldean zein Hegoaldean… Guretzako ezinbestekoa da gutxienez aterpe bat izatea eta eskean aritzen gara. Esker onak besterik ez ditugu guztientzat.
Urte luze hauetan Portugaleteko alkateak jarritako trabak bakarrik ditut gogoan arazoen karpetan. Zazpigarren mendi martxan, herriko alkate eta ondoren Espainiako gobernuaren ordezkari izan zen Miguel Angel Cabiecesek ez zigun udaleko instalazioak erabiltzeko baimenik eman. Baina, tira; herriko dantza taldeak utzi zizkigun bere lokalak gaua pasatzeko eta konpondu ginen. Oro har, esan beharra dago oztopo gutxi eta laguntza handia jaso dugula kolore ezberdinetako udaletxeetatik.
Bestalde, ulertuko duzunez, 8 egunetan 24 orduz, eta hainbeste urtetan esperientzia asko bizi izan ditugu, bitxikeri asko tartean… Ez daramat sortu, eta apurtu, diren bikoteen kontua, baina bizipen asko izan dira, politak gehienak. Oso intentsua da eta pasadizoak izaten dira, hori ere eramaten jakin behar da, bakoitza etxe batekoa baikara.
Aipatu nahi nituzke bizipen hunkigarri batzuk, adibidez, Behe Nafarroako Aiherrara iritsi ginenekoa. Ikustekoa zen herri oso batek nola hartu gintuen… Auzolanean lasaña lehiaketa antolatu eta gazte eta zahar, gizon eta emakumeak guri harrera egiten. Edo Zuberoako Lexantzü, Atharratze ondoan, 200 biztanleko herria. Arazoak besterik ez genien sortzen, azpiegiturarik ez baitzuten. Euren etxeetan hartu gintuzten. Zoragarria zinez! Beste puntako adibide bat: Turtzioz, Bizkaiko herria, Burgoseko mugan. Bertakoek, gaueko ordu txikietan aipatzen zigutena: “urtebeterako arnasa eman diguzue, gurekin ez da inor gogoratzen eta”.
Alderantzizko bizipenak ere izan ditugu. Aurrez izugarrizko itxaropenarekin joaten ginen hainbat herritan, eta ez zuena funtzionatu.
Orokorrean, harrera beroagoa izan dugu eta gauzak askoz hobeto atera zaizkigu herri txiki eta ertainetan, hiri edo herri handietan baino. Sarritan ustekabe politak izan ditugu.
Bestalde, azpimarratu nahi dut oraindik inoiz ez dugula ezbeharrik handirik izan. Baina hain intentsua den egoera batean harreman pertsonalak zailak ere izaten dira.
Aurrera begiratzea ere komeni da. Nola ikusten duzu etorkizuna?
ESAITen barruan hasi ginen hau antolatzen. Baina ESAIT desagertu zenean umezurtz sentitu ginen neurri batean. Hala ere, ondo funtzionatzen zuela, bide onean zihoan ekintza zela eta balore egokiak zabaltzen zituela kontuan izanda aurrera egitea erabaki genuen. Taldean erabakita genuen aurtengoa azkena izango zela -esan bezala, gauzak dauden moduan daudela ez dirudi egiterik izango dugunik- eta dena prest genuen horretarako. Ajangizen hasi eta Getarian festa batekin amaitzea zen asmoa. Aurrerantzean, herri mugimendu berri eta indartsu batek bere gain hartuko zuelakoan egitasmoa.
Garbi geneukan gure lana ez zela ESAIT ordezkatzea gurean jarraitzea baino, harik eta Euskal Selekzioaren Aldeko herri mugimendu berri bat sortu arte, non Mendi Martxak kabida izango zukeen. Tamalez asko luzatu da egoera hori, eta gauzak horrela egonda, ez dugu antolakuntzan erreleboa prestatu. Horrela, antolakuntzan eztabaidatu eta martxistekin sozializatu ondoren, aurtengo Mendi Martxarekin geure ibilbideari amaiera ematekotan ginen. Ibilbidea, leloa, kartela… aurreratuta dago dena. “20 urtez, Gu ere bai ofizialtasuna!”. Ajangizen hasi Bolibar, Durango, Otxandio, Aramaio, Bergara, Azkoitia eta Zestoa pasa ondoren Getarian bukatzeko.
20 urtez esaldiak 20 urtetako ibilbideari egin nahiko lioke aipamena eta Gu ere bai aipamenak sortutako ekimenari keinua egin nahiko lioke, gu ere ekimen horren parte sentitzen garela adieraziz.
Bistan da, aurten ezinezkoa bada ekimena burutzea, datorren urterako utzi beharko dugula.
Dena den, Gu ere bai! ekimenaren helburuarekin bat egiten dugu eta euskal selekzioaren alde egiten jarraituko dugu. Ikusiko dugu aurrerantzean.
MENDIA
Ostiralean da Euskal Mendizaletasunaren XXIV. Gala Amurrion
Euskal Mendizale Federazioak eta Pyrenaica aldizkariak 2019. urteko euren sariak banatuko dituzte Amurrio Antzokian
Everesterako lehen fasea burutu du Alex Txikonek, Ama Dablam igota
Lemoarraren helburu nagusia hurrengo asteetan Everestera lehen aldiz neguan eta oxigeno artifizialik gabe igotzea da
Pou anaiak eta euskal mendizaletasunaren ondarea
Euskal mendizaletasunaren ondarea sustatzeko ahaleginen artean, Pou anaiek haien urterik oparoena bizi izan dute