FUTBOLA/EUSKAL SELEKZIOA
Euskal Selekzioa 4-2 Venezuela
Argazkia: Blanca Castillo ~ elcorreo.com
FITXA TEKNIKOA:
EUSKAL SELEKZIOA:
Asier Riesgo (Serantes, 46′); Martin Agirregabiria, Aritz Elustondo, Iñigo Martinez (Arbilla, 46′), Yuri; Illarramendi (Dani Garcia, 46′), Manu Garcia (Vesga, 59′), Zurutuza (Eraso, 46′), Ibai (Sangalli, 46′);Williams eta Aduriz (Bautista, 46′)
VENEZUELA:
Romo, Rosales, Osorio, Angel, Del Pino, Murillo, Romero (Moreno, 72′), Figuera (Rincon, 59′), Peñaranda (Bello, 65′), Otero (Savarino, 59′) eta Martinez (Ponce, 65′).
GOLAK:
0-1: Oiartzabal (29. min.)
1-0: Ibaik (25. min.)
1-1: Romerok (30. min.)
2-1: Bautistak (49. min.)
3-1: Arbillak (53. min.)
4-1: Aritz Elustondok (88. min.)
4-2: Poncek (90. min.).
EPAILEA:
Undiano Mallenco. Txartel horiak: Euskal selekzioko Arbillari; eta Venezuelako Murillori.
BESTELAKOAK
15.132 ikusle Mendizorrotzan. Atsedenaldian omenaldia egin zioten Imanol Agirretxeri eta Xabi Prietori.
ARGAZKI GEHIAGO:
naiz.eus
→ [kronika] berria.eus: Askoz itxura hobea
EUSKAL SELEKZIOA 4 VENEZUELA 2
Askoz itxura hobea
Julen Etxeberria
Selekzioaren azken partidan adina ikusle izan da Mendizorrotzan, baina, estadioa txikiagoa izanik, giro askoz hobea izan da. Etxekoek nagusitasunez irabazi dute.
Argazkia: DAVID AGUILAR / EFE
Ikusle oso gutxi, giro oso eskasa, ofizialtasunaren aldeko aldarrikapenik ez… Horren tristea izan zen euskal selekzioak jokatutako azken partidaren irudia, ezen erraza baitzen hurrengo aldirako egun horretakoa hobetzea. Eta horixe egin zen atzo, hobetu, asko. Mendizorrotza ere ez zen bete, nahiz eta bertan San Mamesen sartzen diren ikusleen erdiak baino gutxiago kabitu. Euskal selekzioak jokatutako azken partidan adina ikusle izan zen atzo, 15.132, baina antzik ez zen izan giroari dagokionez: giro bikaina egon zen.
Azken urteetatik hona selekzioaren lagunarteko partidek indarra galdu dutela kontuan hartuta, tamaina aproposagoa da Mendizorrotzarena: 19.840 ikusle. Atzo, gainera, lehia hasi aurretik jada giro polita zegoen, Euskal Zaletuak elkarteak deituta, zaleek kalejira egin baitzuten Ofizialtasuna orain! lelopean. Arazo bakarra izan zen: bengalak piztu zituzten partida hasi aurretik, debekatuta dauden arren. Eta hori salatu zuen Bingen Zupiria EAEko Kultura sailburuak atsedenaldian. Zupiriak, halaber, salatu egin zuen partidan egin ziren zenbait oihu.
Irtenbidea, hala ere, ezin da izan estadio txikiagoetan jokatzea. Ofizialtasunaren gaiari benetan heldu behar zaio, eta hori lortzeko urratsak egiten hasi: lehena, aldarrikapen hori berrindartu, azken urteetatik hona indar handia galdu baitu. Horretarako, nahitaezkoa da aldarrikapena presente egotea; adibidez, jokalariak berriro atera daitezela ofizialtasunaren aldeko pankartarekin. Azken lau partidetan ez dute egin halakorik. Halaber, lagunartekoak jokatzen jarraitzearen alde egiten baldin bada, nahitaezkoa da, oraingoan bezala, FIFA datetan jokatzea, aurkari indartsuagoak erakartzeko eta haien aurka jokatuz nazioartean ospea lortzeko.
Zazpi partida galdu gabe
Duela bi urte ez bezala, atzo gertutik sentitu zituzten zaleen animoak euskal selekzioko jokalariek. Eta horrek, noski, izan zuen eraginik: gogo handiagoz jardun ziren. Aurkari deserosoa zuten aurrean, Venezuela, munduko sailkapenean 32. postuan dagoen selekzioa. Gainera, FIFA datak izanik, Hego Amerikako selekzioak futbolari onenak zelairatu zituen.
Alferrik. Euskal selekzioak berriro erakutsi zuen nazioartean lehiatzeko moduan dagoela. Zer esanik ez jokalari onenekin ariko balitz. Hainbat arrazoi tarteko, makina bat jokalari garrantzitsu falta ziren atzo, baina, hala ere, 4-2 irabazi zuen. Garaipenari esker, bolada onari eusten dio. Ia zazpi urte daramatza galdu gabe, 2011n, San Mamesen, Tunisiak 0-2 irabazi zionetik. Zazpi lehia jokatu ditu ordutik: sei irabazi ditu —Bolivia, Peru, Katalunia, Korsika, Tunisia eta Venezuelaren aurka—, eta bat berdindu —Kataluniarekin—.
Euskal selekzioa nagusi izan zen. Indarrez atera zen, eta bere arean sartu zuen Venezuela. 25. minutuan lehen gola sartu zuten etxekoek. Ibai azti ibili zen falta batean, hesian zeudenek jauzi egin, eta haien azpitik baloia botata. 25. minutua zen. Baina gutxi iraun zuen pozak Mendizorrotzan, handik bost minutura banakoa sartu baitzuen Morenok, areaz kanpotik, baloiak Yuri ukitu ostean. Gola sartuta, gora egin zuen Venezuelak, eta lehia orekatu egin zen.
Etxarrik eta Amorrortuk aldaketa asko egin zituzten bigarren zatiari ekiteko, eta bete-betean asmatu zuten hori eginda. Izan ere, zelaira irtendako bi jokalarik gol bana sartu zuten zortzi minutu eskasean: Bautistak sartu zuen 2-1ekoa, area barrutik, eta Arbillak 3-1ekoa, area kanpotik. Aldaketak izan ziren Venezuelan, baina alferrik. Aritz Elustondok laugarrena sartu zuen 87. minutuan, eta Poncek bigarrena 90.ean. Azkenean, garaipena, eta festa. Azken partidan gertatutakoaren ondoren, behar zen horrelako zerbait.
>> KRONIKA GEHIAGO, eskumako zutabean →
Bixintxo Bilbao zigortuta, Munduko Txapelketan ikurrina ateratzeagatik
Nazioarteko Pilota Federazioko Diziplina Batzordearen arabera, «arau hauste larria da baimendu gabeko bandera bat atera izana»
Martxel Toledo: «Atzera-bueltarik gabea»
Eskubide osoko kide gisa onartzeko eskatu diote FIFAri eta UEFAri. Zer bide egin dezake eskaerak? Toledoren eta Rojoren gogoetak jaso ditu BERRIAk.
Ekain Rojo: «Estatuen arauekin jokatutako partida»
Eskubide osoko kide gisa onartzeko eskatu diote FIFAri eta UEFAri. Zer bide egin dezake eskaerak? Rojoren eta Toledoren gogoetak jaso ditu BERRIAk