EUSKAL PILOTA
Euskal Pilota Egokituko Master Cup-aren finala jokatu da Eibarren
Argazkiak: epeirekia.eus
Euskal Herriko frontoien artean, Eibarko Astelena, pilotaren katedrala, historia eta tradizio handienekoa izango da ziurrenik eta zalantza barik leku aproposena zen Euskal Pilota Egokituaren Sari Nagusiko finalak jokatzeko.
Inolako bazterketarik gabeko etorkizuneko pilotaren abentura honetan beste urrats garrantzitsu bat eman baitzen igande honetan. 2018an Legazpin hasi eta Beasain, Errenteria eta Getariatik igaro den txapelketa honetako aurtengo edizioa historiako ediziorik partehartzaileena izan da 36 partaiderekin. Eta inklusiorako bide horretan, pilota egokitua tresna eraginkorra ez ezik oso erakargarria ere izan daitekeela berretsi da beste behin ere.
Pilotazale askoren babesean, azkenean Eneko Sagarmendi eta Lorea Iribarri, adimen-urritasuneko modalitatean, eta Beñat Lizaso eta German Elkoro, urritasun fisikoko modalitatean, jantzi dituzte 2022ko Euskal Pilota Egokituaren Sari Nagusiko txapelak.
Desgaitasun intelektuala duten pilotariek ikuskizun bikaina eskaini zuten, azkenean, Lorea Iribar eta Eneko Sagarmendi nagusitu zirelarik 25-21eko emaitzarekin.
Espero bezala, Sagarmendi eta Huegunen arteko lehiakortasunak beste kapitulu bat izan zuen Astelenan. Mindara elkarteko bi pilotariak erreferenteak dira maila honetan eta, normala denez, eurak izan dira partidaren pisua eraman dutenak, Lorea Iribar eta Sheila Cuetoren laguntza egokiarekin. Bi atzelariek abiadura izugarrian mugitu dute pilota eta, gorriak denbora gehienean aurretik joan diren arren, lehia izugarri orekatua eta lehiatua izan da, berdinketa ugarirekin. Azkenean, ordea, Huegun donostiarrak, larunbatean ere partida bat jokatu ondoren, nekea nabaritu du eta garaipena gorrientzat izan da. Mutrikuarrak bere bosgarren finala jokatu du eta bere hirugarren txapela janzteko aukera izan du, baina garrantzitsuena urte hauetan izan duen garapena izan da, bai jokoan, bai maila pertsonalean. Lorea Huegunek, bere aldetik, bigarren txapela jantzi du. Eta aipamen berezia merezi du finalean bi emakumek parte hartu izana, pixkanaka neskak ere pilota egokitura hurbiltzen ari diren seinale.
Desgaitasun fisikoa duten pilotarien arteko finala ere oso lehiatua izan zen eta azken txanpan gipuzkoarrek garaipena lortu zuten (25-21) Meunier eta Cabanne baionarren aurka. Lapurtarrek hobeto ekin zioten partidari eta lehen fasean eurak izan ziren markagailuaren agintea eraman zutenak. Pixkanaka, ordea, Lizasok gora egin zuen eta markagailua orekatzeko gai izan ziren.Hala ere, finaleko gakoa Beñat Lizasok egin zuen partidaren bigarren zati ikusgarrian egon zen. Lizasok bere ahalmen guztia erakutsi zuen eta fisikoki ere baionarrek baino hobeto eutsi zion, hartara merezitako garaipena lortu zutelarik.
Emakumezkoen eskuz binakako txapelketa berria abian jarri dute
Binakako Txapelketa malgu batek hartuko du bertan behera geratu den Lau eta Erdiko Emakume Master Cup txapelketaren lekua
Josu Irurita eta Javier Oskoz garaile Nafarroako buruz buruko pilota txapelketan
Oberenako Josu Irurita eta Javier Oskoz izan ziren txapeldun, lehen eta bigarren mailan, hurrenez hurren
Profesionalak ez diren pilota txapelketa guztiak bertan behera
Federazioek antolaturiko txapelketa ofizialak eta bestelako lehiaketa pribatuak eten dira. Pilota profesionalak momentuz aurrera egingo du