HERRI KIROLAK
Euskal Pentatloiaren lehen kanporaketa lehiatu dute
Argazkiak: egursport.com
Azpeitiako zezen plazan igandean jokatu zen Euskal Pentatloi Sariaren laugarren edizioaren aurreneko kanporaketa, non Otaegi zizurkildarrak lortu zuen denborarik onena. Lehen kanporaketa honetan zortzi kirolarik neurtu zituzten indarrak: Joseba Otaegi, Beñat Amade, Ousmane Drame, Daniel España, Aritz Irazabal, Unai Ardeo, Jon Unanue Goenatxo III.a eta Gorka Etxeberria.
Otaegirekin batera Aritz Irazabal, Gorka Etxeberria eta Beñat Amade sailkatu ziren Azpeitian, datorren larunbatean jokatzekoa den bigarren kanporaketarako. Lau kirolari hauek Kepa Peñagarikano, Iñaki Errazkin, Julen Kañamares, Julen Gabirondo, Andoni Iruretagoiena Izeta VI, Jagoba Otaegi, Aratz Mugertza eta Jon Gisasola Zelai V izango dituzte lehiakide, hamabi horietatik sei sailkatuko direlarik finalerako.
Honako lanak egin zituzten Azpeitiako zezen plazan, lehen kanporaketan: harriari zortzi jasoaldi; giza proban, plaza bat; aizkoran, kanaerdiko bat ebaki; txingekin, hiru plaza; eta korrika, kilometro bat (zezen plazari hamar itzuli).
Sailkapena:
1.- Joseba Otaegi (11:31).
2.- Aritz Irazabal (11:53).
3.- Gorka Etxeberria (13:10).
4.- Beñat Amade (13:18).
5.- Jon Unanue Goenatxo III (13:50).
6.- Ousman Drame (16:23).
7.- Daniel España (17:04).
8.- Unai Ardeo (19:21).
Euskal Pentatloi Sariaren hiru jardunaldietan lan neurri desberdinak izango dira. Lehen kanporaketan harriari zortzi jasoaldi egin dizkiote, giza proban plaza bat osatu dute, aizkoran kanaerdiko bat ebaki, txingekin hiru plaza egin, eta korrika kilometro bat, zezen plazari hamar itzuli emanez. Bigarren kanporaketan, berriz, giza proban, txingekin eta korrika lehen kanporaketako lan berberak izango dituzte kirolariek, baina harria hamar aldiz altxatu beharko dute, eta aizkoran bi enbor moztu, kanaerdikoa bata eta 45 ontzakoa bestea.
Finalera iristen direnek izango dituzte aurrean lanik gogorrenak: harria 25 aldiz jaso beharko dute, giza proban bi plaza osatu, aizkoran hiru kanaerdiko ebaki, txingekin sei plaza osatu, eta korrika plazari 30 itzuli eman. Finalaren egunean emakumeak ere izango dira lehian; haiek harria hamabost aldiz jaso beharko dute, giza proban plaza bat bete, aizkoran 45 ontzako bi enbor moztu, txingekin lau plaza egin, eta korrika plazari hamabost itzuli eman.
Garbiñe Lopez de Uralde eta Ion Lapazaran garaile, Euskal Herriko trontza misto txapelketan
Bigarren Ainhoa Iraizoz eta Josetxo Barberena sailkatu ziren eta Sela Goñi eta Jesus Goñik osatu zuten podioa
Jokin Eizmendik irabazi du Harri Handien Gipuzkoako Txapelketa
Iñigo Eizagirre izan da bigarren, Jon Unanue hirugarren eta Aimar Galarraga laugarren
Mikel Larrañagak irabazi du Gipuzkoako Aizkora Txapelketa
Azpeitiarraren ondoren sailkatu ziren, hurrenez hurren, Eneko Otaño beizamarra eta Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarra