KIROLA ETA EUSKARA
Euskal Kirolari, kirola euskaraz eta etxean egiteko tresna
Eusko Jaurlaritzak sustatutako Euskal Kirolari programa hasi da euskarazko bideoak partekatzen etxean jarduera fisikoa egin ahal izateko, goi mailako kirolari euskaldunen eskutik
Zenbait alorretan, konfinamenduak berdin eragin die herritar guztiei: inor ere ezin da etxetik irten kirola egitera, ezta goi mailako kirolariak ere. Horregatik, gero eta jende gehiago hasi da eskura dituen baliabideak erabiltzen jarduera fisikoa egiteko, konfinamendua arintzearekin batera sasoian egoteko. Ezin konta ahala bideo aurki litezke Interneten etxean kirola nola egin ikusteko, eta, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak sustatutako Euskal Kirolari programaren bidez, euskal kirolariak ere hasiak dira euren ariketak azaltzen.
Izan ere, Euskal Kirolari programa hasi da bideoak sare sozialetan partekatzen etxean ariketa fisikoa euskaraz egin ahal izateko, goi mailako kirolari euskaldunen eskutik. Ekimenaren helburua da Covid 19aren hedapenaren ondorioz ezarritako konfinamenduak irauten duen bitartean jarduera fisikoa egin ahal izateko baliabideak eskaintzea, orain arte oso material gutxi zabaldu baita euskaraz.
Leticia Canales Basque Teameko surflaria, Ibai Gomez eta Luca Sangalli futbolariak, Mikel Landa txirrindularia edota Nerea Perez arraunlaria dira beren egun hauetako entrenamendua erakutsiko duten kirolarietako batzuk.
Gainontzeko herritar guztiek bezala, goi mailako kirolariek beren ohiko jarduera eten behar izan dute eta beren entrenamendua egokitu behar izan dute. Konfinamendua irauten duen bitartean, ohiko entrenatzeko tokia utzi eta eremu mugatuagoetan ekin beharko diote beren eguneroko saioari. Euskal Kirolarik hala eskatuta, erreferentziazko zenbait kirolarik erakutsiko dute nola entrenatzen diren eta herritar guztiek egin ditzaketen zenbait ariketa gomendatuko dituzte. Goi mailako aholku horiek Euskal Kirolariren sareen bidez jaso ahal izango dira: Instagram, Facebook eta Twitter bidez.
Bideoak egingo dituzten euskal kirolariak honako hauek dira: Iñi Vicens, fitness prestatzailea; Ibai Gomez, Athleticeko jokalaria; Odei Jainaga, xabalina jaurtitzailea (Basque Team); Julen Goia, Ordizia Errugbiko jokalaria; Lide eta Amaia Erbina, errugbi jokalariak (Basque Team); Xabier Osa, crossfit egokituko kirolaria; Mikel Landa, txirrindularia; Leticia Canales, surflaria (Basque Team); Asier Garcia, gurpildun-aulkiko saskibaloi jokalaria (Basque Team); Nerea Perez, arraunlaria; Ibon Larrinaga, boxeolaria; Ondiz Lekunbarri, arraunlaria edota Ander Romarate, Eibarko futbol inklusiboko entrenatzailea, besteak beste.
Kirolari hauek beste kirolari ezagun batzuk izendatuko dituzte etxean egiten duten entrenamendua erakutsi dezaten.
Euskal Kirolari ekimena
Euskal Kirolari ekimena 2017an jarri zen abian. Programa honen helburu nagusia euskara kirol munduan sustatzea da, bereziki gazteen artean. Eta horretarako bi ardatz nagusi ditu: teknologia berriak eta kirolaren munduan erreferentzia izan daitezkeen pertsonak, ‘influencer’-ak. Horrela, bideo laburren eta sare sozialen bitartez kirolari ezagunek euskarak beren kirol jardueran duen pisuaz eta garrantziaz hitz egiten dute, eta terminologiaren inguruko aholkuak ematen dituzte. Ondoren, material hori guztia sare sozialetan, eskola kirolean eta kirol federatuan zabaltzen da.
“Futbolaren inguruko hizkuntz kultura berri bat sortu behar dugu”
Beñat Larrañagarekin hizketan, “Futbol entrenatzaile ikastaroak euskaraz” jardunaldiaren harira
Kirolean euskararen erabilera sustatzeko 2021-2024 plana aurkeztu du Eusko Jaurlaritzak
Jokalarien artean, entrenatzailearekin edo epailearekin harremanak euskaraz ematea sustatu nahi du egitasmoak
Ahotik Zelaira, futbolean euskara indartzeko ekimen berri bat
Egitasmoan parte hartzen duen Haritz Otxotorenarekin solasean