HERRI KIROLAK/SOKATIRA
Euskal Herriko Sokatira Txapelketa Idiazabalen
Euskal Herriko Goma Gaineko zortzinakako Txapelketako beste bi txapela lehiatu dira asteburuan
Euskal Herriko zortzinakako sokatira txapelketan, gizonezkoen 640 kiloko eta emakumeen 540 kiloko hirugarren eta azkeneko jardunaldiak jokatu dituzte larunbatean Idiazabalen eta berriro ere Lesakako taldeak izan dira jaun eta jabe.
Gizonezkoen 640 kiloko finala lehiatu zuten Idiazabalgo pilotalekuan, 17:00etatik aurrera. Hain zuzen ere, aurretik egindako 640 kiloko jardunaldi bietan puntu gehien lortu zituzten sei taldeek eskuratu zuten finalerako txartela. Puntuazioaren arabera, horrela sailkatu ziren: Beti-Gazte, Ibarra, Zuraide A, Murueta, Txantrea eta Zuraide B. Finaletik kanpo gelditu ziren Abadiño eta Antsoain.
Nahiz eta aurreko bi jardunaldietan Beti Gaztek garaipena lortu, finalean talde guztiak hutsetik hasi ziren. Beti-Gazte izan da txapelduna 640 kilotan tiraldi guztiak, bat izan ezik, irabazita. 6 puntu lortu zituzten lesakarrek, ondoren Ibarra 5 punturekin, Muruetak 4, Zuraide A 3, Zuraide B 2 eta seigarrena Txantrea, puntu bakarrarekin.
Agortxeberriko Karmelo eta Joxe Angel Mitxelena anaiek, Mikel Apeztegiak, Oskar Telletxeak, Beñat Ordokik, Unai Gurrutxagak, Eneko Saldiasek eta Gerardo Telletxeak osatu zuten zortziko irabazlea, Paskual Taberna erakusle zutela eta Beñardo Iantzi laguntzaile.
Bestalde, emakumezkoen 540 kiloko hirugarren eta azken jardunaldia ere lehiatu zuten Idiazabalen. Hiru jardunaldietan puntu gehien lortzen zituen taldeak eskuratuko zuen aurtengo txapela. Finalera honako sailkapenarekin heldu ziren talde partehartzaileek: Beti-Gazte10 puntu. Atzetik, 8 punturekin Badaiotz eta 5,5 punturekin Txantrea. Gaztetik eta Ibarrak 4,5 eta 2 hurrenez hurren.
Aurreko bi jardunaldietan lortutako puntuak kontuan hartzen zirenez, bigarren izatearekin ere aski zuten Beti gaztekoek 540 kiloko txapela eskuratzeko. Espero zen bezala, lesakarrek ez zuten hutsik egin, eta nahiz eta garaipenik ez zuten lortu txapela jantzi zuten, orotara 14 puntu bilduta sailkapen nagusiko lehenengo postua erdietsiz.
Aitziber Goienetxe, Amaia Leiza, Karmele Pikabea, Irantzu Goienetxe, Ane Gurrutxaga, Udane Arbelaitz, Oihana Mindegia eta Ainhoa Ubiria aritu ziren Beti Gazteko zortzikotean, Iñigo Alzugarai erakusle zutela eta Arritxu Muxika laguntzaile.
Hirugarren jardunaldi honetako sailkapena honela geratu zen: Badaiotz 5 puntu, Beti Gazte 4, Gaztedi 3, Txantrea 1,5 eta Ibarra 1,5.
Eta sailkapen orokorra berriz, honakoa: Beti Gazte 14 puntu, bigarren Badaiotz talde gasteiztarra (13 puntu), ondoren, Gaztedi Laukizkoa (7,5 puntu), Txantrea (7 puntu) eta Ibarra (3,5 puntu).
Euskal Herriko zortzinakako sokatira txapelketak aurrera jarraitzen du eta otsailaren 1ean, Dulantzin dute zita gizonezkoek 600 kilotan eta emakumezkoek 500 kilotan.
Hurrengo jardunaldien egutegia:
-Otsailaren 1ean, Dulantzin, 600 kiloko gizonezkoak eta 500 kiloko emakumezkoak lehiatuko dira.
-Otsailaren 8an Ibarran, 600 kiloko gizonezkoak (azken egunak) eta 500 kiloko emakumezkoen txanda izango da.
-Otsailaren 15ean berriz, Berriozarren, 560 kiloko gizonezkoak eta 500 kiloko emakumezkoak (azken egunak).
Eta azkenik, otsailaren 16an, Ezkabarten goizeko 11,30tan hasita, 580 kiloko kategoria mistoko txapelketa jokatuko da, egun bakarrera.
Talde partehartzaileak:
Gizonezkoak:
-680 kilokoan, Ibarra, Beti Gazte, Goiherri, Zuraide A, Zuraide B, 6 Conceyos, Abadiño eta Murueta taldeak.
-640 kilokoan, Ibarra, Beti Gazte, Antsoain, Zuraide A, Zuraide B, Txantrea, Abadiño eta Murueta taldeak.
-600 kilokoan, Ibarra, Beti Gazte, Berriozar, Antsoain, Txantrea, Gaztedi eta Murueta taldeak.
-560 kilokoan, Ibarra, Beti Gazte, Berriozar, Txantrea, Gaztedi eta Murueta (azken honen parte hartzea zalantzan dago) taldeak.
Emakumezkoak:
-540 kilokoan, Ibarra, Beti Gazte, Txantrea, Badaiotz eta Gaztedi taldeak.
-500 kilokoan, Ibarra, Beti Gazte, Antsoain, Txantrea, Badaiotz eta Gaztedi taldeak.
Mistoa: 580 kilokoan, Ibarra, Beti Gazte, Berriozar, Antsoain, Txantrea, Bizindar, Gaztedi A eta Gaztedi B (azken honen parte hartzea ez da ziurra) taldeak.
Euskal Herriko taldeak eta selekzioa Goma Gaineko Munduko Sokatira Txapelketan
Emaitza ikusgarriak lortu ditu Euskal Herriak Ipar Irlandan jokatutako munduko txapelketan
Gaztedi A taldeak irabazi du Euskadiko 640 kiloko sokatira txapelketa
Lehiaketako hiru jardunaldietan bere nagusitasuna erakutsi ondoren, Gaztedi A taldeak txapela janztea lortu du
640 kiloko Euskadiko Sokatira txapelketako bigarren jardunaldia lehiatu da
Gaztedi A taldea nagusitu zen berriro eta horrek sailkapen orokorreko lehen postuan jarraitzea ahalbidetu zion