HERRI KIROLAK
Euskal Herriko Ingude eta Lokotx txapelketak jokatu dira Abadiñon
Pasa den larunbatean jokatu ziren Abadiñon Euskal Herriko Ingude eta Lokotx Bilketa txapelketak. Ingudean Gorka Etxeberria eta Karmele Gisasola nagusitu ziren eta Lokotx bilketan Ainhoa Iraizoz eta Unai Iantzi.
Gizonezkoen Ingude Txapelketan Gorka Etxeberria izan zen nagusi. Lehia estua izan zen, 90 segundotan 87 aldiz jaso zuen ingudea oriotarrak, baina emaitza bera lortu zuen Josu Marturetek ere. Dena dela, berdinketa kasuetan lana aurrena egin duenari ematen zaio garaipena, eta Gorka Etxeberriak 2021eko txapela janztea lortu zuen. Josetxo Urrutia gertu ibili zen guztira 86 altxaldi eginda, Igotz Ardeok 80 jasoaldi burutu zituen, Unai Goitiak 78, Jon Ander Malainak 77, Unai Ardeok 77 eta Pablo Alvarezek 67.
Emakumeen kasuan, Karmele Gisasolak etxeratu zuen txapela, orotara 97 jasoaldi eginda. Bigarrena Valentina Rancel izan zen 91 jasoaldirekin, hirugarren Nerea Egurrola 90 altxaldi eginda, laugarren Maika Ariztegi 89 jasoaldirekin, bosgarren Garazi Arruti 85rekin eta Esti Cidad izan zen seigarrena 80 altxaldi gauzatuta.
Euskal Herriko emakumezkoen Lokotx Bilketa Txapelketan Ainhoa Iraizoz nagusitu zen, 7 minutu eta 32 segundoko denbora eginda. Bigarrena Maika Ariztegi izan zen (7´56´´) eta hirugarrena Zuriñe Frutos (8´13´´). Maider Etxezabalek ezin izan zuen iaz lorturiko txapela berretsi, izan ere, ez du txapelketan parte hartzeko aukerarik eduki aurtengoan, etxean baitago konfinatuta azpeitiarra.
Gizonezkoei dagokionez, txapela Unai Iantzik eraman zuen etxera 6 minutu eta bi segundotan lanak amaituta, bigarrena Aitor Blanco izan zen (6,14´´) eta Aritz Martinek osatu zuen podiuma (6´22´´). Atzetik, Laugarrena Patrick Saitua izan zen (6´45´´), bosgarren Xabier Vegas (6´46´´), seigarren Mattin Jauregi (7´03´´), zortzigarren Jon Vegas (7´14´´) eta bederatzigarren postuan Uxer Mozo geratu zen, 7 minutu eta 34 segundo baliatuta bere lanak amaitzeko.
Arrate Mintegi eta Iker Ortiz de Zaratek irabazi dute Durangoko XIII. Duatloia
Bidenabar, aurtengo Euskadiko txapelak eskuratu dituzte duatloien sprint modalitatean
Onditz Iturbek eta Aitor Ajuriak lineako txapelak jantzi dituzte
Kilometro bertikalaren lasterketan berriz, Ainara Uribarri eta Asier Larruzea nagusitu ziren
Raul Criado eta Charlotte Morgan gailendu dira XII. Flysch Traileko maratoian
Maratoi erdiko irabazleak, berriz, Geoffrey Ndungu eta Joyce Njeru izan dira