SOKATIRA/HEGOAFRIKA 2018
Euskal Herria sokatiran, Hegoafrika 2018 Munduko Txapelketatik bueltan
Lur Gaineko Sokatira 2018ko Munduko Txapelketa egin da irailaren 19tik 22ra Lurmutur Hirian (Hegoafrika). Euskal Herriko ordezkaritza: Gaztedi, Gohierri, Mutriku eta “Basque Country” euskal selekzio ofiziala. Zazpi domina ekarri dituzte, lau zilarrezko eta hiru brontzezko, Euskal Herria sokatiran munduko goi mailean dabilenaren erakusgarri.
→ berria.eus: Soka ez da eten
EUSKAL SOKATIRALARIAK
Soka ez da eten
LUR GIL
2018ko irailak 25
Inoiz baino domina gehiago lortu dituzte Euskal Herriko sokatiralariek Lurmutur Hirian, Lur Gaineko Munduko Txapelketan: zazpi, zilarrezkoak lau eta brontzezkoak hiru.
Mugarriz mugarri dabiltza aurten Euskal Herriko sokatiralariak. Joan den martxoan, Xuzhoun (Txina), inoiz baino domina gehiago irabazi zituzten goma gaineko Munduko Txapelketan: hamasei —bi urrezko, zazpi zilarrezko eta zazpi brontzezko—. Joan den astean, berriz, inoiz baino domina gehiago eskuratu zituzten Lurmutur Hirian (Hegoafrika), lur gaineko Munduko Txapelketan: zazpi —lau zilarrezko eta hiru brontzezko—. Argi dago: emaitzei dagokienez, behintzat, osasuntsu dago sokatira Euskal Herrian. Soka ez da eten.
Oso balorazio positiboa egin dute Hegoafrikan izandako hiru euskal taldeek: Mutriku, Goiherri (Erandio) eta Gaztedi (Laukiz). Zeinek bere helburua zuen, eta, horiek beteta, pozik itzuli dira munduko sokatiralari onenen aurrean aritu ostean. Basque Country selekzioak hiru domina lortu ditu nazioen arteko txapelketan, bi zilarrezko (gizonezko 720 eta 560 kilotan) eta brontzezko bat (emakumezko 500 kilotan).
Jone Zarraga (Erandio 1969), Nazioarteko Federazioko euskal ordezkari ohia, Lurmutur Hirian izan da, eta selekzioaren maila bikaina azpimarratu du: «Basque Countryk bere maila eman du; herri txikia gara, baina sokatiran, handienen pareko. Aurreneko postuen lehian aritzen gara beti, eta aurten maila hori eman dugu». Gizonezkoen 720 kiloko zilarrari balio berezia ematen dio, Mutriku, Goiherri eta Gaztediko tiralarien artean sortutako selekzioa izan baita: «Pisu astunetan ez gara ongi ibiltzen, eta, gainera, taldea egin den moduan eginda, oso polita izan da lortutako zilarra». Dena, baina, ez da argia Zarragarentzat: «Gazteak falta izan zaizkigula da aurtengo alde negatiboa: hori da gure akatsa. Etorkizuna nahi badugu, gazteak behar ditugu. Maila bikaina dugu orain, baina hori amaitu egingo da atzetik indarra ez badator. Getxoko 2020ko txapelketara begira, hori izango da gure erronka».
Taldeen arteko munduko txapelketan lau izan dira euskal dominak. Zilarrezko eta brontzezko domina bana lortu dituzte Gaztedik eta Goiherrik. Mutriku ere helburuak beteta itzuli da. Oso urte zaila izan dute: entrenatzeko oso aukera urriak izan dituzte, eta, kirolari gutxi direnez, polearen aurka baino ez dira entrenatzen, ez dute talderik izaten aurrean. Beraz, Hegoafrikara joateak meritu handia izan du haientzat, eta tiraldi onak izan dituzte.
Gaztedikoek zilarra lortu dute emakumezkoetan (540 kilo), eta brontzea gizonezkoetan (560 kilo); beraz, pozik dago Juan Mardaras (Gatika 1961) entrenatzailea: «Hirugarren aldia da gizonezkoen 560 kilokoan podiuma lortzen dugula, eta emakumezkoetan ere gorantz egin dugu: aurten bi domina ekarri dituzte etxera —selekzio mailakoarekin—».
Txapelketa hasi baino lehen zalantza zuen zer maila izango zuten beste herrialdeek, baina badaki zein zen Alemaniak eginiko lan txukunaren arrazoia: «Txapelketa ezberdina izan da aurtengoa; alemaniarrek bereziki gora egin dute. Hilean bitan joan dira Suitzara teknika hobetzera, TWIFen (Nazioarteko Sokatira Federazioan) ari den prestatzaile tekniko baten gomendioak jasotzera, eta nabarmen hobetu dira».
Goiherrik, berriz, Euskal Herrian izan ez duen maila lortu du Hegoafrikan. Bizkaiko eta Euskal Herriko txapelketetan Gaztedi izan da nagusi argi eta garbi, txapelketa guztiak irabazi baititu. Baina Lurmutur Hirian maila aparta erakutsi dute Erandiokoek. Horren erakusgarri, gizonezkoen 560 kiloko txapelketan bi taldeek finalaurrekoetan izandako lehia estua. Tiraldi luze eta gogor baten ostean, Goiherrik lortu zuen finalerako sailkatzea. Alemaniarren aurka galdu zuen gero, baina, hala ere, bi domina lortu dituzte Goiherriko gizonek, zilarrezko bat eta brontzezko bat.
Emakumezkoek ez dute dominarik lortu, baina pozik egoteko arrazoiak bestelakoak izan dira. «20 urteren ostean, emakumezko talde bat munduko txapelketan aritzea lortu dugu. Asko gozatu eta ikasi dugu, eta etorkizunerako esperientzia eta motibazio handia eman digu txapelketa honek», dio Garazi Arrutik, (Bilbo 1985), nazioartekoan lehenengoz aritutako sokatiralariak.
Euskal Herriko txapelketetan ere, denbora luzez emakumezko talderik gabe izan da Goiherri, eta lorpen handia izan da eratzea. Munduko txapelketara joateko zailtasunak handiak izan dira, baina; horietako bat, pisua. «Zaila izan da hain pisu txikiarekin lehiatzea. Nazioartean ezartzen dituzten pisuek kalte egiten digute, eta 500 kiloko txapelketara behetik joan gara. Dena den, uste dut ondo aritu garela».
Antolakuntza mailan ere aberasgarria izan da, 2020ra begira jarria baita euskal sokatira. Hegoafrikako federazioko lehendakari Anton Rabe ziur dago arrakastatsua izango dela. «Euskal Herriaren ibilbidea eta txapelketak antolatzeko gaitasuna ikusita, gure lekukoak hartzaile bikaina du».
Athleticek irabazi du Euskal Herria Kopa
Lehen zati zirraragarri baten ondoren, Athletic heldu da 2-3 aurretik markagailuan atsedenaldira, eta jada 80. minutuan Ane Azkonak sarturiko bigarren golarekin erabakita utzi dute neurketa zurigorriek (2-4)
Reala “B”-k eraman du bere kategoriako txapela
Euskal Herria Kopako “B” mailako finalean 0-2 nagusitu ziren Athletic taldearen aurka
Eibarrek eskuratu du A mailako hirugarren postua, Alavesi irabazita
Armaginek garaipen argia eskuratu zuten (5-0), partidua hasi eta buka erabat nagusitu zirelarik berdegunean, atsedenaldirako jada partidua erabakita zegoelarik