HERRI KIROLAK/HARRIA
Euskadiko Harri Handien Txapelketa jokatuko da Aian hilaren 19an
2020ko Euskadiko Harri Handien Txapelketa lehiatuko da abenduaren 19an Aian, bertan sei harri-jasotzaile arituko direlarik lehian: Aimar Galarraga, Jokin Eizmendi, Iñigo Eizagirre, Aimar Irigoien, Jon Unanue Goenatxo III.a eta Julen Diaz.
Kirolariek hiru minutuko saio bana egin beharko dute harri bakoitzarekin: 125 kiloko bola, 150 kiloko kubikoa, 175-200 kilo arteko zilindroa eta 175-200 kilo arteko laukizuzena.
Herri kirol jaialdia zuzenean jarraitzeko aukera izango dute herritarrek, eta 20 eurotan salduko dira sarrerak Aiako Iturriotzena tabernan, Arruti jatetxean eta Haize Berri kafetegian. Dena dela, antolatzaileek jakinarazi dute txapelketa egunean indarrean izango den araudiaren araberakoa izango dela aforoa. Txartelak agortzen ez badira, txapelketa baino bi ordu lehenago salgai jarriko dituzte probalekuko leihatilan.
Iazko edizioa
Aimar Irigoienek irabazi zuen 2019an Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan jokatutako txapelketa. Guztira, 8.225 kilo altxatu zituen errezildarrak. Bigarren Jokin Eizmendi zarauztarrak egin zuen, 7.250 kilo jasota.
Zazpi harrijasotzaile aritu ziren guztira: Aimar Irigoien errezildarra, Jokin Eizmendi zarauztarra, Xabier Peñagarikano Peña aizarnazabaldarra, Aimar Galarraga oriotarra, Iñigo Eizagirre Eiza zarauztarra, Xabier Aranburu Guzta Urrestillako bizilaguna eta Julen Diaz urizahartarra.
2019ko Harri Handietako Txapelketako sailkapena:
1- Aimar Irigoien (Errezil). 8.225 kilo altxatuta (7-15-13-18)
2- Jokin Eizmendi (Zarautz). 7.250 kilo (7-11-12-17)
3- Xabier Peñagarikano (Aizarnazabal). 6.150 kilo (5-8-10-18)
4- Aimar Galarraga (Orio). 5.600 kilo (6-9-8-13)
5- Xabier Aranburu Guzta (Urrestilla). 5.250 kilo (6-8-10-10)
6- Iñigo Eizagirre Eiza (Zarautz). 4.300 kilo (3-5-8-13)
7- Julen Diaz (Urizahar, Araba). 3.425 kilo (4-5-5-8)
Oier Kañamares eta Alvaro Garciak 2. eta 3. mailako aizkolari finalak irabazi dituzte
Urrezko Aizkolarien Euskal Herriko 2. eta 3. mailetako Aizkolari Txapelketako finalak jokatu ziren pasa den igandean Bastidan
Binakako Harri-jasotze Txapelketako bina jardunaldi jokatu ziren Bastidan
Urdax Magunazelaia eta Jon Irañetak 7.394 kilo altxatu zituzten eta Jon Unanue eta Hodei Iruretagoienak 7.105 kilo
Txinga-eroate eta Lasto-jasotze txapelketak jokatu zituzten igandean
Txinga eroaten Nerea Egurrola eta Kerman Perez de Heredia nagusitu ziren eta lasto-altxatzean Garbiñe Lopez de Uralde eta Beñat Amade