EUSKAL SELEKZIOA/HALTEROFILIA
Euskadiko Halterofilia Federazioak ofizialtasuna eskatu dio Nazioarteko Federazioari
Argazkian: Bruno Soto pisu-altxatzaile galdakoztarra historikoak, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendari Jon Redondok lagunduta, IWFren Budapesteko egoitzan egin du eskaera
Euskadiko Halterofilia Federazioak aitorpen ofiziala eskatu dio Nazioarteko Halterofilia Federazioari (IWF), Eusko Jaurlaritzak babestuta
Euskadiko Halterofilia Federazioak, Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak babestuta, formalki eskatu du Nazioarteko Halterofilia Federazioko kide izatea. Bruno Soto pisu-altxatzaile galdakoztar historikoak, Euskadiko Halterofilia Federazioaren Zuzendaritza Batzordeko kideak, eta Jon Redondok, Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak, International Weightlifiting Federation (IWF) – Nazioarteko Halterofilia Federazioaren Budapesteko egoitzan (Hungaria) egin dute eskaera. Eusko Jaurlaritzatik adierazi dute federazio honek Euskadi bezalako lurraldeetako federazioak onartzen dituela, eta, hortaz, erantzuna baiezkoa izatea espero dutela.
Euskadiko Halterofilia Federazioak eta Eusko Jaurlaritzak urrats hori ematea erabaki dute IWFren estatutuak aztertu ondoren, berariaz onartzen baita horietan Estatu ez diren nazioek edo lurraldeek parte hartzea. Horrela, Europako hainbat lurralde, hala nola, Gales, Eskozia edo Ipar Irlanda, eta Amerikako antzeko beste hainbat IWFko kide dira, horrek kirol-mailan esan nahi duen guztiarekin.
Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendari Jon Redondok azpimarratu du eskaera egitearen garrantzia nazioarteko aitorpena lortu aurreko urrats gisa: “Euskadiko federazioak nazioarteko hainbat federaziotako kide dira, eta ofizialki parte hartzen dute kirol-diziplina batzuetan. Hori egin daiteke, lehenik eta behin, Euskadiko hainbat federaziok dagokion kiroleko nazioarteko federazioan sartzeko eskaera egin dutelako eta, bigarrenez, nazioarteko federazio horietako estatutuek aukera hori ematen dutelako eta Euskadi onartu dutelako. Edonola ere, lehenengo urratsa beti izaten da eskaera hori egitea”.
Alde horretatik, Redondok azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak babesa ematen diela urrats hori eman nahi duten federazioei: “Aurreko legealdian argitaratu genuen nazioarteko zuzenbideko adituen txosten juridiko batek argi uzten zuen Euskadik nazioarteko txapelketetan parte hartu ahal izatea nazioarteko federazio bakoitzaren estatutuen baitan zegoela. Estatu ez diren nazioek edo lurraldeek (eta Euskadi hala da) parte hartzea ahalbidetzen duten estatutuak dituzten federazioak zein diren aztertu dugu, eta nazioarteko federazioetan sartzeko eskaera egin nahi duten federazioekin batera ari gara lanean horietan sartzeko eskaera egiteko”.
Nazioarteko Halterofilia Federazioari dagokionez, Bruno Sotok, Euskadin izan den pisu-altxatzailerik garrantzitsuena, eskertu egin du Eusko Jaurlaritzaren inplikazioa: “Kirol hau hain ezaguna ez bada ere, Euskadin tradizio handia dago halterofilian, eta altxatzaile handiak izan ditugu. Urte askoan Euskadiko selekzioarekin lehiatu genuen, nahiz eta ezin izan genuen ofizialki egin; eskaera honen bidez beste urrats bat eman nahi dugu, beste lurralde batzuek bezala nazioartean lehiatu ahal izateko”.
Soto 13 aldiz izan zen halterofiliako Espainiako txapelduna eta 2 aldiz Europar Batasuneko txapelduna. Horrez gainera, munduko zortzi txapelketatan parte hartu zuen, eta orain dela 20 urtetik Espainiako errekor absolutua du (220 kilo). Orain halterofiliako entrenatzailea, Bizkaiko Halterofilia Federazioaren presidentea eta Euskadiko Federazioaren Zuzendaritza Batzordeko kidea da: “Urte askoan lehiatu ahal izan nuen Euskal Selekzioarekin, txapelketa askotan parte hartzen baitzuen ofizialki ez izanda ere. Belaunaldi gazteek nik izan ez nuen aukera hori izatea nahi nuke”.
Bestalde, Jon Redondok gogoratu duenez, “Euskadi sokatirako (tug of war), mendiko, kayak surfeko edo boxeoko nazioarteko federazioetako kide da, eta sokatirako, mendiko lasterketetako, kayak surfeko eta pilotako hainbat modalitateko (CIJB – Pilotako Nazioarteko Konfederazioak antolatzen dituenak, Euskadi bertako kide da eta) selekzioak ditu: “Selekzio gehiago izan nahi genituzke, eta jada eginda dago Nazioarteko Surf Federazioan sartzeko eskaera, eta orain Nazioarteko Halterofilia Federazioan egin da bertan sartzeko eskaera. Espero dugu baiezkoa emango digutela eta beste selekzio batzuek bezala lehiatu ahal izango dugula”.
Euskal Selekzioko Mayi Mujika eta Julen Martinez de Estibariz bosgarren postuan Olympo mendian
Gaurko puntuekin, biak izango dira, urrian, Limone Sul Gardan (Italia) jokatuko den finalean
Eskaladako Euskal Selekzioaren aurkezpena
Talde modura txapelketa guztietan aritzeko helburuarekin aurkeztu da gaur Eskaladako Euskal Selekzioa
.
Panama 0-0 Euskal Selekzioa
Panamak eta Euskal Selekzioak hutsean berdindu dute. Bero eta hezetasun handia egon da partida osoan, eta horren ondorioz, lehiak ia ez du izan erritmorik