EUSKAL KIROLA

Eta kirolean zer? EH Bilduren erantzunak

by | 2020/07/02

Hauteskundeak ate joka ditugula, alderdi politikoei ezinbesteko galdera luzatu diegu… «Eta kirolean zer?»
Hona hemen EH BILDUren erantzunak.

 

Uztailaren 12an Erkidegoko hiritarrok Eusko Legebiltzarrerako biltzarkideak hautatu ahal izango  ditugu. Eta dagoeneko hasia da hauteskunde kanpaina.

Euskal Herria Kirolean garrantzitsua iruditu zaigu aurkezten diren alderdiek jarduera fisikoaz eta kirolaz zer dioten aurrez jakitea.

Eta honen karira, galdetegi bat luzatu diegu alderdi guztiei euren iritzia finkatzeko asmoz, gaurkoan EH Bilduk helarazitako erantzunak zuenganatzen ditugularik.

1.-Legegintzaldi berrian zure alderdiak zein neurri lehenetsiko ditu jarduera fisikoa sustatzeko?

Aurreko legegintzaldien ildotik, EH Bildurentzat lehentasuna izango da bizitza aktiboa sustatzea eta sedentarismoaren aurkako estrategia garatzea. Herritar orok aktibitate fisikora sarbidea izateko Mugiment planaren baitako neurri, ekimen desberdinak sustatzen eta garatzeko ahalegin guztia egingo dugu. Kiroldegietatik haratagoko eta espazio eta ordu zehatzetan burutu daitezkeen jarduera zehatzetatik haratagoko filosofia bultzatuko dugu, herritarren artean bizitza aktiboa ezartzeko, kirol eta jarduera kontsumotik haratago. Azken finean, osasunean eragin zuzena duen adierazlea baita bizitza aktiboa zein jarduera fisikoaren praktika, ez bakarrik ongizate fisikorako, baita emozional, sozial eta pertsonaren ongizate integralerako. Horregatik, adin guzti eta ezaugarri guztietako herritar orori begirako politikak sustatu eta garatuko ditugu ikuspegi komunitariotik: autoa alboratu eta oinezkoentzat espazioak errekuperatzeko; bidegorrien sarea zabaltzeko; eskola bideak indartzeko; Urbanismo aktiboa eta mugikortasun ez motorizaturako neurriak garatzeko; haur eta gazteentzako hiri eta herriak eraikitzeko; Mugiment txartel bakarraren ezarpenarekin jarraituko dugu; orientazio bulegoak ezartzen jarraituko dugu, udaletako zerbitzu desberdinek osasun etxeekin elkarlanean hasi adinekoetatik, gaixo kronikoetatik pasaz, bazterketa egoeran edo egoera zaurgarrian egon daitezkeen kolektiboetako herritarren artean jarduera fisikoaren bidez bakardadearen aurka, inklusioaren alde, bizitza osasuntsuagoak garatzeko. Zentzu horretan, orain arte Gipuzkoak izan duen lidergo eta ekimena, gainerako lurraldeetan eta Jaurlaritzan zabalduko dugu.

Horretarako jarduera fisiko eta kirol zuzendaritza Lehendakaritzan kokatuko dugu, Lehendakaria herritar eta herri aktiboaren erreferente bilakatzeko.

Covid-19aren pandemian ikusi izan dugu nahiz eta teorian agintariek, OME berak atzean utzi dutela jarduera fisiko eta bizitza aktiboaren filosofia eta ekintza plana, goi mailako, kirol federatua eta kontsumoan oinarrituriko kirola lehenetsiz. Beraz, SARS-CoV-2rekin bizi behar garen honetan, inoiz baino gehiago bizitza aktiborako eta herritar orok jarduera fisikora sarbidea izateko politikak berrikusi eta indartu behar dira.

2.-Legegintzaldi berrian zure alderdiak zein neurri lehenetsiko ditu kirol alorrean?

Kirol alorrari dagokionean, Jaurlaritzaren konpetentziak kontutan izanez kirol eskuduntzak bere osotasunean garatu, sendotzen eta finkatzen saiatuko gara. Kirol zuzendaritzak legebiltzarraren aginduz  2014an berariazko euskal kirol markoa definitzeko egindako ekintza plana behingoz gauzatuko dugu, egin beharreko eguneraketa egin ostean, federazoekin elkarlanean. Jaurlaritzak eta Aldundiek dituzten eskumenak kontutan izanik, gaur egun dauden gainjartzeak ekiditeko lan banaketa eta kirol laguntza zein inbertsioak berrikusi eta osagarriak izateko lan ildoa irekiko dugu.

Izan ere, kontutan izanik kiroletara bideratzen den aurrekontu mugatu eta urria, ez du zentzurik erakunde bakoitza bereak ez diren eskumenen baitan laguntzak eta inbertsioak bideratzen aritzea. Euskadiko kirol instalazioen sarea planifikatzeko irizpideak ezarriko ditugu; besteak beste Euskal Herriko Bide Gorri Sarea eraikitzeko ibilbide orria zehaztuko dugu. Emakume kirolari eta emakumeen kirol taldeak lehen lerroan jarriko ditugu. Euskal Herriko Txirrindulari lehiaketak lehenetsi, babestu eta bultzatuko ditugu. Eta berehalako esku-hartzea behar duten kirolak babestuko ditugu, gu garena egiten laguntzen digutelako edo premiazko hil ala biziko egoeretan aurkitzen direlako, besteak beste: euskal pilota; herri kirolak; txirrindularitza.

3.-Legebiltzarraren zeregin nagusienetakoa legea egitea izanik ze iritzi du zure alderdiak kirol arloan bai erkidego mailan bai estatukoan indarrean dauden legeei buruz? Aldaketarik proposatuko dituzue?

Lege eta araudi esparruan, gure ekimena 3 lan eremutan zentratuko da bereziki:

– Euskadiko kirolaren 14/1988ko legea eguneratzea. Nahiz eta ez den lidergo politikorik egon kirol legea bere osotasunean garatzeko, eta ondorioz, agerikoa den indarrean dugun kirol legeak ez duela izan, izan beharko lukeen garapena; bada momentua eta beharrezkoa dugu EAEko kirol legea garai berrietara egokitzeko.
– Behingoz, aurrera atera beharra dago, bi legegintzalditan onartu gabe geratu den Kirol-arloko lanbideetan sartzeari eta jarduteari buruzko legea. Jaurlaritzak orain arte, izan duen lidergo faltak eta gaitasun ezak, adostasunak bilatzeko, eragin dute Jaurlaritzak egindako lege proiektua zaharkitua geratzea. Beraz, legegintzaldi berrian, ezinbestekoa da ausardiaz, kirol-arloko lanbideetan sartzeari eta jarduteari buruzko legeari heldu, adostasunak bilatu eta ahalik eta azkarren onartzea.
– 125/2008ko Eskola Kirolaren dekretua ez da bete. Hiru lurraldetan eskola kirol eredu desberdinak ditugu. Ez da 125/2008 bete eta eskola adinekoen kirol praktikak filosofia eta garapen desberdinak izan dituzte hiru lurraldeetan, Jaurlaritzak beste aldera begiratu duen bitartean. Beraz, bada garaia, eskola kirolaren eredua eguneratzearekin batera, hiru lurraldeak eskutik elkarlanean aritzeko eta jauzi kualitatibo bat emateko arlo honetan.

4.-Legegintzaldi berrian zure alderdia euskal selekzioak nazioarteko txapelketa ofizialetan lehiatzearen aldekoa da? Eta hala balitz zein urrats emateko prest dago?

Orain arte bezala euskal selekzioek nazioarteko federazio, elkarte desberdinetan sarbidea izateko eta nazioarteko lehiaketetan parte hartzeko lanean jarraituko dugu. Ez dugu ahaztu behar euskal selekzioak ofizialak direla. Baina dugun zailtasun eta erronka, nazioarteko lehiaketa eta elkarteetan sarbidea lortzea dela. Horretarako, ekimena hartuko dugu eta federazioekin elkarlanean, arestian aipaturiko zailtasunak gainditu eta erronkak lortzeko, nazioarte mailan zein Estatu Espainiarreko federazioekin bide desberdinak jorratuko ditugu, besteak beste elkarrizketaren bidez adostasunak bilatzeko. Halaber, gure herria nazioartean ikustarazteko eta ofizialtasunaren bidean urratsak emateko, nazioarteko lehiaketa desberdinak antolatzeaz gain, parte hartzeko ekimena ere hartuko dugu.

5.-Zure alderdiak ze iritzi du indarrean dauden kirol egiturei buruz? Federazioak, klubak, bakoitzaren funtzioaz eta harremanaz?

Euskal Herrian, gure ezaugarri nagusietako bat izan da eta da, dugun kirol ehun aberats, zabal eta emankorra. Dugun kirol militantziak, gainerako eremuetako kirol militantziak gainditzen ditu. Guzti horri esker, lortu da hamarkadetan kirolean makina bat lehiaketa, lasterketa izateaz gain, nazioarte mailan ere erreferentziazko bilakatzea eta aldi berean adin guztietako milaka eta milaka herritarrek taldean, era antolatuan kirola praktikatzea.  Nahiz eta, azken urteotan, bolondresgoaren eta militantziaren beherakadarekin, norbanakoaren kirol praktikak talde antolatuko praktikari lekua irabazteak, interes politikoek, eta kirol estrukturen eguneraketa gabeziak besteak beste, ekarri  duen kirol egiturak ere krisian sartzea, ahultzea. Agerian geratuaz, dagoen premia kirol egiturak berritzeko, bereziki frankismoaren eredua mantentzen duten federazioak eguneratzeko, klubak indartzeko eta gure gizartearen errealitateari egokitutako egitura sarea egokitzeko.

6.-Zure alderdiak zein politika ezarriko ditu aukera berdintasunetik, kolektibo zaurgarrienei begira?

Hasteko esan behar dugu, kirola bitarteko ekitatibo, aukera berdintasunerako tresna kontsideratu arren, kirola berez eta gaur egun antolatua dagoen eran, arrakalarako beste bitarteko bat besterik ez dela. Beraz, aukera berdintasunean eta ekitatean aurrera egiteko ezinbestekoa izango da begirada aldatzea eta ahalegin handiagoa egitea, bazterrean geratzen diren herritar guzti horiek bazterrean ez geratzeko. Inklusioan, aukera berdintasunean sakontzeko politiketan sakondu beharra dago, desgaitasuna duten herritarrak jarduera fisikora sarbidea izan dezaten, edo eta etorkinek lehiaketa desberdinetan parte hartzeko dituzten oztopoak ezabatzeko. Jarduera fisikoa zein kirola praktikatzeko egon daitezkeen oztopo ekonomiko, sozial, fisiko zein bestelakoak ezabatzeko neurriak kontutan hartu behar dira hasiera hasieratik edozein estrategia garatzerakoan; zeren egia bada jarduera fisikoa eta kirola tresna egokiak izan daitezkeela inklusioa lantzeko, egia ere bada egiten den planteamenduak baldintza dezakeela eta arrakalarako tresna bat gehiago bilaka daitekeela. Beraz, politika guztietan begirada aldatu eta aniztasuna bere osotasunean txertatzea ezinbestekoa izango da.

7.-2020an Jaurlaritzako kirol zuzendaritzak, 8.990.108 milioi euro bideratu ditu jarduera fisiko eta kirol eremura. Ze balorazio egiten duzue honetaz?

Errealitate gordina da, Jaurlaritzako kirol zuzendaritzara bideratzen den inbertsioarekin jarduera fisiko eta kirola sustatu eta garatzeko politikak egiteko ezer gutxi egin daitekeela. Baina errealitate bat da ere, zenbatekoak beste garrantzia duela, dugun finantziazioa nola eta nora banatzen den. Eta zentzu horretan, azken urteetan ikus daiteke diru laguntzetara gero eta gehiago mugatzen den zuzendaritza baten aurrean gaudela, jarduera fisiko eta kirol politikak, norabideak, estrategiak ezartzera baino. Baina aldi berean, Jaurlaritzak ez du arazorik izan kirol azpiegitura erraldoiak bideratzeko finantziazioa gainerako departamentuetatik ateratzeko. Beraz, ikusi izan da nahi denean dirua egon badagoela, baina zoritxarrez beti azpiegitura, porlanaren politikari begirakoa.

Arestian aipaturiko guztiari gehitu behar zaio, Covid-19aren pandemiak kirol esparrua ere gogor kolpatu duela eta 2008ko krisiarekin gertatu zen bezala, orain berriro ere arrisku handia dagoela jarduera fisiko eta kirol politika bazterrean uzteko eta berriro galtzaile nagusietakoa izateko. Horregatik gure taldeak, ahalegin berezia egingo du, jakinda gainera, bizitza aktiboak, jarduera fisikoak duen eragina herritarren osasunean eta ongizatean, jarduera fisiko eta kirol eremua alboratua ez geratzeko, inbertsioa ez murrizteko eta bizitzak erdigunera ekartzeko inbertsioan areagotzeko. Horretarako gainerako departamentuetako politiketan inbertsioa txertatuz horretarako, zehar lerroz lan eginez, elkarlanean.

Share This