EUSKAL KIROLA
Eta kirolean zer? Ahal Dugu-Podemosen erantzunak
Hauteskundeak ate joka ditugula, alderdi politikoei ezinbesteko galdera luzatu diegu… «Eta kirolean zer?»
Hona hemen AHAL DUGU-PODEMOSen erantzunak.
Uztailaren 12an Erkidegoko hiritarrok Eusko Legebiltzarrerako biltzarkideak hautatu ahal izango ditugu. Eta dagoeneko hasia da hauteskunde kanpaina.
Euskal Herria Kirolean garrantzitsua iruditu zaigu aurkezten diren alderdiek jarduera fisikoaz eta kirolaz zer dioten aurrez jakitea.
Eta honen karira, galdetegi bat luzatu diegu alderdi guztiei euren iritzia finkatzeko asmoz, gaurkoan Ahal Dugu-Podemosek helarazitako erantzunak (EH Kirolak euskaratuak) zuenganatzen ditugularik.
1.-Legegintzaldi berrian zure alderdiak zein neurri lehenetsiko ditu jarduera fisikoa sustatzeko?
Biztanleria osoan eta berdintasun baldintzetan jarduera fisikoa eta kirola egitea sustatuko dugu, genero, adin, jatorri edo egoera ekonomikoaren araberako desberdintasunik egon ez dadin. Herritarrek edozein jarduera fisiko eta kirol mota modu arduratsuan praktikatzeko behar dituzten baliabideak bermatzeko lan egingo dugu, praktika horietan ohitura iraunkor eta osasungarriak sortzeko.
Jarduera fisikoa sustatzea funtsezkoa da herritarren osasunerako eta hori dela eta, osasunaren eta kirolaren sektoreen arteko lankidetza sustatuko dugu, ariketa prebentzio-tresna gisa eta osasun-arazoak tratatzeko tresna gisa erabil dadin. Ildo horretatik, osasun-profesionalek ardurapean dituzten gaixoak, kirol profesionalek zuzendutako jarduera fisiko osasungarria garatzen duten programetara bideratu ahal izateko behar diren baliabideak jarriko ditugu.
Osasuna eta prebentzioa sustatzearen aldeko apustu garbia egingo dugu, baita kiroletik eta jarduera fisikoa sustatzetik ere. Horretarako, sektoreen arteko lankidetzan oinarrituriko hainbat neurri jarriko ditugu abian, hezkuntza, haurtzaroa, aisia eta denbora librea, gazteria, familia eta abar barnebiltzen dituztenak, osasunean eragina duten politika publiko guztiak bateratzea eskatzen dutenak, alegia.
Halaber, osasuna sustatzeko eta mendekotasunei aurrea hartzeko, neurriak hartu behar dira arlo hauetan: familia, komunitatea, hezkuntza, lana, justizia eta espetxea, komunikabideak, adingabeak eta arrisku-egoeran dauden gazteak, kirola eta aisialdia.
2.-Legegintzaldi berrian zure alderdiak zein neurri lehenetsiko ditu kirol alorrean?
Arlo honetan, gure lehentasuna da euskal herritar guztiei berdintasun-baldintzetan kirola egiteko eskubidea bermatzea. Kirolerako eskubidea ez da errendimendu handiko kirolaren ikuspegitik bakarrik ikusi behar, izan ere, kirol-praktika guztiak sustatu behar dira, maila guztietan, hasi eskolarekin harremana duten haurrak eta hezkuntza-maila guztiak kontutan hartuta.
Era berean, emakumeak eta gizonak, adineko pertsonak, pertsonen aniztasuna, eta bestelako faktoreak hartu behar dira kontutan, eta horrek esan nahi du, kirol-praktika horiek baldintza berdinetan eskuratzeko aukera bermatzeaz gain, egoera desberdinean daudenak sustatu behar direla. Horregatik, aukera inklusiboak, egokituak eta seguruak eskaini behar zaizkie guztiei, salbuespenik gabe, jarduera fisikoan eta kirolean parte hartzeko.
Halaber, kirolaren arloan emakumeen sarbidea eta parte-hartzea sustatuko dugu, eta emakumeenganako indarkeria sinbolikorik gabeko kirol-ekitaldiei buruzko neurriak proposatuko ditugu. Emakume kirolari profesionalak txapelketetara itzultzeko programa pertsonalizatua ezartzea proposatzen dugu, amatasunaren ondoren beren jarduerara berme osoz itzul daitezen.
Kirol-ekitaldiei edo kirol erakundeei bideratutako diru-laguntza publiko guztiak berdintasun irizpideen arabera eta inolako bereizkeriarik gabe egiten direla zainduko dugu. Eta gardentasunaren mesedetan, kontrolak ezarriko ditugu, kirolarekin lotutako fundazioentzako diru publikoa soilik fundazioek dituzten kirolen praktika sustatzeko erabiliko dela ziurtatzeko, eta ez “prezio baxuan” talde profesionalak babesteko, fundazioen abantaila fiskalak direla eta. Halaber, garrantzitsua iruditzen zaigu urte luzez kirolean aritu eta lanik gabe gelditu diren kirolariak lan mundura igarotzeko programa bat bultzatzea.
3.-Legebiltzarraren zeregin nagusienetakoa legea egitea izanik ze iritzi du zure alderdiak kirol arloan bai erkidego mailan bai estatukoan indarrean dauden legeei buruz? Aldaketarik proposatuko dituzue?
Indarrean dagoen legeria autonomikoa berrikusi eta aldatu behar dugu, kirolaren eta jarduera fisikoaren lanbideak arautzeko, jarduera profesionala antolatu eta arautzeko, eta, aldi berean, sektore horretako araudia eta lan-baldintza egokiak betetzen direla bermatzeko, eta ezkutuko enplegua ezabatzeko bidean aurrera egiteko. Beharrezkoa da kirolaren eta jarduera fisikoaren segurtasuna sustatzea, bai eta horrekin lotutako zerbitzuen kalitatea eta gardentasuna ere.
Garrantzitsua iruditzen zaigu lege berri honek kirolak eta jarduera fisikoak osasunerako duten garrantzia indartzea, obesitatearekin eta sedentarismoarekin lotutako gaixotasunak prebenitzeko eta horiei aurre egiteko. Era berean, beharrezkoa da eskola-kirola sustatzea eta gorputz-hezkuntza ikasgaia indartzea.
4.-Legegintzaldi berrian zure alderdia euskal selekzioak nazioarteko txapelketa ofizialetan lehiatzearen aldekoa da? Eta hala balitz zein urrats emateko prest dago?
Elkarrekin Podemos-IUk beti erakutsi du bere babesa euskal kirolaren aldarrikapenari, haren hedapenari, ofizialtasunari eta nazioartekotzeari, bai eta kirol-modalitate guztietako federazioen ekimenei ere, bai emakumezkoen eta gizonezkoen kirolari dagokionez.
Baina kezkatzen gaitu, askotan helburua euskal selekzioen ofizialtasuna berrestea dela dirudi, baina beti modalitate beraren bidez: futbola eta genero bera, maskulinoa. Horregatik, gure konpromisoa haratago doa eta integratzaileagoa da. Nazioarteko lehiaketetan nahi duten euskal selekzioen parte hartzea eskatzen dugu.
Gaur egun, emakumezkoen zein gizonezkoen eta kirol-modalitate guztietako euskal selekzioen aldeko aldarrikapen garrantzitsu bat dago, euskal gizartearen zati batek onartzen eta berea egiten duena. Gu, behin baino gehiagotan euskal selekzioen onarpenaren aldeko jarrera agertu dugu, uste baitugu Euskadin ematen den identitate-aniztasunak aitorpen hori gauzatu ahal izatea ekarri beharko lukeela.
Legebiltzarreko gainerako taldeei gonbita egiten diegu gure ekimenarekin bat egin dezaten, integratzaileagoa eta berdintasunaren eta herritarren parte-hartzearen aldekoa dena, Euskadin gaur egun elkarrekin bizi diren identitateak modu egokian bateratu ditzagun, eta emakumeen kirolaren aldeko lana, elkartasun, lankidetza eta errespetuzko balioen aldeko apustua sendotu dezagun. Azken batean, oinarrizko kirolaren ikuspegia indartzea, kirol profesionalean atzean dagoen indibidualismo eta lehiakortasunerako joera alboratuz.
5.-Zure alderdiak ze iritzi du indarrean dauden kirol egiturei buruz? Federazioak, klubak, bakoitzaren funtzioaz eta harremanaz?
Gure kirol erakunde eta federazioen egungo egiturei buruzko hausnarketa egin behar da. Gure federazio-sistema XXI. mendera egokitu behar dugu, eta gizarteak eskatzen dituen erronkei erantzun behar die sistema horrek. Sistema eraginkorragoa behar dugu, baliabideak kirol maila hobetzeko erabiliko dituena.
Gaur egungo egiturak oso atomizatuak eta ahulak dira, eta erakundeen laguntzekiko menpekotasun handia dute. Euskadiko federazio-egiturak erronka handiak ditu etorkizunerako. Krisi garai hauetan etengabe murriztu diren diru-laguntza publikoekiko mendekotasun handiari, babesletzaren beherakada gehitu behar zaio. Lizentziek berez sortutako baliabideak ez dira gai izan diru-sarreren beherakada orekatzeko.
Gobernantzarekin zerikusia duten gaiak, federazioen hauteskunde-sistema benetan demokratikoa ez denaren pertzepzioa, zuzendaritza-batzordeen berritzea, belaunaldi-aldaketak errazteko eta gardenagoak egiteko moduak indartzeko bidean agintaldien gehienezko iraupena finkatzea, e.a. horiek dira kezkatu eta landu beharreko gaiak.
Gainera, Kirol Egokituaren Euskal Federazioaren kasua nabarmendu nahi dugu, izan ere, nahiz eta urteak daramatzan baliabide gehiago eskatzen, aurrekontuetan partida testimonial bat besterik ez du jasotzen, eta ez zaigu iruditzen kirol egokitua aitortu eta indartzeko benetako konpromisoa kopuru horietan islatzen denik.
6.-Zure alderdiak zein politika ezarriko ditu aukera berdintasunetik, kolektibo zaurgarrienei begira?
Elkarrekin Podemos-IUn, euskal herritar guztiek kirola eta aisia berdintasunez egiteko aukera bermatu behar dela defendatzen dugu. Kirola, ez da soilik jarduera ludikoa, UNESCOren Gorputz Hezkuntzaren eta Kirolaren Nazioarteko Gutunean berariaz aitortutako giza eskubidea ere bada.
Kirol eta aisialdi jarduera guztiak pertsona guztientzat egokiak diren guneetan egingo direla bermatzea proposatzen dugu, batez ere mugikortasun murriztua eta/edo aniztasun funtzionala dutenentzat. Eta mugikortasun murriztua eta/edo aniztasun funtzionala duten pertsonei ere kirola egitea bermatzea.
Beste esparru batzuetan gertatu den bezala, emakumeek, kirolean ere oztopo esplizitu eta inplizituak gainditu behar izan dituzte, bai eta aurreiritziak ere, desberdintasuna sortu duten estereotipo sozial eta kulturalek sortuak. Emakumeek Euskadiko kirol-arloan sartzeko eta parte hartzeko aukera berantiarra eta zaila izan da, eta, gaur egun ere, emakumeen presentzia txikiagoa da modalitate eta arlo guztietan, zein kirol-sistema osatzen duten egitura guztietan.
Hori dela eta, emakumeen eta gizonen erabateko berdintasuna sustatuko dugu eskola-kirolean eta amateur zein jarduera profesionalean, eta indarkeria edo genero arrazoiengatik edozein bereizkeria desagerraraziko dugu, dagoen soldaten arteko aldea (soldata arrakala) barne. Kirol-sektorean emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko egungo egoeraren azterketa egitea proposatzen dugu, kirol-sektorean berdintasunerako plan bat egiteko. Plan horretan, besteak beste, honako gai hauek landuko dira: emakumeek eta gizonek kirolean duten parte hartzea eta sartzea. Entrenatzaileen soldatak sexuaren arabera. Instalazioetan sexuaren araberako erabilpena kirol esparru guztietan, erakunde publiko batek emandako diru-laguntzaren bat jasotzen duten klubak barne.
Azkenik, diru-laguntza publikoen oinarri arautzaileetan berdintasun-klausulak sartzea eskatuko dugu, erakunde eskatzaileek soldata-ezberdintasuna alboratzen dutela bermatzeko, denborak birbanatzeko eta kirola berdintasun baldintzetan ematen dela errazteko.
7.-2020an Jaurlaritzako kirol zuzendaritzak, 8.990.108 milioi euro bideratu ditu jarduera fisiko eta kirol eremura. Ze balorazio egiten duzue honetaz?
Jarduera fisikora eta kirolera bideraturiko aurrekontuak, zalantzarik gabe, ez dira nahikoak sektoreari baliabideak emateko eta Eusko Jaurlaritzak berak ezarritako konpromisoak betetzeko. Aurrekontu eskas horretan, kirola berdintasun baldintzetan sustatzeko dagoen aurrekontu txikia deigarria da gainera.
Kirolean berdintasuna sustatzeko baliabideak ere urriak dira, eta argi dago egoera horri buelta emateko ez direla nahikoak, inondik inora. Eta egoera hau salatu nahi dugu ozenki, izan ere, Elkarrekin Podemos-IUri, funtsezkoa iruditzen zaigu Euskadin jarduera fisikoa eta kirola garatzeko behar besteko baliabideak izatea. Iruditzen zaigu EAJren eta PSEren gobernuak interes gutxi duela berdintasun-eredu erreal bat ezartzeko, non emakume bat bera ere ez den diskriminatua sentituko. Ildo beretik doaz kirolean indarkeria erauzteko partidak, eta ikusten dugunez, bi kontu handi hauei eman behar zaien garrantzia ez da aurrekontuetan islatzen.
Marka eta Erronka ekimena, Euskaralditik etorkizunera
Euskara sustatzen duten kirol klubak eta federazioak elkartu nahi dituzte, entrenamenduetan ere euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan egiteko
Arabako kirola Euskaraldian
Aurten azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitartean, Euskaraldiaren bigarren edizioa izango da
Eta kirolean zer? EH Bilduren erantzunak
EH BILDU: «Euskal selekzioek nazioarteko federazio eta nazioarteko lehiaketetan parte hartzeko lanean jarraituko dugu»