EUSKAL SELEKZIOA/ESKALADA
Eskaladako Euskal Selekzioaren aurkezpena
Gaur goizean izan da TERNUAren egoitzan (Arrasate) eskaladako Euskal Selekzioaren aurkezpena. Bertan egon dira besteak beste, Irati Anda EMFko zuzendari teknikoa, Sergio Delgado Euskal Selekzioko hautatzailea, Imanol Muñoz TERNUAko marketing zuzendaria, eta Euskal Selekzioko eskalatzaileak diren Irati Zabala eta Martin Urrutia. Hitza hartzen lehena, Irati Anda izan da. “Azken urteetan areagotu egin dira eskaladako diziplinak, eta azkenaldian zailtasun probei garrantzia berezia eman dio Euskal Mendi Federazioak. Joku Olinpikoei begira abiadurari ere berebiziko garrantzia eman behar zaiola iruditzen zait. Teknifikazio lanetan ere jarraitzeko asmoa dugu, eta benetan eskertzekoa da Sergio Delgado hautatzailea egiten ari den lana” aipatu nahi izan du.
Sergio Delgado hautatzaileak, orain arte lortutako emaitzez gain, etorkizuna aipatu nahi izan du. “Blokeko Kopa bukatu da jada, eta oso emaitza politak lortu ditugu, Mikel Linazisoro eta Itziar Zabala garaile izan baitira. Bestalde, besteek ere oso emaitza onak lortu zituzten, gazteria ere oso indartsu dator, eta seniorrekin borrokatu zuten. Aste bete barru hasiko da zailtasun kopa eta talde bikaina eramango dugu. Beste batzuk Europan zehar egongo dira, eta argi daukat guztiak prest daudela estutzeko. Ez daukagu helburu bakarra, baizik eta bat baino gehiago. Talde handia gara eta batzuentzat helburua Espainiako txapelketetan lotsa kentzea izango da, beste batzuentzat finaletan egotea, eta beste askorentzat berriz podiuma lortzea. Hala ere, niretzat garrantzitsuena txapelketa guztietan talde moduan egotea eta dena ematea izango da, hori lortuz gero pozik egongo naiz”.
Imanol Muñoz, TERNUAKO marketing buruak, Euskal Selekzioarekin azken urteetan izandako harremana azpimarratu nahi izan du lehenik. “Guretzat oso garrantzitsua da azken urteetan bezala selekzioaren babesle izatea. Aurrera eramaten dituzten taldeen artean, beti izan du eskaladako selekzioak talde indarstua, eta gaur egun ere horrela darrai. Olinpiar Jokoetan egongo den kirola garrantzitsua izango da datozen urteetan, eta atzetik datozen gazteentzat ere garrantzitsua izango da. Eskertzekoa da gure partetik haurrekin eta gazteekin egiten duzuen lan handia. Denboraldian zehar emaitzez gain, garrantzitsua izango da gazteen artean eskalada sustatzea”.
Azkenik, Euskal Selekzioko bi eskalatzaileek ere hartu dute hitza. Irati Zabala eskalatzaile oiartzuarrak, seniorretan egin du debuta aurtengoan, eta gogotsu dagoela aitortu du. “Aurtengo txapelketak erronka berri bat dira niretzat, jada maila jubeniletik maila seniorrera pasa naizelako eta lehiakide benetan indartsu eta esperientzia handikoekin lehiatuko naizelako. Horri begira, nik ere maila ona erakustea dut helburu; hau da, jende horrekiko lehiakor izatea. Horrez gain, nire borroka, finalerako pase bat eskuratzea da. Esango nuke garrantzitsuena alderdi mentala dela, benetan garrantzitsuak iruditzen bait zaizkit sufritzeko gaitasuna eta azken uneraino borrokatzeko griña. Azken finean hortan datza arrakasta. Horregatik, nire xedea eskaladan filosofia hori islatzea da. Etorkizunera begira, proiektu, bidaia, erronka, gradu eta desio ugari ditut buruan… Izan ere, gogoa eta motibazioa izanez gero, dena da posible !”. Martin Urrutiaren kasua ere antzekoa da, berak ere lehen urtea izango baitu helduen mailan. “Astebete barru, Bartzelonan (Herrialde Katalanak) hasten den zailtasun kopako nire helburu nagusia, hauen finalera pasatzea izango da. Ez da batere erraza izango final hauetarako sailkapena lortzea, oso lehiakide osoak eta indarstuak daudelako. Iaz, bi aldiz finalera sailkatu nintzen, eta horrek erakusten du posible dela lortea. Aurten, hobeto lehiatu nahi nuke. Etorkizunean onenekin lehiatzeko esperientzia emango didala uste dut, betio ere harrokako proiektu eta bidaiak ahaztu gabe. Diziplina honetan ikusten dut nire burua etorkizunean”.
Mendi lasterketetako Euskal Selekzioa etxean gelditzen da (III)
Vanessa Pelaez Martinez (1991, Andoain), Euskal Selekzioko mendi korrikalariari elkarrizketa
Mendi lasterketetako Euskal Selekzioa etxean gelditzen da (II)
Andrea Garay Zarraga (1991, Gasteiz, Araba), Euskal Selekzioko mendi korrikalariarekin elkarrizketa
Mendi lasterketetako Euskal Selekzioa etxean gelditzen da
Beñat Katarain, Zegamako mendi korrikalariarekin elkarrizketa