EUSKAL PILOTA
Erremontea abian jarriko da berriro ekainean
Entrenamenduak egiteko zabaldu ditu ateak Galarreta pilotalekuak eta Oriamendik lehiaketa antolatzeko asmoa du ekainean
Erremontea izan zen ateak itxi zituen azkena, eta ziurrenik zabaltzen aurrena izango da, osasun egoerak ahalbidetzen badu, ekainaren 20an edo 27an, Hernaniko Galarreta frontoian aurreneko partidak lehiatuko baitira.
Covid19 gaitzak sorturiko egoeraren harira, apirilean Oriamendi 2010 enpresak ezin izan zuen aldi baterako erregulazio eskaera aurkeztu erremontistek bestelako lanak dituztelako eta beraz amaitzen ziren kontratuak ez berritzea erabaki zuten.
Erremontean hiru hilabetez behin joaten dira hitzarmenak egiten, eta azkena martxoaren 31n bukatzen zen. Pilotari bakoitza bere kontratua aztertzeko martxoaren 25ean elkartu behar zen enpresarekin, baina jarduera lehenago eten zen eta horren ondorioz hitzarmen guztiak bertan behera geratu ziren.
Pilotariak kontraturik gabe eta Galarreta hutsik, hori izan da orainarte izan dugun egoera gordina, baina orain, erremontearen jardueraren itzulerarako data batzuk hasiak dira mahairatzen.
Izan ere, Oriamendi empresak eta Euskal Telebistak adostu berri duten akordioaren harira, ekainaren erdialdera sei bikotek osatuko duten txapelketa lehiatuko da, osasun agintariek kontrakoa esaten ez badute behintzat.
Bost saiotan garatuko da txapelketa hau, beti ere larunbatetan arratsaldeko lauretan hasita, eta amaiera uztailaren 18an edota 25an izango litzateke, azkenean txapelketari hasiera emateko aukeratzen den dataren arabera.
ETBrekin lotutako akordioa ez da lehiaketa honetara mugatzen, Banakako zein Binakako Txapelketen partidak ere zuzen-zuzenean ematea adostu baitute, urtea amaitu bitartean orotara 32 edo 35 jaialdi egiteko asmoa dagoelarik.
Dena den, erremonteko jaialdiak hasi aurretik, pilotariek haien kontratu berriak sinatu beharko dituzte enpresa sustatzailearekin, martxoaren 31tik aurrera lan-harreman guztiak etenda geratu baitziren.
Erkiaga eta Zabala finalerdietara sailkatu dira
Olharan-Etcheto bikoteari 12-15 eta 8-15 irabazi ondoren
Fusto eta Gaubeka, Pala Banakakoaren finalerdietara
Argentinarrak eta armintzarrak Iñaki Urrutia eta Roman Maldonado garaitu zituzten bilbon
Nagore Martinek eta Maider Huizik Bizkaiko larruzko paletako finala irabazi dute
Amaia Irazustabarrena eta Leire Etxaniz hartu dituzte mendean Bizkaia pilotalekuan (12-10, 11-10 eta 10-12)