ARRAUNA

TKEk bere bide-orria gauzatzen jarraituko du

by | 2020/05/18

Gizonezkoen Eusko Label Ligako eta emakumezkoen Euskotren Ligako arraunlariak, test serologikoak pasatzen hasiko dira

 

Denboraldia egin ahal izateko TKEk landutako protokoloak aurrera segitzen du eta TKE-ko ordezkariek egindako azken bileraren ondoren, aste honetatik aurrera, Eusko Label Ligako eta Euskotren Ligako arraunlarien serologia aztertzeko beharrezkoak diren probei hasiera emango zaiela jakinarazi dute.

Prozesu hau klubetako medikuen gidaritzapean egingo da, elkarteko zerbitzu medikoen arduradun Juan Jose Badiolak zuzendutako prozesu batean.

Test serologikoak izango dira, odol lagin txiki baten bidez gauzatzen direnak eta kirolariak birusaren aurkako antigorputzak sortu dituen detektatzen dutenak, hori birusarekin kontaktuan egon den seinale izango litzatekeelako.

Apirilaren 4an, TKEk estropaden egutegi malgua onartu zuen, beti ere pandemiaren bilakaeraren arabera moldatu daitekeena. Eusko Label Ligaren hasiera ekainaren 28rako dago aurreikusita, baina ez dute oraindik jakinarazi CaixaBank Bandera non egingo den. Euskotren Ligako lehen estropada ordea, uztailaren 4rako dago aurreikusita, eta A Coruñan egingo da.

Traineruen Kluben Elkarteak maiatzaren 30ean egingo du hurrengo batzarra, non elkarteko hamabi kideen ordezkariak bilduko diren, denboraldia hasi aurreko azken erabakiak hartzeko. Printzipioz, bilera honetan ez da mahai gainean egongo Zarauzko Arraun Elkarteak planteatu duen proposamena, uda honetan igoerak zein jeitsierarik gabe lehiatzeko asmoa, alegia.

Bestalde, KAE eta ETE ligetako klubek idatziz bidali beharko dituzte sasoiari buruzko beren proposamenak. Bederatzi estropada egitea aurreikusten zuten, hiru eremu desberdinetan, baina aukeren artean dago estropada kopurua hamabira igotzea, eta eremuak, laura.

Share This