EUSKAL PILOTA
Erkiaga eta Zabala finalerdietara sailkatu dira
Zesta-puntaren olatua pil-pilean dago eta beste behin ere ehunka zale hurbildu ziren Gernikako Jai Alaira, Olharan-Etcheto eta Erkiaga Zabala bikoteen arteko lehiaz gozatzeko, non azken hauek garaipena erdietsi zuten (12-15, 8-15). Lehen astelehenean ia 400 pertsona bildu ziren harmailetan baina honakoan bi aldiz jende gehiago gerturatu zen, edukiera osoa betetzeraino. Argi dago olatua existitzen dela eta norabide onean doala.
Partidari dagokionez, Jean Olharan eta Nicolas Etchetok garaipena bilatzen dute beti eta asteleheneko saioan ere gogotik saiatu ziren. Batez ere lehen setean, non 5-1 irabazten hasi zen bikote gorria, jokoa atzean kargatuz eta Erkiaga jokoan sartzea saihestuz. Partidaren hasieran lortu zuten baina pixkanaka Erkiaga partidan sartzen hasi zen eta gainera Zabalak partiduaren erritmoa menderatzea lortu zuen, Etchetori bizkarra erakutsiz eta atzeko paretara errazago iritsiz. Urdinek berdinketa lortu zuten zortzigarren kartoian, eta handik aurrera oreka mantendu zen markagailuan (9-9, 10-10,11-11, 12-12). Orduan, Olharanek erremate erraz bat huts egin zuen eta urdinak aurretik jarri ziren, 12-13, jarraian jokoa ixtea lortu zutelarik.
Bigarren jokoan, Olharanek ez zuen bere tokia aurkitu, eta batez ere set erditik aurrera, Iparraldeko bikotea ezinean aritu zen. Kantxan jarraitzen zuten, baina psikologikoki garaituta. Hartara, bigarren joko hau ere irabazi zuten Erkiaga eta Zabalak (8-15), garaipena poltsikoratuz eta bidenabar finalerdietarako txartela bereganatuz.
Markagailuaren gorabeherak:
- jokoa: 2-0, 2-1, 5-1, 5-4, 6-4, 6-5, 7-5, 7-6, 8-6, 8-8, 9-8, 9-9, 10-9, 10-10, 10-11, 11-11, 12-11, 12-12, 12-15.
- jokoa: 0-1, 1-1, 2-3, 2-5, 4-5, 4-9, 6-9, 6-13, 7-13, 7-14, 8-15.
SAILKAPENA:
* A TALDEA:
ERKIAGA-ZABALA: 7 puntu (2 partida jokatuta)
BARANDIKA-LEKERIKA: 1 puntu (partida bat jokatuta
OLHARAN-ETCHETO: 0 puntos (partida bat jokatuta)
* B TALDEA:
BEASKOETXEA-ALDAZABAL: 4 puntu (partida bat jokatuta)
ARBE-LOPEZ: 0 puntu (partida bat jokatuta)
GOIKOETXEA-AIMAR: 0 puntu (partidarik jokatu gabe oraindik)
“JAI ALAI WINTER SERIES” TXAPELKETAREN EGUTEGIA
* Urtarrilak 29: ERKIAGA-ZABALA vs BARANDIKA-LEKERIKA: 12-15, 15-14, 5-3
* Urtarrilak 31: ARBE-LOPEZ vs BEASKOETXEA-ALDAZABAL: 11-15, 9-15
* Otsailak 7: OLHARAN-ETCHETO vs ERKIAGA-ZABALA: 12-15, 8-15
*Otsailak 14: GOIKOETXEA-AIMAR vs BEASKOETXEA-ALDAZABAL
* Otsailak 21: BARANDIKA-LEKERIKA vs OLHARAN-ETCHETO
* Otsailak 28: GOIKOTEXEA-AIMAR vs ARBE-LOPEZ
* Martxoak 7: FINALERDIA
* Martxoak 14: FINALERDIA
* Martxoak 20: FINAL HAUNDIA
Segurola-Barrenetxeak eta Ansa-Aizpuruk garaipen ikusgarriak lortu dituzte
Segurola eta Barrenetxea IV.ak 40-14 irabazi zioten Juanenea-Larrañaga bikoari eta Ansa II.a-Aizpuru III.ak 40-35 Urriza eta Labakari
Pala Ligako laugarren jardunaldia jokatu da
Ibarguren-Ibargaray bikoa 3-2 nagusitu zitzaion Necol-Gordon bikoteari eta Fusto-Urrutia bikoteak 3-0 irabazi zuen Gaubeka eta Del Rioren kontra
Axier Arteaga, Promozio Mailako Buruz Buruko txapeldun
Lasartearrak bigarrenez irabazi du Promozioko Buruz Burukoa, Aitor Elordi mallabitarrari nagusitasunez irabazita (12-22)