EUSKAL PILOTA
Erkiaga eta Lekerika, Gernikako Grand Slamaren txapeldunak
Argazkiak: manista.com
Aritz Erkiaga eta Unai Lekerikabeaskoa dira dagoeneko Gernikako Grand Slameko txapeldun berriak, Xabier Barandika eta Imanol Lopez Jai Alai pilotalekuan bi setetan menderatu ondoren.
Gernikako Grand Slameko finala jokatu zen astelehen eguerdian, non Erkiaga eta Lekerika (gorriz), Barandika eta Lopezen (urdinez) aurka neurtu ziren txapela eskuratzeko asmoz, Gernikako Jai Alai frontoiko harmailek itxura bikaina zutela (aurreko jardunaldietan bezala salgai jarritako 800 sarrerak agortu ziren).
Final orekatua aurreikusten zen, eta halaxe gertatu zen baina gainera sekulako partidua izan zen, amaieran zaleak zutik txaloka aritu izana eragiten duen horietakoa. Aritz Erkiaga eta Unai Lekerika, Grand Slam txapelketa osoko bikoterik sendoena izan dira eta azkenean finalean ere ez zuten hutsik egin eta Xabier Barandika zein Imanol Lopez garaituta, txapela etxera eraman zuten (15-14, 15-13).
Lehen setaren hasieran ez zen inor nagusitu, eta nahiz eta une batean Erkiagak eta Lekerikak lau tantoko tartea zabaldu zuten (8-4), berdinketak izan ziren tarte honen ezaugarri nagusiena (1-1, 4-4, 8-8, 9-9). Aurretik jartzea ere lortu zuten Barandikak eta Lopezek (9-10, 10-12, 11-13, 13-14), baina Erkiaga maisutasunez aritu zen aurreneko jokoaren azken txanpa honetan eta berak egindako tanto ederrei esker, gorriek irabazi zuten lehen seta: 15-14.
Bigarren seta ere berdindua joan zen hasieran, berdinketa askorekin baina aurrekoan ez bezala, hemen gorriek lortu zuten zuloa irekitzea (9-7, 11-8, 12-9, 13-10). Hala ere, Barandikak eta Lopezek 13 tantora berdindu zuten markagailua baina azkeneko bi tantoak gorrien alde erori ziren eta beraz partidua eta txapelketa irabaztea lortu zuten. Lekerikekarentzat bigarren garaipena izan da honakoa (2018an Goikoetxearekin batera irabazi zuen txapelketa) eta Erkiagarentzat berriz aurrenekoa.
Jaialdiko lehenengo partiduan, Iñaki Osa Goikoetxea eta Jon Zabalak nagusitasunez eskuratu zuten garaipena Jokin Arbe eta Nicolas Etxetoren aurka (15-5,15-5), 47 minutu iraun zuen lehian (234 pilotakadekin).
Abian da 4 1/2ko Eskuz banakako Emakume Master CUP txapelketa
Pasa den igandean eman zitzaion hasiera txapelketari, Larrabetzun, Santurtzin eta Zaragozan jokatutako aurrekanporaketekin
Bizkaia 2 taldeak irabazi du Euskal Herriko Bote Luzeko txapelketa
Bosgarren edizio honetako finalean, Bizkaia 1 taldeari erraz nagusituta (12-2)
Goikoetxeak eta Irastorzak irabazi dute Grand Slam txapelketa
Finalean Beaskoetxea eta Lopez bikoteari 14-15, 15-8 eta 5-3 irabazita