KIROLA ETA EUSKARA

Eneko Pou: «Neurri batean Euskal Herriaren enbaxadoreak gara munduan zehar»

by | 2020/07/31

Argazkiak: pouanaiak.com

Eneko Pouk (Gasteiz, 1974) eta bere anaia Ikerrek (Gasteiz 1977), denetik egiten dute mendian, baina arrokan eskalada librea da euren espeziliatate nagusia. Enekorekin  aritu gara hizketan.

Euren jatorriagatik galdegu diogu lehenik.

Begira, gu Pou Azkarraga gara. Azkarragatarrak oso ezagunak dira Euskal Herrian, eta Pou abizena Menorcatik datorkigu. Gure aitona hangoa zen, errepublikan militar ikasketak egiten ari zela, oso gazte, Franco altxatu zen, eta errepublikaren defentsan aritu zen. Ondoren Francok atxilotu zuen eta gerra bukatu zenean Bilbora bidali zuten desterratua, berriro soldaduska egitera. Han Gasteizkoa zen gure amama ezagutu zuen. Eta handik gatoz gu.

Kontaiguzu, nola hasi zineten eskaladan?

Gure mendiko zaletasuna gurasoengandik datorkigu. Gu ume-umetatik joan gara mendira gurasoekin. Astebururo joaten ginen mendira. Batzutan ikastolakoekin joaten ginen. Umandi ikastolan hezitutakoak gara, oraindik ikastolak laguntzarik ez zuten garaian, gurasoek poltsikotik ordaintzen zuten, eta bakoitzak ahal eta zekien moduan laguntzen zuen… Gure gurasoak mendi irterak antolatzen zituen taldean sartu ziren eta Ikastolakoekin joaten ginen igandero mendira. Beste batzutan gurasoekin bakarrik joaten ginen eta pixkat hazi ginenean geure kabuz. Uda guztiak ere Pirineotan pasatzen genituen, txiki txikitatik.

Gure aita mendizale amorratua izan da. Bera ere asko ibilia da. Nik uste Araba 8.000 espedizioaren antolaketan ere ibili zela, lan kontuagatik  joan ez bazen ere.

Munduko eskalatzailerik onenak zarete, zein da zuen ibilbidearen lorpen izarra?

Gurean ez dago ranking bat. Ez da lehia eta. Baina bai, ospe aldetik eta abar munduko onenen artean gaude. Ez dizut kontrakorik esango.

Gure ibilbidean lorpen gisa ez dizut mendi  bat esango; bo, gero igual bai. Gure lorpen nagusia dudarik gabe 10 urte baino gehiagotan profesional gisa aritu ahal izatea da. 46 urterekin eta 43 urterekin oraindik honetan aritu ahal izatea, alegia. Kontuan izan, azken 10 urtetan pasatu ditugun egoerak. Orain 10 urte krisi finantzieroa, orain hau. Ez ahaztu  gure modalitatea ez dela lehia bat, eta ez dagoela laguntzarik. Guk gure ibilbidean ez dugu hemen laguntzarik izan, ez publikoa ez pribatua.

Guk kanpoko sponsorrak topatu behar izan ditugu. Batzutan  gure webgunean eta sare sozialetan erderaz edo inglesez aritzen garela leporatu izan zaigu, baina gure esponsorrak hangoak  dira. Guk beti berdina esaten dugu: guretzak jardun komunikatibo hori lana da, eta gure lana ingelesez edo gazteleniaz da.

Gu Estatu batuarrak bagina aberatsak izango ginateke, oso aberatsak. Oso ezagunak gara mundu mailan, kirol erronka oso handiak egin ditugu mundu mailan, baina hemengoak gara eta hemen ez dago gure modalitarentzat laguntzarik. Beraz, 10 urtetan egon diren krisiak gaindituz  profesional gisa aritzea lorpen handiena dela esango nuke.

Hala ere, kirol ikuspegitik begiratuta 7 kontinentetan  7 paretarik zailenak  irekitzea da gure ikur nagusia.

Ze proiektu dituzue esku artean?

Proiektu asko genituen, baina geldi xamar daude denak pandemiaren kontua dela eta. Joan den urtekoa izan zen gure ibilbidearen urterik  oparoena. Izan ere, espedizio mordoa egin genituen. Hamar bide berri ireki genituen munduko leku esanguratsuenetan. Patagonian eta, proiektu asko genituen aurtengorako. Guk ez dugu gure jarduera kirol konpetitibo gisa ulertzen (gizartean badago nahikoa lehia). Gu beste baloreengatik mugitzen gara. Baina etxe inguruan egingo ditugu aurten. Kontuan izan gure espeziliatea ez dela lehia bat eta horma zailak etxetik gertu ere badaudela. Ez dugu zertan Himalayara joan behar arroka zailak topatzeko, Pirineotan ere badaude.

Martin Zabaletari  entzun genion oraindik orain, dagoeneko Everestera  joateak eta, alegia gailurrak egiteak, ez duela mirespen sozialik sortzen, zuen jardunak duela prestigio handiena egun eta hortik joango dela ere etorkizunean.

Martin Zabaletarekin harreman oso ona dugu, sarri egoten gara elkarrekin. Ibilbide itzela egin du berak. Elkarrenganako mirespen handia dugu. Seguruenik esan nahi zuen, Everesteko espedizioak zirkuak bihurtu direla hein handi batean. Irizpide oso zorrotzak ditu Martinek, eta filosofia oso bat mendiarekiko. Burua oso irekia du eta esango nuke mendi kontutako erronketara egokitzen jakin duela. Oraindik 70 urterekin eskalatzen aritzen da, aldatu egin du, espedizio eredua ere, orain dela gutxi Patagonian egon zen. Garaian garaikora egokitu da.

Guk hedabide guztiekin harremana dugu. Eta haiek eskatuta behin elkarrizketa bat eskatu nion, ‘El Correo’rako. «El Correo Españollll?» Eta pikutara bidali ninduen.

Gaur egun gailur bat egitea gizakiak dituen bitarteko guztiekin. Hein batean zirkuak bihurtzen dira. Martinek  hori azpimarratuko nahi zuen seguru. Oso argia eta zuzena da.

Euskal Herria Kirola, Euskal selekzioen alde aritzeko elkarte bat da. Euskal Kirolarien nazioartekotasuna  sustatu nahi dugu, eta euskal kirolarien bidez Euskal Herria nazioartean ezagutaraztea. Ze ekarpen egiten diozue zuek Euskal Herriari eta zer eskatzen diozue Euskal Herriari zuen jarduna laguntzeko?

Galdera onak biak. Gu hemengoak gara, euskaldunak. Eta jendeak badaki, gurekin aritzen denak badaki euskaldunak garela, herri txiki batekoak garela. Oso ezagunak gara munduan zehar eta jendeak badaki gu hemengoak garela, jendea ohartzen da. Neurri batean enbaxadoreak gara eta nahiko onak nire ustez. Ez duzu imaginatzen gainera munduan zehar euskal mendizaleak duten ospe ona, batez ere Estatu Batuetan.

Eskatze aldetik, hemen badaude laguntzak errendimendu handiko kirolarientzat eta. Baina gurea jainkoen olinpoan dago. Izan ere, ez gara lehiatzen, beste modalitate bat da hau, eta horren karira, inorrena ez den esparruan geratzen gara. Beste logika eta baloreekin ibiltzen gara eta harro gaude.

Bukatzen joateko bitxikeria batzuk. Lagun baten semea eskalatzailea da eta kontatu zidan, behin nortasun agiria ateratzera joan eta hatzen aztarnak ez zirela agertzen eta arazoak izan zituela.

Bai, bai, guk ere arazoak izan ditugu horrekin, lehenengo aldiz San Frantziskon. Polizia migratorioak ez zigun pasatzen uzten, ez zirelako gure hatsen aztarnak identifikatzen. Kriston arazoak izan genituen eta  ozta-ozta utzi ziguten. Pakistaneko hiru zigilurekin gentozen eta.

Seguru ibilbide luze honetan egoera eta bizipen larriak eta goxoak pasa dituzuela . Konta iezadazu  bakoitzatik bana.

Esperientzia larrienetakoa kontatzen hasita, gure ibilbidearen ikonikoena izan den 7 pareta 7 kontinente proiektuan gertatutako bat kontatuko dizut. Munduari buelta eman genion pareta zailenak eskalatzen. Azken zatian, Antartidan gertatuta… Aurrenekoz ginen han, proiektu handi baten barruan pareta berri eta zail bat irekitzen. 2007a zen. Ordura arte munduko pareta zailenak eginak  genituen, baina pareta berriak ez. Hortik aurrera  bide berri bat jorratzen hasten gara. Bide berri bat ireki genuen eta euskaraz jarri genion gainera izena: ‘Azken paradisua’. Hori mugarri bat izan zen. Ondoren egindakoak hori dute erreferentzia. Antartidan zen, 2007an. Nahiko ondo igo genuen. Gogorra izan zen, abenduaren 24an abiatu eta 25ean iritsi ginen. 24 ordu jarraian, Antartidan, 30 gradu azpitik. Askotan eskularrurik gabe baina ondo joan zen. Gogorra baino ondo. Baina jaisterakoan oso zaila zen rapelatzeko guneak ondo uztea. 7 helduleku genituen, baina arroka apurtua zegoen. Horietatik 6 helduleku atera egin ziren eta bakarra zegoen erabilgarri. 30º gradu azpitik egingo zuen baina izerditan geunden. Izan ere 600 metrotako zuloa zegoen azpian eta gu iltze bati helduak.

Eta oroimen polita?

Zer esango dizut. Momentu bat baino sentipen bat kontatuko  dizut. Guk gure bizitzan mendia kirol erronka baino gauza askoz gehiago gisa sentitu dugu. Bizimodu  bat. Agian klitxe bat da, baina egia da. Ni hainbeste urtetan munduan zehar egindako hainbeste lagunekin gelditzen naiz oroimen goxo gisa. Gure etxea, gurasoena ere, askotan zentro zibikoa zirudien. Han mundu guztiko lagunak egon ohi dira: alemanak, japoniarrak…mundu guztikoak. Eta kanpora atera garenean ere leku guztietan etxe bat izan dugu.

KIROLA ETA EUSKARA

Share This